Glutena bai ala ez?

Garbiñe EtxanizOrain gutxi glutenik gabeko dietaren arriskuei buruz ohartarazten zuen izenburu deigarria agertu zen egunkari ezagun batean. Artikuluak esaten zuen dietatik glutena kentzea lotuta dagoela diabetesarekin, bihotzeko gaixotasunekin eta beste zenbait gorabeherekin.

Gaiari buruzko zenbait azterketek «glutenik gabeko» dieta orokorrak hartzen dituzte kontuan, baina bi korronte oso desberdin daude glutenik hartzen ez dutenen artean:

  • Glutenik gabeko dieta «aintzinako erara». Barazkiak, lekaleak, frutak, arrautzak, arrainak, haragia, fruitu lehorrak edo naturatik zuzenean har daitekeen beste edozein elikagai dira oinarria.
  • Glutenik gabeko dieta industriala. Benetako elikagai oso gutxi daude eta elikadura-industriaren tranpan erortzen gara, erosketa-saskia produktu prozesatuekin betez: glutenik gabeko ogia, glutenik gabeko pasta, glutenik gabeko madalenak, glutenik gabeko pizza…

Zoritxarrez, glutenik hartu ezin dezaketenen artean, ge-hienek bigarren aukera egiten dute, jangarriak diren baina benetan elikatzen ez gaituzten produktuak kontsumituz. Izan ere, «glutena txarra da» mezua jasotzen duten gehienek erosi izan dituzten produktuak erosten jarraitzen dute, baina «glutenik gabeak». Eta gainera, produktu bat «osasungarria» dela uste dugunean, hortik gehiago jateko ohitura izaten dugu.

Laburbilduz, glutenik gabeko arriskuaz ohartarazten duten izenburu horietatik atera dezakegun ondorio nagusia hauxe da: geroz eta elikagai prozesatu gehiago jan, orduan eta arrisku handiagoa gaixotasunen bat izateko. Beraz, benetako arazoa ez da glutena gure dietatik kanpo uztea, glutena uzteko erabakiaren ondorioz produktu industrial gehiegi hartzea baizik.

Eta glutenik ez hartzea erabakita, zer jango genuke? Barazkiak, frutak, fruitu lehorrak, haziak, basalandareak, lekaleak, arrautzak, arrainak, haragia, edo naturatik zuzenean har daitekeen beste edozein elikagai.

Badirudi glutenik gabeko produktu jangarriak alde batera utzi eta glutenik gabeko elikagai ez prozesatuen (barazkiak, frutak, tuberkuloak…) aldeko aukera egiten dugunean osasun egoerak hobera egiten duela; horren harira egin diren zenbait azterketak hau erakutsi du:

  • Badira osasunaren hainbat nahasmendu sindrome metaboliko delakoaren barruan sartzen direnak: azukre maila altua odolean, tentsio altua, gerri inguruko gantza… Horiek guztiak hobera egiten dute benetako elikagaiak jaten ditugunean.
  • Gluzemia indizea eta gantzen profila hobetzen da 2 motako diabetesa dutenen kasuan.
  • Glukosarekiko tolerantzia hobetzen da bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonetan.
  • Gizentasun arazoa duten emakumeen kasuan, triglizeridoak gehiago jaisten dira.

Agian glutena uztea erabakitzen duten pertsona guztiek ez dituzte onura berak antzemango, baina glutenarekiko sentsibilitatea dutenen kasuan edo gaixotasun autoinmuneak dituzten pertsonen kasuan, aukerarik onena izan daiteke.

Glutena gure elikadura ohituretatik erabat kanpo uzteak arriskurik izan al dezake? Badirudi erabaki horrek gure bakteria-ekosisteman aldaketak eragin ditzakeela, baina oraindik ez dakigu oso ondo ondorioak zein izan daitezkeen. Betidanik glutena hartu baduzu eta bapatean uztea erabakitzen baduzu, ziurrenik etorkizunean glutena prozesatzeko gaitasun gutxiago izango duzu, eta horrek esan nahi du lehen jaten zenuen pizza zatitxoak edo ogitartekoak arazoak emango dizkizula. Beraz, bi aukera izan ditzakegu: glutena bizi guztirako uztea (askorentzat oso onuragarria) edo «prebentziozko» gluten dosi minimo bat hartzea hesteetako iragazgaiztasuna kaltetu gabe; kontua da inork ezin digula esan bakoitzak onar dezakeen gutxieneko dosi hori zenbat den… agian estrategia bat izan daiteke egunerokoan glutenik ez hartzea eta tarteka, bereziki etxetik kanpo gabiltzanean, gluten dosi txiki bat hartzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>