«Kilometroak festa koordinatzea etxera itzultzea bezala da»

Aitor-GabirondoUrretxu-Zumarragako Ikastolak antolatuko du 2018ko Kilometroak festa, bere eraikuntzaren zaharberritzea ordaintzeko helburuarekin. Obrak hasita daude jada, eta eraikin berria sistema pedagogiko berritzaile baten mesedetan eraikiko da. Aitor Gabirondo (Urretxu, 1988) izango da datorren urteko Kilometroak festaren koordinatzailea.

Nolatan Kilometroak jaiaren koordinatzaile?
Lan eskaintza publikoa egin zuen ikastolak eta nire burua aurkeztea erabaki nuen. Hasieran beldur askorekin, proiektu handia delako. Baina animatuta ere banago, niretzat etxera itzultzea bezala da, gurasoak, irakasleak, eta ikastolako komunitatea ezagutzen ditut eta horrek animatu ninduen batez ere.

Etxera bueltatzea dela bezala diozu. Zergatik?
Ikastolako ikasle izan nintzen, eta gero irakasle lanetan ere aritu naiz bertan. Ordezkapenetan aritu naiz 6-7 urtez. Polita da niretzat berriz ere bueltatzea. Haurra nintzenetik oso gertuko harremana izan dut ikastolarekin.

Nola oroitzen dituzu zure lehendabiziko Kilometroak?
Haurra nintzela gurasoekin joaten nintzen. Festa handi bat zela oroitzen dut, jende pila bat  alde guztietan. Ondo pasatzeko egun bat da niretzat.

Orain festa beste aldetik bizitzea tokatuko zaizu?
Bai. Orain egokitze fasean nago, ikasten. Beldur pixka batekin ere bai, egiteko dagoen guztia ikusita, baina ilusio askorekin, egia esan. Inflexio puntu handia izango da Oñatiko Kilometroak gertutik bizitzea. Behaketa lana egitera joango gara bertara, egindakoaz ikastera.

Zertan zabiltzate orain?
Ikastolako komunitatearen barruan batzorde ezberdinak sortu behar ditugu, eta horretan gabiltza. Guraso batzuek egindako proposamenari heldu eta maila bakoitzeko guraso, ikasle eta ikasleek batzorde bana osatuko dute. Helburua, hezkuntza komunitatearen barruan dauden harreman sareak indartzea da.

Zer nabarmenduko zenuke, batez ere?
Antolaketari begira jende pila bat dago lanerako prest, trukean ezer eskatu gabe. Horrek lasaitasun handia ematen dit. Kilometroak ez da egun bakarreko festa izango, urte osora zabalduko da. Badaukagu lan pixka bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>