Umetokiak alokairuan

Antxiñe MendizabalProletario hitza marxismoarekin batera zabaldu bazen ere, hitza latinetik dator. Proletario esaten zitzaien ondasunik ez zuten hiritarren artean xumeenei, inperioak hiritartasuna aitor ziezaieten, beren semeak armadara bidaltzea beste baliabiderik ez zutenei.

Beren umetokia alokairuan jartzen duten emakumeek erromatar proletario haien antz handia dute; umeak egitea beste erremediorik ez dute, baldin eta gizartetik at geratu nahi ez badute. Eta gizarteak jakin du halako jardunari justifikaziorik topatzen: gizaki guztiok omen daukagu umeak izateko eskubidea. Eskerrak! Momentuz, behintzat, ez Konstituzioan ez Autonomia Estatutuan ez dago araua jasoa!

Nik, ordea, ezin dut ahaztu, gurean orain dela laurogei urte, eta baita gutxiago ere, emakumeentzat haurrak izatea eskubidea baino gehiago obligazioa zela. Ezin ditut ahaztu haurdunaldi bat bestearen atzetik, aldiro, beren bizitza zein haurrarena heriotza arriskuan jartzen zuten emakume haiek, zenbat ume munduratu erabaki ezin zuten emakume errukarri haiek. Orain ere, orduan bezala, emakumeon umetokiak gu-reak ez diren beste interes batzuen mesedetan erabiltzen direla iruditzen zait.

Espainian zein Frantzian ordezko haurdunaldia legez galarazita dago. Bitxia egin zait ordea, Portugalen ezarri duten araua. Bertan, ordezko haurdunaldia umetokirik ez dutelako, edota umetokian gaixotasunen bat pairatzen dutelako, haurdun gelditu ezin duten emakumeei onartzen zaie bakarrik. Gainera, debekatuta dago haurdunaldiaren ordainetan inolako diru-saririk egitea, bi alderdien artean menpekotasun ekonomikorik sor ez dadin.

Gurean ere, badaude horrelako irtenbideak proposatzen dituzten ahotsak, hain justu, umetokiak alokatzea maitasun, elkartasun eta eskuzabaltasun egintza bat dela diotenak, umetokia alokatzea beste edozein organo ematearekin parekatuz.

Ez dago esan beharrik organoak emateak bizitzak salbatzen dituela, eta gainera, doan egiten dela (aipatu gabe geratzen dira herrialde txiro askotan herri aberatsetako hiritarren bizitzak salbatzeko egiten diren bahiketak eta hilketak); umetokian, berriz, umeak hazten dira, mundu honetara ekarriko ditugun gizaki kontzientziadunak. Bitxia da: emakumeok munduratzen ditugun umeak beti balio izan dute mundua salbatzeko, lehen gerrara bidaliz, orain berriz, hurkoari maitasuna eta zoriontasuna emanez.

Baten batek legez edo legez kanpo umetokiak nola alokatu daitezkeen jakin nahi badu, Interneten aukera zabala dago eta ez da informaziorik falta. Legez kanpo aritzen diren emakumeen mezuak bezain gordinak iruditu zaizkit beren zerbitzuak eskaintzen dituzten negozio-etxeak. Ondorengo honek bereziki eragin dit zirrara: «… parekorik ez duen bermea eskaintzen dizuegu: helburua lortzen ez badugu, dirua itzultzen dizuegu».

Teknologiak gure desiorik ezagutezinenak asebete ditzakeenetik, gizakiok gizatasuna galtzen ari garela esango nuke, eta batez ere desio horiek guztiak betetzeko eskubidea dugula sinetsita gaudenetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>