Beti-betiko drogeria bat

Lau_Bide_drogeriaLegazpiko Lau Bide auzoko izen bereko drogeria 1975ean ireki zuten. Orduko estetikari eutsi dio, galzorian dauden denda horietako baten itxura dauka, baina bizi-bizirik dago. Davide D´Urso bertako ugazaba da orain zazpi urtetik.

Lau Bide drogeriara sartzean usaimena da erne jartzen den lehenengo zentzua. Hamaika lurrinen aromak nahasten dira, garai bateko drogeriatan gertatzen zen bezala. Sabaitik zintzilik daude alfonbra txikiak eta kirten luzeetako mopak. Badirudi denda barruan ez dela lasto txiki bat ere sartzen. Alabaina, nahas-mahasik ez dago; den-dena dago dagokion tokian.

Mostradorearen beste aldean ez dago espero daitekeen pertsona moldea. Ugazaba gizonezkoa da, denda 1975ean ireki zuen pertsona ere gizonezkoa zen. Hain zuzen, Davide D’ Ursoren aitaginarrebak sortu zuen denda eta D’ Ursok lekukoa hartu zion 2010ean. Egungo ugazabak 42 urte ditu eta Erroman jaiotakoa da, nahiz eta bere bizitzaren zati handiena Ingalaterran egin duen Legazpira iritsi aurretik. Ile luzea motots batean lotuta dauka eta gaztelaniaz hitz egiten du italierazko hitzak nahiz azentua nahastuta.

D’ Ursok kontatu du aldaketa batzuk egin dituela dendan, baina haren esentzia gordetzen saiatu dela. «Lehen sintasolak eta paretak papereztatzeko paperak saltzen ziren. Orain produktu horiek ez dira horrenbeste saltzen eta kendu nituen». Makillajea, lurrinak, garbiketak egiteko produktuak, osagarriak, nezeserrak, kremak, apaingarriak, lorategi zaintzekoak… Kolonia ura  ontziratu gabe saltzen du garai batean egiten zen bezala.

«Adineko andreak dira, zalantzarik gabe, bezero onenak eta fidelenak», dio D’ Ursok, «edonola ere, galzorian dagoen negozioa da, ez dakit gure haurrek jarraitzeko aukera izango duten, egia esan, nork daki». D’ Urso kontatzen ari den bitartean bi gizonezko sartu dira dendan, batek zoruak garbitzeko xaboia eskatu dio eta hitz batzuk trukatu dituzte; ataria garbitzea egokitu zaio eta xaboiaren faktura behar du. Besteak bainurako jela nahi du. Aurretik emakume bat sartu da lixiba erostera eta ondoren beste batek landareentzako lurra nahi du. Beste andrazko batek zuzenean eskatu dio nahi duen produktuaren marka aipatuta, D’ Ursok aurretik saldu zion eta oso-oso ona dela esan dio emakumeak. Egiten duen hotzaren gainean bi hitz esan dituzte; auzotarrak kexu direla dio emakumezkoak, «baratzeetako patatak galdu dituztelako».

D’ Ursok auzotarren elkartasuna laudatu du, «supermerkatuan produktua pixka bat merkeagoa aurkitu dezaketela  badakite, baina hona datoz erostera eta gu oso eskertuta gaude».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>