«Esku-pilotan mutilen aurka jokatzen nuelako hasi nintzen tenisean»

Ane_MintegiAnne Mintegi (Idiazabal,2003) tenislari gaztea Espainiako selekzioak deitu du. Europan dabil lehian egunotan. Orain dela gutxi Bartzelonan Conde de Godo txapelketa irabazi ondoren, Espainiako selekzioarekin bilduta dago Anne Mintegi Frantzian. Etorkizun handiko tenislaria da.

Zenbat urterekin eta nolatan hasi zinen tenisean?
Zortzi bat urterekin hasi nintzen, benjaminetan. Esku- pilotan jokatzen nuen mutilen aurka. Hainbat txapelketa irabazi nituen. Neska izanik, oso zaila neukala, eta tenisean hasteko esan zidan Joxe Mujikak, eta horrela eman nuen pausoa.

Goierrin tenisean aukerarik ba al dago?
Nik baietz esango nuke, Ordizian teniseko kluba ere sortu berri da eta entrenatzeko aukera ere badago. Momentu honetan 40 bat jokalari gaude.

Astean zenbatetan entrenatzen duzu?
Txapelketarik ez dudanean, asteko zazpi egunetan entrenatzen nuen, orain astean egun bat atseden hartzen dut. Hiru egunetan Donostiara joaten naiz eta besteetan Ordiziara.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta tenisa?
Oraingoz ondo moldatzen naiz ikasketetan, denboraz nahiko larri ibili arren.

Gaztea izan arren garaipen zerrenda luzea duzu jada…
Ziur-ziur ez dizut esango, baina uste dut dagoeneko 50 bat txapelketa irabazi ditudala.

Zein da irabazitako txapelketen artean kuttunena?
Orain dela gutxi Bartzelonan irabazi nuen Conde de Godo txapelketa da bat.

Egun hauetan ere hainbat txapelketa dituzu…
Espainiako selekzioarekin jokatzeko hautatu naute. Lehenengo Frantzian jokatu behar dugu Europako Txapelketarako sailkapen fasea, uztailaren 1etik 5era da –joan den astean egindakoa da elkarrizketa–. Azken faserako sailkatzea lortzen badugu, Italiara joango gara, uztailetik 6tik 10era. Handik Madrilera joango naiz eta bertan, infantil mailako Espainiako txapelketa jokatuko dut Euskadiko selekzioarekin.

Etorkizunari begira tenisean jarraitzeko aukera nola ikusten duzu?
Momentuz oso gustura nabil eta aurrera begira ere jarraitzeko gogoz nago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>