Josu Aztiria eta Gorka Erostarbe

Josu Aztiria

Alproja maitea, gogoratzen al zara Kafe Antzokiaren gaiarekin ibili ginen garaiaz? Ojan, Ritxi eta hirurok jardun genuen batez ere eta inork sasoi hartan esaten (eta idazten) genituenak irakurri nahi baditu, badu nora jo: http://blogak.eus/kulturerrota.

Euskararen arnasgune fisiko izateko eta euskarazko kultura-eskaintza biziberritzeko espazio bezala sortu ziren Kafe Antzokiak, eta orduan ilusio handiz ekin genion proiektuari beste herritako ereduak Zumarraga eta Urretxura ekarri asmoz. Bilera eta bisita asko egin genituen, alderdi politikoen konpromiso batzuk lotu genituen eta kokapen zehatzak mahai gaineratu (Kalebarrenen, esaterako), baina azkenean ez zen atera. Zumarragan Zelai Arizti kultur etxearen proiektua martxan zegoen jada (bertan kokatzen ere saiatu ginen), herritarren bulkada ez zen apartekoa (edo ez ginen ilusionatzeko gai izan) eta bideragarritasunarekin zeuden zalantzekin (krisialdia sumatzen hasi zen) proiektua hozkailuan sartzea erabaki genuen.

Distantziatik begiratuta, asmoz eta jakitez jokatu genuen, baina beste herrietako ereduak ekartzen ez genuen asmatu. Batzuetan tematzen gara proiektu handia sortzen eta pentsatzen, baina nago txikitik eta pertsonen igurtzitik sortzen direla askotan proiektu interesgarrienak. Gurean badira kimu berriak (Kalegorrian, Zarraparraz…) eta (elkar)zaintzen asmatzen badugu (bertan ari garenok , martxan daudenAztiria-erostarbe Gaztelekua bezalako proiektuekin eta udalekin) gauza interesgarriak aterako dira. Ametsen fabrika martxan berriz.

Gorka Erostarbe

Josu, auzokide despistatu maitea; Udaberriko egitarauari erreparatzea baino ez dago gure zumarraga-urretxuotan kultur nahiz gizarte ekimenen eltzea sutan dagoela jabetzeko. Su txikia izan liteke, baina herritarrek, kultur nahiz auzo kolektiboek piztutako su txikia. Su txiki horrek asko berotzen du. Zeuk aipatuez gain (ez gaude kexatzeko musikaren esparruari dagokionean: Biba Gaztetxea eta Kkinzona!, Biba Zarraparraz!, Biba Mutamu!, Biba Kalegoarrian!…), gogora datorkit Bertso Eskolaren gidaritzapeko Martxoan Bertsoa ekimen eder popularra (15 urte!!), Irrintzi dantza taldearen 50. urtemugako egitarau oparoa eta azken urteetan landutako bide berri interesgarria (besteak beste, genero ikuspegitik egindako lanketa eta aurrerabidea), edota Eitzako Jai Batzordeak ikuspegi auzotarrez egiten duen lan andana… Badira gehiago ere jakina.

Mugimendua nabari da kultur zein gizarte esparruetan urretxu-zumarragotan, eta bai poztekoa ere! Ez duzu arrazoi faltarik; sarri handirako ordagoek itsutzen gaituzte, eta ideiak teilatuetatik abiatzeko joera ere izaten dugu; baina ez dezagun geure bururik lar egur ametsak izatearren. Modu atomizatuan bada ere, bada mugimendua. Baina, agian, hurrengo urratsak izan behar luke mugimendu horien arteko harreman sarea jostea, nork bere nortasuna eta autonomia galdu gabe ikuspegi orokor bat lantzea. Elkarri babesa emanez, errazagoa izan baitaiteke herriotako gizarte nahiz kultura jarduera kooperatibo, (auto)kritiko eta autoaskia garatzea. Adibidez: bi herriotako musika talde eta sortzaileak urte askoan aritu dira lokal esparru txukun eta duin bat eskatuz. Talde, kolektibo eta norbanako horiek aurrez elkartu izan bagina, ez al genuke indar gehiago azalduko, eta emaitza lehenago erdietsiko, oraintsu artean entzungor samar jokatu duten bi udalen aurrean? Merezi duelakoan nago…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>