Ametsa egi bihurtuta

Aramako parkean joko duen Funkystep & the Sey Sisters talde kataluniarra. / Arnau Oriol

Aramako parkean joko duen Funkystep & the Sey Sisters talde kataluniarra. / Arnau Oriol

Uztailaren 6tik 9ra jazz doinuak entzun ahalko dira Ordizian eta Araman, Goierriko Jazzaldiaren bosgarren edizioan. Funky steps & The Sey sisters Kataluniako banda izango da kartelburua. Aramako parkean joko dute.

Uztaila badator, eta horrekin batera, jazz doinuak ere bueltan dira Goierri aldera. Musika estilo horrek azkeneko urteetan gorakada nabarmena izan du bailaran Goierriko Jazzaldiari esker. Bosgarren edizioa izango da aurtengoa. Uztailaren 6ean, ostegunean, hasiko da eta uztailaren 8an, larunbatean, iluntzean izango da azkeneko emanaldia. Aurrekoetan bezala, Ordizian eta Araman izango dira kontzertuak.

Bere bilakaera pausoz pauso, urtez urte, begiratuz gero, ez da dudarik jazzaldiak pixkanaka handitzen joateko joera erakutsi duela. Urtzi Etxeberria antolatzailearen esanetan, lehenen ediziotik «harrera oso ona» izan du Goierriko Jazzaldiak: «Amets soil baten moduan eta mahai baten bueltan bazkaltzen sortutako ideia batetik hasi zena, benetako jazzaldi bihurtu da». Bosgarrena  prest dute dagoeneko eta Etxeberriak dioenez, «ilusio handiz» antolatu dute.

Lehen saioak Ordizian

Entzule guztien neurrira egindako egitarauarekin dator Goierriko jazzaldia. J.345 taldeak irekiko du aurtengo edizioa datorren ostegunean, Ordiziako Amonane tabernan. Tronpetak, kitarrak eta baxuak osatzen dute. Donostiko hirukoteak jazz klasikoan murgilaraziko ditu entzuleak. 22:00etan hasiko da emanaldia.

Uztailaren 7an, ostiralean, Marmara Street Band taldeak  Ordiziako Plaza Nagusian joko du 19:00etan, eta gauean, D’elikatuzen, Paul San Martin Duo bikoaren txanda izango da. «Bluesaren aireak ekarriko dituzte piano eta bateriarekin», aurreratu du Etxeberriak. Saioa 23:00etan hasiko da.

Araman, aire librean

Goierriko Jazzaldiak duen bereizgarri nagusietako bat Aramako parkean egiten diren kontzertuak dira. Etxeberriaren esanetan, «mota guztietako entzuleak erakartzea lortu» dute formatu horrekin, «baita ume txikiak dituzten  familiak ere».

Bi taldek joko dute egun horretan. Arratsaldean (19:30), Marcelo Escrich Silent Trio taldeak. Kontrabaxuak, kitarrak eta saxoak osatzen dute hirukoa, eta jazz klasikoa da haien  estiloa. Disko berria atera dute orain dela gutxi.

Iluntzea (21:30-22:00) kartelburuarentzat jaso dute. Funky steps & The Sey Sisters Kataluniako bandak aurrenekoz joko du Euskal Herrian. New Orleansgo (AEB) doinu dantzagarriak dira haien oinarria. Aurtengo jazzaldia Javi Pez DJ-ak itxiko du Ordiziako Sugaar tabernan, 01:00etatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>