«Berezkoa ere behar da, erritmoa, baina dantzan ikasi egiten da»

jose_Mari_Orbegozo-2Gaur, 22:30ean, Beasaingo Gernika Pasealekuko pilotalekuan, Jose Mari Orbegozoren (Azpeitia, 1964) aretoko dantzako Dantzaki eskolako dantzarien Loinatz jaietako urteroko erakustaldia izango da. Inoiz baino dantzari gehiago ariko dira aurten, dantza erritmo desberdinekin gerriak mugitzen, 200dik gora. Mimo handiz prestatutako ekitaldia izango da. Duela 26 urte ireki zuen Beasainen Dantzaki eskola; gaur egun, Zumarragan eta Azpeitian ere ematen ditu eskolak.

Urteroko hitzordu garrantzitsua duzue gaur Beasainen. Zer eskainiko duzue?
Denetik izango dugu, saltsa, bachata, cha-cha-cha, tangoa, funkya… Aurreko urteetan baino dantzari gehiago ariko dira, 200dik gora gara aurten. Aurten funkya dago modan, eta sei pieza egingo dituzte haurrek, zazpi klase desberdinak daudelako. Horrek esan nahi du 100 bat ume ariko direla.

Erakusleiho ona izango da.
Bai. Eskolako dantzari guztiak ez dira ateratzen, nahi duena, gogoa duena ateratzen da. Umeek denek parte hartzen dute erakustaldian, asko gustatzen zaie; helduei gehiago kostatzen zaie. Hori bai, koreografia prestatu egin behar da; gauzak ondo ateratzea gustatzen zait. Eskenatokian deskuidoak denok edukitzen ditugu, nik ere bai, baina behintzat jendeak ikus dezala diziplina bat dagoela eta jendeari erakutsi egiten zaiola. Erakustaldiak asko gustatzen dira.

Erakustaldi bakoitzaren atzean ordu askotako lana dago.
Lan asko dago bai, eta jendeak askotan ez du hori ikusten. Ez da dantza prestatzea bakarrik, estilismoak ere garrantzi handia dauka: arropak nireak dira. Jantziak aukeratu egin behar dira, erosi, ekarri, probatu, erakustaldia bukatzen denean jaso eta Zumarragakoei pasa… lan asko dago atzetik.

Zein dantza mota gustatzen da gehiena?
Dantza mota desberdinak, baina batez ere saltsa eta bachata. Berriak ere erakusten saiatzen gara. Azken batean dantza, ariketa fisikoa egiteko era  bat da, izerditu ederra hartzeko.

Dantza egiten ikasi egiten da ala berezkoa behar da?
Ikasi egiten da. Berezkoa ere behar da, erritmoa edukitzea, baina ikasi egiten da. Denok ez dugu balio dantza mota guztietarako, nik ere ez. Batzuek saltsarekin eta bachatarekin ondo moldatzen dira, eta beste batzuk paso doblearekin.

«Erakustaldietan ez da dantza prestatzea soilik, estilismoak ere garrantzia dauka»
«Azken batean dantza ariketa fisikoa egiteko era bat da, izerditu ederra hartzeko»
«Oso burugogorra naiz, eta helburu bat jartzen dudanean ondo egitea gustatzen zait»

Dantza aukera zabala dago.
Niri gustatzen zait dantza mota guztiak erakustea, oinarrizkoa behintzat. Gero, ezkontza batera-edo joaten bazara, oinarria badakizu eta ondo moldatuko zara. Dantzarik egiten ez dutenek tabernara joaten direnean beraien erara egiten dute dantza, eskolara etorri eta esaten dute: ‘Nik ez nekien hau saltsa zenik… edo batxata zenik…’ Nahiz eta bakoitzak bere erara egin, eskolan dantzak bereizten ikasiko da.

Irakasteaz gain, lehiaketetan ere parte hartzen duzu.
Bai, aurten azkena, Torremolinosen (Malaga, Espainia) eta sei sarirekin etorri gara Amaia Gonzalez (Lasarte, 1976) eta biok. Sariak lortzea ere asko kostatzen da. Jendeak askotan ez daki zenbat kostatzen den horra gora igotzea. 23 urte daramatzagu Amaiak eta biok elkarrekin dantzan.

Mundu mailako sariak eskuratu dituzue gainera.
Bai, MueBT Dantza Txapelketan, mundu mailako hiru lehen sari eta bigarren eta hirugarren bana jaso ditugu. Eta horiez gain, Espainiako bigarren bat ere bai. Bachata, merenge, saltsa, cha-cha-cha, vals, tango eta pasodoble modalitatean aritu gara.

Omenaldia ere jaso duzue.
Bai, Azpeitian eta Lasarten omenaldia egin ziguten. Poza ematen du. Azpeitian uztailaren 9an jendearen aurrean egingo digute omenaldia, Soreasun. Aurreko omenaldia udalarena izan zen, uztailekoa, berriz, herriarena izango da.

Beasainen 25 urtetik gora daramazu dantza erakusten. Nolatan murgildu zinen aretoko dantzetan?
Hemeretzi urterekin soldadutzara joan nintzen Madrilera, eta handik ez nintzen Azpeitira itzuli, Donostiara joan nintzen bizitzera. Desagertu egin nintzen. Handik hurrena, telebistan ikusi ninduten, Donostian, Euskadiko txapelketa irabazi nuelako. Handik aurrera Euskal Telebistatik deika hasi ziren erakustaldiak egiteko. Handik zabaldu zen ni dantzan ibiltzen nintzela, jendeak ez zekien.

Azpeitiarra izanik, aurretik euskal dantzatan ibiltzen zinen?
Ez. Dantza beti gustatu izan zait, ezkontzetan-eta, lehenengo piezatik azkenera arte aritzen nintzen dantzan nire arrebarekin, neure erara.

Soldadutza garaiari probetxua atera zenion beraz.
Azpeititik Madrilera joanda pentsa, Madrilen begiak irekitzen zaizkizu. Han dagoen aukera handia da, gustu guztietarako dago. Egunero, 17:30etik 23:00etara jasotzen nuen eskola. Gogoarekin hartu nuen. Abenduan hasi eta martxoan lehenengo txapelketa jokatu nuen, eta ez nuen ezer ere egin. Baina dantza irakasleak proposatu zidan. Oso burugogorra naiz, eta helburu bat jartzen dudanean, ondo egitea gustatzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>