«Ametsa egi bihurtuta ere, oinak lurrean ditut»

Ane_EtxezarretaTxikitako ametsa egi bihurtuta, baina oinak lurrean jarrita «pozik» dago Ane Etxezarreta (Beasain, 1995). Realeko jokalaria da orain bi urtetik, eta beste urtebetez jarraituko du talde txuri-urdinean, euskarri postuan. Futbola aukera paregabea bada ere, etorkizuna aseguratu asmoz, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua amaitzen ari da.

Zein da zure ibilbidea?
Txiki-txikitatik izan dut gustoko futbola, Beasainen bertan hasi nintzen jokatzen. Seniorreko bigarren urtean, Oiartzundik deitu zidaten eta han, bigarren mailan, bi urtez aritu nintzen. Han nengoela, Realetik deitu zidaten ondoren eta ezin ezezkorik esan.

Nolakoa izan zen momentu hura?
Ilusio handia egin zidan. Txiki-txikitatik izan dudan ametsa baitzen. Eta bete ahal izatea ikaragarri izan zen.

Salto handia izan al zen?
Bai, oso handia! Jokatzeko moduari dagokionez, estilo guztiz desberdina da, eta egokitzapen fase bat behar izaten da. Erritmoari dagokionez ere zer esanik ez. Oso erritmo altuan egiten da lan. Entrenamenduak ere gehiago dira, eta ikasten ere ari naiz. Ikasketak eta entrenamenduak uztartzea ez da lan erraza, azterketa garaia iristen denean batez ere. Oso ongi antolatzea da sekretua.

Realean ordea bi denboraldi egin dituzu. Zein da egiten duzun balorazia?
Oso pozik nago. Lan dinamikara ohitu naiz eta denboraldi amaierara nekatu xamar iritsi banaiz ere, oso pozik nago egindako lanarekin.

Orain beste urte bat gehiago.
Bai, beste urtebetez berritu didate kontratua. NIgan konfidantza handia erakutsi du klubak eta oso harro nago horregatik. Pixkana-pixkana joan nahi dut, hori da urtebetez sinatzeran arrazoia.

Datorren denboraldiari begira zein da zure helburua?
Orain arte bezala gogor lan egiten jarraituko dut. Hirugarren urtea izango da Realean eta jokalari bezala hobetzen jarraitzea da nire helburua.
Talde bezala ere, helburua antzekoa da. Lana gogor egin eta azkeneko denboraldietan izandako emaitzak hobetzen saiatuko gara. Zortzigarren postuan gelditu ligako sailkapenean, eta aurreko denboraldian bosgarren. Hortan jarraitzea espero dugu.

Etorkizunean non ikusten duzu zure burua? Ikasketak ere kirol arlokoak egiten ari zara.
IVEF ikasten ari naiz. Futbolean bizitza ahalik eta gehien luzatuko dut, baina ikasi dudan horrekin zer ikusia duen zerbaitetan ikusten dut nire burua. Dena den, momentuan momentukoa aprobetxatzea da nire filosofia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>