«Autobus egile gisa dugun marka indartzea lortu dugu urte gutxian»

Irizar-2

Autobusak eta autokarrak bereizten erakutsiz –hiri barru-koak lehenak eta distantzia ertain eta luzeak egitekoak bigarrenak– eta kooperatiba baten organigrama azalduz hasi du Gorka Herranz Landa (Legazpi, 1969) Irizar talde osoko lehendakariak GoiBerri-ri Ormaiztegiko lantegian eskainitako elkarrizketa. Enpresa zientzietan lizentziatua, 1996an hasi zen lanean Irizarren eta lehendakaria ez ezik, zuzendari finantzarioa ere bada. Autobus egileak datozen urteetarako dituen erronkak argitu ditu, besteak beste.

Autobus eta autokarren alorrean liderrak zaretela diozue.
Europa mailan hiru lehenengoen artean gaude. Orain dela sei urte karrozeroak ginen eta orduan zenbait merkatutan geunden, erreferentzia bat ginen. Orain  karrozeriak, autobus integralak, elektrikoak, hibri-doak… egiten ditugu, eta erreferentzia izaten jarraitzen dugu.

Nazioarte mailan kokatuta zaudete. Non dituzue plantak?
Marokon, Brasilen, Mexikon eta Hego Afrikan ditugu fabrikazio plantak, baina 100 bat herrialdetan ditugu kokatuta gure autobusak. Merkatuak sendotzen ari gara, baita merkatu berriak irekitzen ere. Horietako bat Estatu Batuetakoa da. Autobus integralarekin ari gara han; aurten 50-60 bat saltzea espero dugu. Merkatu berri batean sartzea ez da autobusak saltzea bakarrik, behar dituen azpiegitura guztiak ere jarri behar dira, zerbitzuak eskaini eta abar, eta hori guztia lan ikaragarria da.

Baina enpresaren egoitzak Ormaiztegin jarraitzen du.
Bai, hemen dago burua, eta hemendik bideratzen dugu guztia. Hemen dago I+G kudeatzen duen saila, hemen diseinatzen dira autobus guztiak, ideiak eta estrategiak ere hemen sortu eta markatzen dira. Zuzendaritza ere Ormaiztegin dago.

Gutxi dira erabaki gunea herri txiki batean mantentzen duten enpresak.
Bai, baina Irizarren apustua hemen jarraitzea izan da, eta Adunan beste lantegi bat irekitzea ere ildo horretatik doa.

Horixe izan da Irizar 2017ko Gipuzkoako enpresa izendatzeko arrazoietako bat. Gustura hartuko zenuten Gipuzkoako Ganbararen saria.
Bai, harro sentitzekoa da. Guk lan egin eta gure beharrei erantzuna eman besterik ez dugu egiten, eta horrelako erakunde batek horregatik saria ematea oso garrantzitsua da, are gehiago bere 25. urteurrenean de-nean. Duela 20 bat urte beste sari bat ere eman ziguten, baina orduan nazioartekotzeagatik egin ziguten aitortza. Orain enpresa bezala saritu gaituzte.

Sari hori Irizarren urte onenetan iritsi da. Zein izan da egoera on horren giltzarria?
Atzera egin behar da. Duela 25 bat urte Irizarrek autobusak saltzera Europara irtetzea erabaki zuen, eta kanpoko komertzial taldeak lan handia egin zuen zeregin hartan. Bigarren fase batean dibertsifikazio geografiko batean sartu ginen eta lantegiak Europatik kanpo irekitzea erabaki zen, herri garatuetan, haiek plataforma gisa erabiltzeko inguruko herrialdetako merkatuetara iristeko. Marokoko lantegia ireki zen lehenengo 1997an, Brasilgoa 1998an eta 1999an Mexikokoa. Beste fase batean, 2004an, Hegoafrikara joan ginen.

Krisia etorri zen handik gutxira.
Bai, eta guri ere eragin zigun. Horren ondorioz azken 8 urteetan Irizar asko transformatu da. 2009. urtea gogorra izan zen krisiarengatik, eta gure konpetentzia ziren zenbait enpresek arazoak izan zituzten bitartean, guri gure finantza baliabideen kudeaketa politikak aukera eman zigun pauso inportante batzuk emateko. Sektore dibertsifikazioa, adibidez: 2009an energiaren sektorean sartu ginen eta Jema gure taldean inkorporatu zen; gero Datic, Alconza… eta beste enpresa batzuk etorri ziren, sektore desberdinetakoak; sinergiak elkartu eta denok batera aurrera egin ahal izan dugu.
Baina azkenean pauso inportanteena produktu berriak sortzea izan da: produktu sendoagoak, fidagarriagoak, diseinu aldetik erakargarriagoak… Autobus integrala edo Irizar autobus osoa egiten hasi ginen, Europara eta Europatik kanpora saltzeko. Sare hori osatzeko inbertsio handiak egin ziren.
Teknologiari ere bultzada handia eman genion eta Creatio sortu genuen, Irizarren buru teknologikoa.
Taldea sendotzea lortu dugu, autobus egile gisa dugun marka indartzea lortu dugu. Krisialdiak gauzak aldatzea eskatu digu, bai, baina erabaki estrategikoak momentu egokietan hartuta, aurrera egin dugu.

Azken urteotako emaitza ekonomikoak dira horren lekuko.
2016. urtea oso ona izan da, eta badirudi 2017an ere berdin joango dela, hazkundearekin.
Langile dezente inkorporatu ditugu azken urteetan, eta lehen zeudenak eta gero etorri direnak lortu dute gaur egun Irizar dena.

Pertsonak aipatu dituzu, langileak. Zenbat dituzue orain?
Ormaiztegin 830bat lagunek  egiten dugu lan. Gipuzkoa osoan 1.000 bat gara, Euskal Herrian 1.200, Espainian 1.800 eta beste 1.200 atzerrian daude. Langile onak osatzen dugu taldea, eta hori aurrera egiteko ezinbestekoak da.

Puntu honetan kooperatibismoa aipatu behar da. 1963an Irizarrek kooperatibaren aldeko apustua egin zuen.
Burua bakarrik da kooperatiba. Argi dago oso inportantea dela barneratzea denon artean egin behar dugula lan, eta egiten ditugun gauzez harro egon behar dugula. 2009a urte gogorra izan zen, eta denon artean erabaki genuen aurrera egin behar genuela eta bidean utzi behar zena bidean utzi behar zela. Denok batera, guztiek lagunduta eta bultzatuta, askoz ere errazago eraman dugu krisialdia.
Harro sentitzen naiz, lehendakari bezala 10 urte eman ondoren, denon artean lortu ditugun emaitzetaz.

Irizar-3 copia«Ormaiztegin dago Irizarren burua eta hemendik bideratzen dugu guztia»

«2016. urtea oso ona izan da, eta badirudi 2017a ere hazkundearekin joango dela»

«Adunan autobus  elektrikoak egingo dira; 50 langile ari dira lanean duela bi hilabetetik»

Lantegia propioa sentitzeak lagunduko du, dudarik gabe.
Bai. Argi dago. Komunikazio aldetik saiatzen gara ahal den guztia guztiei helarazten; pentsamendu estrategikoak definitzen eta lantzen jende pila batek lan egiten dugu, eta hori guztia denoi jakinarazten zaie. Azkenean, edozein estrategia aurrera eramatea errazagoa da denok elkar hartuta.

Lan egiteko sistema propioa duzue, Saratxagak ezarritakoa.
Denborak aldatzen doaz. Enpresa ez doa berdin, aldaketatara egokitu egin behar da, eta urteak daramatzagu gauzak ondo eginez. Gauzak ondo egin behar dira merkatuari edo bezeroari behar duena eskaintzeko. Jende guztiak, denok argi dugu zeintzuk diren gure misioa, gure ikuspegia eta gure baloreak.

Ormaiztegin jarraituz, bere martxa jakiteko neurgailua egunean egiten diren autobusak da.
Momentu honetan sei autobus egiten dira egunero Ormaiztegin, eta taldean beste 7; guztira 13 autobus. Baina orain dela 10 urteko sei haiek eta gaurkoek ez dute zerikusirik. Izan ere, orain autobus integral edo osoak ere egiten ari gara eta lehen karrozeriak bakarrik egiten genituen. Egiten ditugun autobusetatik %25 integralak dira, hau da, mekanikaren eta karrozeriaren egilea Irizar da. Gainera, autobusak eboluzionatzen ari dira eta osagarriak eta elektronika ez dira duela 10 urte bezala-koak; oraingoak konplikatuagoak dira, lan gehiago dute.

Nola egiten da autobus osoa?
Integralak ez diren autobusentzat, hau da, %75entzat, bezeroak ekartzen du xasisa (Man, Mercedes, Scannia, Volvo…), eta gainean egitura jartzen diogu lehenik, gero kanpotik eta barrutik betetzen joateko, autobusa osatu arte. Baina duela 5-6 urte gure autobus propioak eskaintzea erabaki genuen, eta inbertsio handiko proiektu bat garatu eta gero, Irizar autobus integrala egiten hasi ginen. Prozesua ez da berdina. Hasieran ez dago xasisik, baina xasisa egongo balitz bezala karrozeria bukatzen dugu Ormaiztegin eta gero Salbatoreko fabrikara eramaten dugu. Han mekanika osoa muntatzen da, osagaika, kotxeetan bezala: motor taldea, ardatz bat, beste bat, kanbio kaxa, haizagailua… puzzle bat izango balitz bezala karrozeriari ezartzen zaio.

Zer nolako harrera izan du?
Bezeroak Irizar marka aurretik baloratzen zuen karrozeria egile gisa, eta orain autobus egile bezala ere marka hori baloratzea lortu dugu. Autobus integral bat erosi dutenak berriz etortzen dira, eta horrek esan nahi du autobusa preziatua izan dela, ondo egiten ari garela. Europan gogor egin dugu lan eta iaz 250 bat autobus integral saldu genituen; aurten urte amaierarako 350bat izatea aurreikusten dugu.

Zein da Irizarren katalogoa?
Orain dela urte batzuk gure katalogoko autobusak i letrarekin izendatzen hasi ginen, eta orain egiten ditugun denak hizki horrekin hasten dira: i2, i3, i4, i6, i8.  i2-a hiriko autobusa da; i4-a distantzia ertaineko autobusa da; i6-a eta i8-a distantzia ertain eta luzekoak dira.

Zein da Irizarren harribitxia?
Bakoitzak du bere garrantzia, eta zaila da bat aukeratzea. Baina irudi aldetik eta produktu aldetik i8-a da top-a; salmenten aldetik, eta denek top hori ezin dutela erosi kontuan hartuta, i6-a da garrantzitsuena, eta horren barruan, orain birdiseinatu den i6s-a da.

Autobus elektrikoaz ere hitz egin behar da.
Gu distantzia ertain eta luzeko autokarretan geunden espezializatuta, eta hiribusen alorrean sartzeko aukera ikusi genuen. Baina epe ertainean konbustioko hiribusak hirietan ibiltzeko zailtasunak izango zituela kontuan hartuta, bi, hiru, lau urtetarako produktua ateratzea baino garapen handiagoko baten alde jo, eta elektrikoa aukeratu genuen. Proiektu gogorra izan zen, dedikazio handikoa, inbertsio garrantzitsukoa. 2014an jarri genituen lehen i2e-ak Donostiako eta Bartzelonako kaleetan; gaur, hiribus elektrikoa ondo ari gara saltzen hemen eta Europan. Apustu gogorra izan da, baina aurrera begira ezinbestekoa. i2e-arekin, gainera, gure ametsik onena betetzea lortu dugu, Irizarrek oso-osorik egindako autobusa delako: trakzioa, elektronika, motorra, karrozeria… Hibridoarekin ere ari gara, hiritik kanpoan konbustioko motorrarekin ibiltzeko eta hiri barruan elektrikoarekin.

Eta elektromugikortasuna aldeko apustuak aurrera darrai. Noizko Adunako lantegia?
Autobus elektrikoak ekoitziko dira han, baita egunen batean agian egingo diren beste ibilgailu industrial elektrikoak ere.
Adunako proiektua aspalditik dator, baina krisialdiak geratuta utzi zuen denbora batez. Adunarekin, Gipuzkoan jarraitzen du Irizarrek. Lantegia martxan dago dagoeneko; 50 bat pertsona ari dira lanean duela hilabete pare batetik. Produzitzeko instalazio parterik gehiena bukatuta dago, eta lanean ari gara. 18.000 metro karratuko planta bat egitea lortu dugu eta poliki-poliki betetzen joango gara. Epe luzerako aurreikuspenak egin ditugu langileen aldetik, eta urte amaieran 100 langile izatea espero dugu. Han, eguneko bi ibilgailu industrial edo autobus elektriko egiteko aukera dago, eta aurrerago langile gehiago sartzeko aukerak badaude.
Argi dago elektromugikortasuna aurrera doala, eta Espainiako eta Europako zenbait hiritan autobus elektrikoaren aldeko apustuak egiten hasiak direla. Orain, esaterako, Baionarako 18 metro luzeko autobus artikulatuen eskaera handi bat lortu dugu.
Lanean horrela jarraitzea espero dugu, eta enplegua eta aberastasuna hemen bertan sortzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>