Montero nagusi Lazkaon

Luciano_Montero copiaGoierriko txirrindulari lasterketa beteranenetako bat, Lazkaoko proba, jokatuko dute igande honetan. Aurrenekoa 1929. urtean egin zuten eta aurten 74. edizioa beteko du. Goierritar ugarik irabazi zuten lasterketa hura aurreneko urteetan, baina eskualde mailan sona berezia izan zuten Luciano Montero ordiziarrak 1951 eta 1954. urteetan irabazitakoek.

Montero Le Bucau (Frantzia) herrian jaio zen 1930ean, baina umetan etorri zen Ordiziara bizitzera. Familiatik zekarren txirrindularitzarako afizioa, Ricardo aita eta Luciano osaba ere txirrindulari ezagunak izan baitziren 1920ko eta 30eko hamarkadetan. Ricardo aitak Ciclos Montero denda eta tailer ezaguna zabaldu zuen Ordizian. Gerora, Luciano semeak hartuko zuen dendaren ardura.

Luciano Montero 40ko hamarkadaren bukaeran hasi zen bizikletan, eta 1950ean, afizionatu mailako Espainiako Txapelketa irabazi zuen Gipuzkoako taldearekin. Hurrengo urtean, profesionaletarako jauzia egin eta hamar urteko ibilbidea egin zuen. 12 garaipen lortu zituen 1951 eta 1961 urteen artean. Lazkaoko probaz gain, Beasaingo Loinatz proba eta Zaldibiako eta Ataungo lasterketak  ere irabazi zituen. Goierritik kanpo berriz, Bicicleta Eibarresako etapa bat (1953an), Oñatiko proba, Lizarrakoa, Biarrizkoa, San Salvador del Valle sari nagusia, Frantziako Criteriuma eta Capbreton-Hossegor probako etapa bat ere irabazi zituen. 1958an, Espainiako Vueltan parte hatu zuen Boxing-Kas taldearekin, baina aurreneko etapan, Elgetako portuan behera zihoala, erori, lepauztaia hautsi eta utzi egin behar izan zuen lasterketa.

Bere ibilbide profesionalean  hainbat taldetan aritu zen Montero, tartean Peugeot, Indautxu, Kas Boxing Club, Boxing Ciclo Club edota Garsa taldeetan. Behin txirrindularitza profesiona utzita, aitak Ordizian zabaldutako Ciclos Montero dendan jarraitu zuen lanean, erretiratu zen arte. Luciano Montero 2012an hil zen Ordizian, 82 urte zituela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>