Zu ere herri zarelako!

Andoni SalameroHerriaz mintzo garenean  ohitura, erakunde, hizkuntza  eta beste zenbait gauza berdinak dituen lurralde jakin bateko gizarte edo jende-taldeaz aritzen gara. Hauxe, neurri batean, zuzena bada ere, herri txiki eta erdi hutsa irudikatzen dudanean, biztanle bakarra bizi den herria, adibidez, beste irudi bat datorkit gogora, herriaren inguruko bestelako ikusmoldea.

Biztanle bakarreko herrian erreparatzen dugunean, gizaki horixe da herria, bakar izate horrek areagotzen du bere garrantzia, izan ere, bera gabe ez baita herririk, herriak bereak egin du. Herri hustu horretan garbi antzeman daiteke herria bera irauteko biztanle horrexen premia ezinbestekoa dela.  Garrantzi bera ematen al diogu geure herriotan pertsona bakoitzak irudikatzen duen herriari? Zinez, ezetz esango nuke.

Bakarrik bizi den biztanle hura bezala, imajinatzen al dugu pertsona bakoitza herria bera dela, eta ez biztanle bat, gizabanakoa? Zein erraz den herri izana masa handi baten pean uztea! Zein lasai geratzen garen norberaren arazoak eta erabakiak, norberak kudeatu baino, masa handi eta formagabe horren baitan uzten dugunean!

Gizaki bakoitza konplexutasun aberatsez osatua dago, eta guztiok zeharo berdin garela pentsatu baino, konplexutasun hori ulertzeko ariketa egin behar genuke, pertsona bakoitzaren sentipenak, emozioak, bizipenak errespetatuz, uste usteletan ez eroriz, estereotipoak, topikoak eta zurrumurru makurrak saihesteko.

Garbi dago Biziak erakusten digun kolore, forma, esanahi anitzen ostadarrean herria ere haren isla izan behar dela, haren taupekin bat egin behar duela, Bizi horri begira jarri behar gatzaizkiola, batik bat gure pentsamenduak ondo begiratuz, bizi ditugun emozioak egoki kudeatuz, Biziaren taupak bizidunon taupekin bat eginez, ez talka batean, Biziaren aurka jardunez.

Biziarekin dugun bizi-esperientzia ona balitz, bizidunok barrutik bizigarri dena azaleratuko genuke, oreka eta bakean erditutako ezer litzateke guztia, patxadaz egina, soseguz sortua. Gure herri izatetik pertsona bakoitzak arretatsu jokatuz pentsatutakoa, sentitutakoa, bizitakoa jarrera eraikitzailetik egingo bagenu, ez ginateke horrenbeste buruko pentsamenduetan galduko, unean uneko eginkizunei taxuz erantzungo genieke, eta guztiok herri izatea sendotuko genuke.

Nabarmen ikusten da Bizian bi emozio garrantzitsuenek gidatzen gaituztela: maitasunak eta beldurrak. Beldurraren itzalean ezkorkeria, biktimismoa, epaitze etengabea, bekaitza, nahasketa somatzen ditugu. Maitasunaren magalean: esker ona, samurtasuna, enpatia, bizipoza, konfiantza, errukia, besteak beste.

Zein da zure aukera? Nola ikusten duzu zeure burua, beldurrean galdua ala maitasunak gartua? Akatsak guztiok ditugu, aukera berrien irakaspen dira, haiek egiten gaituzte bi-dean hobeak. Aske zara aukeratzeko, beldurrez aritzeko edo maitasunez jarduteko, zure baitatik haragitzen ari zara berori, uneoro. Zu zara herria, zu zara sentimenduez, pentsamenduez, bihozkada bakoitza sentituz egunero zure egintza agerrarazten duzun sortzailea. Atseginez begiratzen zaitugu, gogo biziz jarraitzen, erakuts zaren eder hori, maiteki zaren sorkari hori, erakuts haurren antzera, kezkaren itzaletik ihes eginez eraikitzeko nahia, bihotzetik begietaraino aurrera ekiteko  jakinminaren distira. Esnatu zure barrua, maitatu, etengabe, zaren herri izatea, maitatu zeu zarena, eta gogoratu: «Asko, gutxi dela, falta zaigun, sobera dugun denbora, gaur ere egiazkoak izateko».

Jardun horretan, egiazkoagotze bidean, naizen herria eraikitzen jarraitu nahi dut.  Ekimen bizi honetan jardun nahi duzu? Ba, ekinez, zatoz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>