Gorka Erostarbe eta Josu Aztiria

Gorka Erostarbe

Piedad kaleko 22.etik atera naiz. Astelehen eguerdia. Eguzki astuna. Bero sapa. La Perla denda gaineko termometroak 39º markatzen du. Elizako kanpaiek nagiz jo dituzte hamabi danbatekoak. Erloju orratzek urturik dirudite. Kutxako kutxazainera jo dut dirua ateratzera. Eguzkiaren isla itsugarriak ez du pantaila ikusten uzten.

Txoririk ez da entzuten.  Arimarik ez kalean. Neuk ez dut inor ikusten behintzat. Zakur bat igaro da ibilkera zimelduarekin, mingaina agerian.

Bat-batean, ondoan, 50etan sartutako hippy itxurako emakume bat eseri da; txirula jotzen hasi da, diru eskean. Zalantza sartu zait zer egin; azkenean hiruzpalau txanpon jaurti dizkiot. Ez dakit zergatik, baina aldika, musika tresnaren bat jotzen duenari botatzen diot ogerlekoren bat. Ez beti; ez asko. Ez naiz ondo sentitzen neure ekintza onberarekin. Ez galdetu zergatik. Neurekiko pentsatu dut ez ote litzatekeen humanoagoa berekin hitz solasean hastea. Nola duen izena; Piedad eta Iparragirre kaleak gurutzatzen diren txoko horretan ez al duen bero gehiegi sentitzen; botila bete ur nahi ote duen, edo Bidezar tabernan garagardo bat hartzea gustatuko ote litzaiokeen.

Ez dut egin, ez galdetu zergatik. Buru garuna maxkaldua daukat. Neu joan naiz Bidezarrera eta garagardoa eskatu dut. Burutik ezin kenduta nabil Txosten kantuko Estrooputzzz oihu ederra. Estroputz berriro. Ez dakit bero hau ze partetakoa den, Josu. Ez dakit bero hau parte onekoa den ere. Dakidana da sanjoan sutara bota nahi nituzkeela bero sargoria eta neke-apatia. Aurten, akaso, oso aspaldikoz su ondoan dantza egingo dut, eta jauzi garren gainetik, Aztiria-erostarbeeta barrenak garbitu, energia berreskuratu; berriz estrooopuutzz! egin arte… aproposik!

Josu Aztiria

Piedad kalekide galaia. Asteburu intentsua izan da egia esan (ekintza eta ekitaldiz lepo dago ekaina bazterrotan!) eta asko eman dugu Kalegorrian jaialdia ederra aurrera ateratzeko, eta normal hustuta geratzea, zukututa, bero zaparen mailukada astunak astunagoa bilakatuz. Zer pentsa eman behako liguke urte amaiera honetara hain akituta iristeko, oporren premia larri hori sentitzeko… Gure behar eta gaitasunen gainetik ari gara lanean?

Ez dakit inoiz gertatu izan zaizun, baina badira euforiaz, emozioz eta komunikatzeko gogo handiko egunak (Santa Isabel edo San Joan bezperan esaterako), eta hurrengo egunean sentitzen duzu halako hustasun bat, askotan izaten dut gehiegi hitz egin edo biluztu izanaren sentsazioa. Gorputzak eta garunak jartzen dizkigun mugak dira agian, baina bezperako sentsazioa malenkoniatsu hori geroz eta erama-
nezinagoa zait. Zauriak beti dira sakonagoak une horietan.

Horretarako baliatzen dut askotan musika, sentsazio ilunak baditut ilunetan are gehiago murgiltzeko, eta alai baino alaitasun hori areagotzeko, gehiago sentitu eta nola nagoen jabetzeko. Eta une horietan da benetan baliotsua laguntasuna eta elkarrekiko igurtzia sentitzea, izan ere, nahikoa da hitz goxo bat entzutea edo adiskide batekin garagardo bat hartzea hobe sentitzeko eta sentimenduak ere bere lekuan jartzeko. Bakoitza bere etxe zuloan ezkutatu beharrean, kalera atera eta berriz elkar aurkitzea. Uztailaren 3an egin genezake hori eta Iburreta-Hiruki-Alexander triunbiratoa egin Agus, Zigor, Rubio eta gainontzeko alprojekin. Gazte Asanbladakoek badakite zerbait eta Bixamona Fest ere zerbaitengatik antolatuko dute. Bitartean gozatu San Joanaz, erre beharrekoak erre-erre, eta gorbe beharrekoak, gorde-gorde.

Iruzkinak (1)

  1. Zigor(e)k dio:

    Kaixo bikote!
    Ezin ukatu San Juan bezpera, bere su eta gar, gau berezia denik. Besterik ez legoke ondo esana eibartar baten ahotik.
    Urteko egunik luzeenak nekeari egiten dio bide, ikasurte luzearen zama bizkarrera botaz Olentzeroren zakua bailitzan; urteko gauik motzenak, aldiz, zeri ez ote dio biderik egingo? Sentipenak, irriak, barreak eta negarrak, abiadura bizkorrean bizitako uneak, akelarreak, mozkorrezko muxuak nahiz muxu mozkorrak, eromen beroa.
    Guzti hori bizi dut azken San Juanetan bakar bat bera ere bizi gabe. Bihotz eta buruaren betiko dikotomia, naiha eta ezina, desioa eta zakurraren putza, zakilaren goibehera etengabea.
    Nahiko nuke larunbat arrunt batetan, xirimiriak egun argiari bide egin ostean ahal izanez gero, azokan Santiri porru eta lore sorta bat erosi, aspaldiko garaiek gaurkoen ardura berak zituztela adosteko beste behin ere, eta Salah eta Amini ezer ez erosi In Sha Alláh esanaz, urruneko lekuek bertakoen ardura berak dituztela adosteko beste behin ere. Eta Iburretan ardo beltza eskatu, lagunen zain, zuen zain.
    Piedad kalearen izenaren esanaihak forma hartuko al du, ahal badu! Ea Santa Lutzi Juan baino hobexeo portatzen den.
    Laster arte mutilak!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>