Ustel usaina

NEKANE GONZALEZBehinola film batean ikusi zuen Karlak, eta bere buruari zin egin zion noizbait berak ere gauza bera egingo zuela. Txundituta geratu zen mutil batek maitasun gutun bat idatzi, botila batean sartu, eta itsasora nola botatzen zuen ikusita; eta are gehiago, ekaitz eta olatu artean ozeanoak zeharkatu, eta munduaren beste puntara iristean, neska batek idatzitakoa begi distiratsuz irakurri zuenean.

Nerabezaroaren ametsetan igeri zebilenean, pausoa ematea erabaki zuen Karlak. Papera hartu, eta zeruari so geratu zen, higiezin. Ez zekien zehazki zer idatzi, baina konturatzerako, eskua dantzan zeukan, eta zirkinik egin gabe igaro zuen hurrengo ordubetea, jo eta su. Bere esku zuri leunekin papera botilan sartu, ondo itxi, eta itsasora jaurti zuen, ingurumariko labar baten goiko aldetik.

Esku ez oso handi eta zikin batzuek jaso zuten botila. Hitz totelka eta bere kolkorako irakurri zituen nazioarteko hizkuntzan idatzita zeuden hitzak. «Munduko herritar ezezagun hori, ez dakit nor zaren, ez eta non zauden ere, baina elkar ezagutzea nahi nuke. Iaz, duela bi edo hiru urte izan balitz, esango nizuke hitzordua jar genezakeela oporraldietako gure 5 izarreko hotelean, baina aurten, aitaren enpresan gorabehera batzuk izan dira, eta ezingo omen gara hara joan. Beraz, ez dakit non elkar gaitezkeen. Nire sakelako telefonoaren zenbakia emango nizuke, deitu nahiko bazenit, baina amak konfiskatu egin dit, lagun bati telefono bidezko jazarpena egin diotela-eta kirioak dantzan dabilelako emakumea. Tira… nire osabak ere bere onetik ateratzen du. Nire osaba mundiala da, eta oso ondo pasatzen dut harekin. Etxeko lanak egiten laguntzen dit beti, gurasoak oso lanpetuta egon ohi direlako. Eta harekin joaten naiz zinemara, igerilekura, zoora… beharrezko sosak gurasoek jarrita, hori bai! Niri primerakoa iruditzen zait, baina aitak ‘proletario zikin’ deitzen dio. Berak jakingo du zergatik! Ospakizun berezi guztietan liskarra izaten dugu. Aitak jende bat defendatzen du, eta osabak esaten dio lapur nazkante batzuk baino ez direla horiek, eskuluzeak, muturluzeak, begiluzeak… egin dituzten ekintza txarren zerrenda adina luze. Eta egindakoak eginda ere, beti zigorgabe. Aitak, gorbata bere tokian jartzeko ahaleginetan, bakean uzteko esaten dio, eta segitzeko bere tankerakoekin etxe okupaturen batera, naturarekin eta munduarekin bakean bizitzera. Orduan, osabak argindar enpresaren auzia jartzen du mahai gainean, ‘zuk debalde izango duzu, ezta, koinatutxo?’ esanez. Lepoko zainak irten beharrean, erdi more, bi-biak. Aitak dio ez egiteko kasu osabaren esanei, beste mundu batean bizi dela. Eta osabak, atzetik, nahi bai bestelako mundu batean bizi, gurean ustel usaina omen daukagu-eta. Beraz, pentsatu dut nahiago dudala zu zauden tokira joan, eta hango parajeak eta jendea ezagutu. Seguru nago-eta hemen baino lasaiago bizi zaretela. Muxu bat. Karla».

Siria kostaldeko Latakia herriko mutiko bat zen hartzailea. Bere inguru ketuari begiratu, eta hatz zikinarekin masailean behera arrastoa uzten zuela, ahopeka esan zuen: «Hemen ere ustel usaina dugu, ba, lagun… baina desberdina».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>