«Autobusean nindoala jakin nuen Lazkaoko txapelketa irabazi nuela»

benat_IturriozBeasainen trikiti doinua non, Beñat Iturrioz (Beasain, 2000) han izaten da. Lehenengo txapela jantzi du Lazkaon. Ideiak garbi dituen gaztea da Beñat Iturrioz: 8-9 urterekin trikitia eskuan hartu eta harrezkeroztik ez du askatu. Etorkizunean ere, trikiti edo musika irakaslea izan nahi du.

Zaletasuna nondik datorkizu?
Argazki bat badut, lau bat urte izango nituen, azoka batera joan eta trikitilariak eta panderojoleak zeuden. Begira-begira egon nintzen denbora luzean eserita, mugitu gabe, nahiz eta oso ume mugitua izan.

Noiz hasi zinen trikitia jotzen?
8-9 urterekin hasi nintzen Musika Eskolan Juan Tapiarekin, eta oso gustura nabil; asko gustatzen zait. Musika mundura bideratu nahi ditut ikasketak, musika edo trikiti irakaslea izan nahi dut. Majisteritza ikasiko dut.

Ordu asko sartzen al dituzu trikitia jotzen?
Saiatzen naiz egunero ordu eta erdi jotzen, baina ikasketekin zaila da.  Astean behintzat bost egunetan jotzen dut.

Apirilean Lazkaoko I. Trikitilari gazteen txapelketa irabazi zenuen.
Bai, lehenengo aldiz aurkeztu nintzen lehiaketa batera eta irabazi egin nuen. Juan Tapia irakasleak esan zidan ea parte hartu nahi nuen eta baietz esan nion. Kuriosoa izan zen gainera, Herbehetara joan behar nintzen egun horretan bertan elkartrukea egitera. Lazkaon jo eta berehala joan nintzen autobusa hartzera; autobusean gindoazela jakin nuen irabazi egin nuela. Pena eman zidan alde batetik, lehenengo txapela irabazi eta ez jasotzea. Txapela markoan sartuta daukagu; sekulako ilusioa egin zidan.

Maialen Ugalde pandero-jotzailea izan zenuen bikote.
Segurakoa da jaiotzez, baina Villabonan bizi da. Idiazabalen triki poteo batean ezagutu genuen elkar.

Beasainen herriko festetan zaudete. Lan asko izango al duzu?
Bai, asko, baina parranda egiteko denbora ere hartuko dut. Gaur, Mariren jaitsieran trikitia joko dut lehenengo  eta ondoren dantza egingo dut oholtza gainean: Mari bukatutakoan berriz trikitia hartu Muxutruk taldearekin joko dut Bideluze plazan. Astelehenean San Martingo erromerian joko dugu eta asteartean Bideluze plazan. Horretaz gain,  areto dantzen emanaldian ere dantza egingo dut, Dantzakirekin, bigarren ostiralean.

Aretoko dantzetan zein estilo  gustatzen zaizu gehien?
Dantza egitea ere asko gustatzen zait, batez ere saltsa.

Zein da zure ametsa?
Musika mundutik  bizitzea, musika irakaslea edo trikiti irakaslea izatea.

Zein kantu duzu gogokoena?
Xabi Solanoren azkeneko diskoko lehenengo kantua, Bidasoatik harago pila bat gustatzen zait. Gainera Xabi Solanoren jarraitzaile sutsua naiz. Kepa Junkera ere nire idoloa da, oso ondo jotzen du, eta pilo bat gustatzen zait bere musika.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>