Irrati uhin libreak

KKinZona_irrati_librea

KKinZona irratiak 10 urte bete berri ditu. Honezkero 24 orduz emititzen dute FMn. Urte hauetan guztietan hazi egin dira emisioari dagokionez eta irratigintzan hezi ere. Arrosa Sarea irrati libreen sarearekin egiten duten trukeari esker, produkzio propioari Arrosan sortzen diren irratsaioak gehitu dizkiete eta 24 orduz bete dute Goierri garaiko irrati librearen uhinen parrilla.

Irratiaren sorreran KKinZona proiektu komunikatiboa dago. 2004an fanzine bat sortu zuten. Aritz Ormazabalen hitzetan, «beti izan gara ipurterreak eta geldi ezin garenez egon, gure joera horretatik jaiotako proiektu komunikatiboa da». Irakurzaleak, diseinuaren, muntaiaren eta kazetaritzaren esparruetan jarduten den jende taldea zegoen atzean. Guztiek arlo politikoan, gizarte kritikan zein kulturaren eremuan zer edo zer adierazteko grina zuten.

Aurretik, halere, Urretxun irrati bat sortzeko deialdi bat egin zuen norbaitek. Ormazabalek badaki bilera hartara joan zela, ezin da gogoratu nork deitu zuen ezta norekin joan zen ere. Ordurako irratigintzaren harra, ordea, barruan zuten.

Paperezko fanzinea egiten ari zirela, musikazaleak izanik, beste urrats bat emateko beharra sentitu zuten eta hala uztartu ziren esateko gogoa, egiteko gogoa eta irratigintza zaletasuna. Hasteko ideia bat eta errenkadan galdera ugari: nondik hasi, nola egin, baliabide teknikoak nondik atera.

Hesiak ez ziren, halere, oztopo izan. «Zarauzko Arraio irratiko lagun bat etorri zen eta Internetez emititzeko moduko irratia martxan jartzeko muntaia egin zuen. Linux sistema operatiboa lehenengoz ezagutu genuen haren bitartez! Mikrofonoak guk jarri genituen eta berak ordenagailua. Halaxe hasi ginen».

Internetez emititzen hasi ziren lokal batean. Tokia ez zegoen ongi prestatuta eta barrura sartzeko ere traba ugari zituzten. Musika irratsaioak, filosofia saio bat, Gu ta gutarrak magazina –Gorka Santestebanek hamar urtez gidatu zuena– eta beste saioren bat zuten. Gainontzekoa musikarekin betetzen zuten.

Hurrengo jauzi batean Urretxuko Udalari lokal bat eskatzea izan zen eta udalak Gaztetxe pareko lokala utzi zien. Lekua egokitzeko lanei ekin zieten. Irrati inguruko jendeaz gain, beste lagun askok esku bat bota zieten KKinZona irratiaren egoitza eraikitzeko. Egun egoitzak hezetasun arazoak eta beste ditu, baina irrati estudio bat da bete-betean.

Ormazabalek aurrerapausoa izan zela dio, «Gaztetxe ondoan egoteak erraztasunak eman zizkigun. Jende gehiago animatu zen irratsaioak egitera eta egoitza berrian, gainera, hasieratik hasi ginen FMn emititzen».

Irrati librearen filosofia

KKinzona_EgunaKKinZona irrati libre bat da. Hierarkiarik gabe, antolaketa asanblearioa da. Hileko lehenengo astelehenetan elkartzen dira. Irratsaio bat egin nahi duen edonorentzat tokia dago bertan. Euskaraz emititzen dute gehienbat eta euskaraz aritzeko bokazioa dute, baina erdal hizkuntzei ez zaie aterik ixten. Ormazabal: «Irrati libre bat da nahi duzuna esateko. Errespetu mugak dira dauden bakarrak; ez dugu adierazpen xenofobo, homofobo eta sexistarik onartzen». Iñigo Ramosek gehitu du, «beste toki batzuetan entzuten ez dituzunak hemen entzun ditzakezu, ohiko komunikabideen lerrotik ateratzen gara. Kontrakomunikazioa eta kontrakultura, beste mezu batzuei tokia egitea, alegia». Irrati librea da eta ekonomikoki burujabea da. Bazkideak dituzte eta haien kuotak jasotzen dituzte. Aitzitik, kuota horiek gabe ere burujabeak dira festetan jarri izan dituzten txosnei eta abarrei esker; «horregatik diru bilketaren gaia ez dugu inoiz serioegi hartu». KKinZona irratia librea da; audientzien morrontzatik ere libre bizi da.

Urretxuko eta Zumarragako eskoletatik joaten zaizkie haurrak irrati bat zer den ikustea. Gazte batzuk ere hasi dira irratiaren atea jotzen eta beste batzuk saioak egiteko ideiak biltzen. «Gure erronketako bat ezagutzera ematea da, kanpoan entzuten gaituzte eta gure herrietan oraindik badago irrati hau existitzen denik ez dakitenak», dio Ormazabalek.

‘Habana eta punto’

Musika, bertsolaritza, gaurkotasunak, trikitia, filosofia, drogen kontsumoaren gaineko informazioa, magazinak edota konspirazioaren teoriak dira, besteak beste, KKinZona irratiak gaur-gaurkoz ekoizten dituen saioetako hizpideak.

Ramosek eta Ormazabalek emozio bereziarekin hitz egin dute Antxoen bertsoa irratsaioaren barruko Habana eta punto sekzioarekin gertatzen ari denari buruz. Saioa Ramosek eta Manex Mantxolak egiten dute, Habana eta punton puntu bat botatzen dute ea nork erantzun. Puntuz puntu kate bat sortu dute dagoeneko. Hasieran Urretxu eta Zumarraga bertakoek erantzun zieten puntuei. Orain, bertako mugak gainditu eta puntuen erantzunak Leitzatik (Nafarroa) ere iritsi zaizkie.

Orain gutxi Goierri garaian zabaldu dira KKinZonaren uhinak. Legazpi, Ezkio eta Gabirian entzun daiteke jada. Noraino iritsiko dira? Orain artekoa ikusita, eurek eta batzen zaien jendeak nahi duen tokiraino.

Irrati librearen lehen ahotsa, Aljeriako iraultzan

Aljeriako Independentzia gerran (1954-1962) Aljeriako Ahots Libreak jokatutako rola nabarmendu zuen Franz Fanonek Kolonialismoa hilzorian (1959) liburuan. Aljeriako Ahots Librea 1955ean sortu zuten. Ordura arte, komunikabideek metropoli frantsesaren mezuak zabaltzen zituzten. Inguruko herrialde arabiarretatik aljeriarrek iraultzaren berri eman zieten aljeriarrei irratiz.  «Irratiak iraultzarekin komunikatu zituen aljeriarrak», idatzi zuen Franz Fanonek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>