«Herrian skatean dabilen gero eta gazte jende gehiago dago»

Jesus_Mari_Prado__skatelarJesus Mari Prado (Zumarraga, 1997) haurra zela hasi zen skatean. Urteetan gogoko kirola praktikatu ahal izateko leku egoki bat eskatzen ibili eta gero, Zumarragako skate parkea errealitate bat da pasa den otsailaz geroztik. Parkea ofizialki inauguratzeko ekitaldia zuten biharko prestatuta, baina iragarrita dagoen eguraldi txarra dela eta bertan behera gelditu da. Pradok aurreratu duenez, ekainaren 17an izango da.

Haurra zinela hasi zinen patinatzen orduan.
Bai. Nire osaba bat skatearekin aritzen zen eta hark irakatsi zidan oinarrizkoena. Gero, nire kabuz joan naiz probatzen eta ikasten. Skatean ondo aritzeko ordu asko sartu behar dira eta kolpe ugari hartu ere bai.

Non praktikatu duzu orain arte?
Urretxun badago orain urte asko U itxurako egitura bat, igerilekuaren ondoan, baina gaizki eginda dago eta ez da egokia patinatzeko. Herriko azpiegiturak aprobetxatu ditugu orain arte, eskilarak, bankuak, koskak, aldapak… Hernanira eta Donostiara ere joan izan gara tarteka, han skate parkeak aspalditik baitaude. Ordizian ere izan gara, orain 6 edo 7 urte egin zuten han parke bat.

Otsailaz geroztik Zumarragan ere baduzue skate parkea, Oiaun auzoan.
Bai. Urteak eman ditugu herriko hainbat gaztek mota honetako parke bat eskatzen. Orain 11 urte sinadura bilketa bat ere egin zen. Saiakerak beti egon dira, baina orain arte beti ezerezean gelditu dira. Nik abenduan jakin nuen Zumarragako Udalak skate parkea egiteko asmoa zuela. Alkatearekin ere bildu nintzen, beste gazte batzuekin batera. Egin duten skate parkea oso oinarrizkoa da, baina nahikoa da hasteko.

Gazte askok erabiltzen al dute parkea?
Skate parkea ireki zenetik oso nabaria da gazteen joan etorria Oiaun inguruan. Egunero 15-20 bat gazte ibiltzen gara. Dena ez da futbola edo saskibaloia, herrian skatean dabilen gero eta gazte gehiago dago. Nik neuk, gaztetxo askori irakasten diet dakidana.

Zer diozu skate parkeaz?
Aipatu bezala oinarrizkoa da, baina ondo dago. Kokapena dena den, ez da egokiena, gurpildun aulkian dabiltzan pare bat gazte etortzen dira praktikatzera eta errepidean barrena egin behar izaten dute bertara iristeko bidearen zati bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>