Inaxio Usarralde eta Joxepa Madariaga

Inaxio Usarralde

Hara, Joxepa, kezkaz natorren euskal hiztunak geure hizkuntzarekiko dugun atxikimendua gero eta ahulago ikusten dudalako eta geurea bazter uzteko zein gutxi behar dugun sarri ikusten ari naizelako. Eta hau gugandik oso gertu, Goierrin. Hara azkena gertatua:

Ostiral arratsaldea, iluntzeko 9:00ak ingurua. Udaberri giro bikaina, eta, lagun artean genbiltzala, afaltzeko plana atera huen. Eseri afaltzera eta karta gaztelania hutsean aurkeztu zigunan arduradunak. Horrek segundo batean taldeko giroa aldarazi zigunan. Ordura arte giro atseginean ari ginenak ika-mika hasi gintunan. Batzuek uste geninan euskarazko karta eskatu behar genuela; beste batzuek uste zinaten bere hartan uztea hobe zela, liskarrik ez sortzeko. Ni neu lehenbiziko taldekoen iritzikoa nindunan, modu onean euskarazkoa eskatu beharko genuela. Hik zer uste dun?

Ildo horretatik galdera gehiago ere bazetozkidan burura: Zer egin behar geninan… ezer esan gabe alde egin? Pasatzen utzi eta otzan-otzan afaltzen geratu, ezer gertatu ez balitz moduan? Zilegi al dun giro bikainean genbiltzan kuadrillako giroa horrela aldatzea gure herrian hizkuntza parekotasuna eskatzegatik? Nik ez dinat besteak baino gehiago izatea eskatzen, baina ez gutxiago ere! Hizkuntza parekotasuna posible al da, bizitzaren funtzio askotan (aisialdian, lanean, administrazioan…) oraindik gaztelania hizkuntza nagusi den lurraldean? Botila erdi betea edo erdi hutsa Usarralde-Madariagadagoen baino gehiago, botila husten ari dun eta martxa horretan…

Joxepa Madariaga

Inaxio!, erasoa, erasoa eta erasoa, etenik ez dik honek. Zirika eta eztenka ari zaizkiguk inguruan, eta gure eskubideak defendatu ala, bakearen izenean, liskarrik sortu gabe, isilik geratu, bi aukera dizkiagu. Bi aukerak txarrak, nire ustez: gure eskubideak defendatzen aritzea, pazientziaz, patxadan eta arrazoituz, ona eta pedagogikoa baituk, tarteka, baina egunerokoan, gaur bai eta bihar ere bai, horrela aritzearen aritzeaz nekatu egiten gaituk. Nekeak, lehertu eta erantzun txarrak ematera eramaten gaitik. Isilik gelditu eta lortzen dugun bakea ez duk bake naturala, ordea, alde bakarrarentzako bakea duk, herrena. Konturatu beharko genikek, eguneroko eraso txikienen ondorioak jasaten ari garela.

Poztu, Inaxio!, datu onak ere jaso berri dizkiagu-eta Ordizia aldetik: euskararen kale erabilerak %5 egin omen dik gora. Haurrek eta gazteek helduek baino gehiago erabiltzen omen ditek, gainera. To!, haurrak helduen eredu!

Bestalde, Euskara, denontzat doan aspaldiko kanpaina, berpiztu egin ditek Kontseiluak eta Euskaltegiek. Ofiziala den hizkuntza ikastea, eskubidea omen duk, pertsona guztion eskubidea. Euskararen irakaskuntza zerbitzu publikotzat hartu behar omen duk eta, horregatik, doan eskaini.

Horrela izanik, doan ikasita, borondatez, gustura, pozik, txukunago eta maizago erabiliko genikek guztiok. Hala behar, behintzat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>