Izen errazeko lehiaketa

Manolo Gorospek, ezkerrean, eta Lazkao Txikik, erdian, finkatu zituzten lehiaketaren oinarriak.

Manolo Gorospek, ezkerrean, eta Lazkao Txikik, erdian, finkatu zituzten lehiaketaren oinarriak.

Goierriko Bertso Eskolaren altzoan sortutako Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik dago.

Sortu, orain 25 sortu zuten, baina ekitaldia 26.a du. 1992an hamar urte egin zituen Goierriko Bertso Eskolak. Ordiziako Argi Berri elkarteak –eskolaren kudeatzaileak– Hamar urteko uzta liburuxka plazaratu zuen, baina zerbait gehiago nahi, eta bertsopaper lehiaketa sortzea erabaki zuen.

Lehiaketaren bataiorako Artxanberri –sortzez zaldibiarra– eta Mintegi –ordiziarra– bertsolarien izenak zerabiltzatzen buruan. Mikel Mendizabalek eman zien arrastoa, «erraza» zutela esanez: Lazkao Txiki. 1992ko martxoan, Manolo Gorospe elkarteko presidenteak   –aurtengo martxoan hila– eta Joxe Miel Iztuetak hitzarmena sinatu zuten, lehiaketaren izaera eta nondik norakoak idatzita utziz. Baldintza bakarra Abaliñeko txikiak: politikakeriarik ez.

Urte bereko irailean egin zen lehena. Oihane Enbeita, Aitor Albistur eta Rufino Iraola zaldibiarra izan ziren irabazleak. Lazkao Txiki aurrenekoz eta azkenekoz egon zen sari-emate ekitaldi hartan, hurrengo urtean, 1993ko apirilaren 3an hil baitzen Donostiako Ospitalean. Lehiaketaren 10. urteurrenetik aurrera, Txikia oroigarria jasotzen dute garaileek, Antton Mendizabalek kareharriz eta egurrez egindako eskultura, Goierriren eta Aralarren ikur.

Harrezkero beste 15 joan dira, eta datorrenaren deialdia egin dute dagoeneko, Lazkaomendiko txikiak irudikatzen zuen sortze garaiko izpirituari eutsiz: enbor zaharretik muin berriak ernetzea. Gaztetxoena ihar joan zen iaz, eta beste bi sariak Zarautzen –Aner Peritz– eta Oiartzunen –Karmele Mitxelena–loratu ziren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>