Nagore Belastegi eta Iraia Oiarzabal

Nagore Belastegi

Aspaldian gelditu ziren emakumeak etxean gelditzen ziren garaiak, gizonak lagunekin parrandan ateratzen ziren bitartean. Emakumeok espazio guztiak hartzen ari gara. Ari gara, oraindik, baina espazio guztietara iritsiko gara, hau ez dagoelako gelditzerik, nahiz eta batzuetan gehiago kostatu.

Duela urte batzuk gure inguruan pauso historiko bat eman zen tradizioen arloan, baina hain naturala izan zen ezen ez zuen jakinminik piztu gure mugetatik kanpo. Eta hori ona da. 1633. urtetik geroztik (gutxienez) dantzatzen da Legazpin ezpata-dantza. Gizonek dantzatu izan dute tradizioz, baina 2015tik aurrera taldea mistoa izan da (aurretik emakumeek dantzatzeko aukera bakan batzuk izan bazuten ere). Etorriko dira diotenek ez direla ez feminista, ez matxista, berdintasunaren aldekoak direla, bi horiek antonimoak izango balira bezala. Bada gure herriko plazan ohorezko dantzan ezpaten gainera emakume bat igotzea lortu bada, feminismoari esker izan da. Zorionez gurean ez da istilurik sortu, eta harrotasunez hartu nuen neskek uniforme zuri-gorria jantziko zutenaren albistea. Laister Zumarragako bizilagunek ere lekukoa hartu zuten eta berriro harro sentitu nintzen. Tradizioz mutilen espazio bat izan den horretan neskak naturaltasunez hartu zituzten denek, txalo artean, ez zen plastiko beltzik ez txisturik, Belastegi-Oiarzabalherri oso baten beroa soilik. Eta uste dut horregatik bagarela nolabait eredugarriak.

Iraia Oiarzabal

Astebete ere ez da gure herriko jaiak ospatu genituenetik. Jantzi zuri-gorriak ikusi eta txistuaren doinua entzutean larruazala tente jartzen zaigu askori gure herrian. Jaietako eta Zumarragako nortasunaren parte handi bat da ezpata dantza. Eta horrexegatik da, baita ere, oso maitatua.

Baina tradizioak badira batzuetan bi ahoko armak. Komunitate bat batu eta identitateak indartzeko balio indartsua izan daitezke, baina gaizki ulertuz gero gatazka iturri ere izan daitezke. Hots, tradizioari oso lotuta gaudenean gerta daiteke esentzia mantetzeko tema horretan zentzuzkoak ez ezik beharrezkoak diren aldaketak ez onartzeko joera arriskutsua.

Gurean zorionez ez da halakorik gertatu eta jatorrizko ezberdintasun hura apurtzeko naturaltasun hori da gehien poztu nauena. Berdintasunaren aldeko lan nekezean (asko geratzen bada ere) aurrera goazela erakusten du.

Komeni da ez ahaztea ordea erronka asko ditugula aurretik. Antzinako tradizioei dagokionean, gizartea aldatuz doan neurri berean, gu eta gure ohiturak egokitzen joatea nahitaezkoa da, aurrera egin nahi badugu bederen.

Asko dira bide horretan urratsak ematen joan diren herriak eta txalogarria dela uste dut, urrats txikiak, naturalak, baina ausartak ere badirelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>