«Abiadurarekin libre sentitzen naiz motorrean»

Xabi_Zurutuza_moto_pilotu_-2

Moto GP pilotu profesionala izan nahi du Xabi Zurutuzak (Legazpi, 2006). Egina du dagoeneko bidearen zati handi bat. Sei urte zituenean hasi zen motorrarekin lehiatzen. Gaur 11 urte ditu eta Minimotard 65 kategoriako Espainiako txapelketa du buruan. Proba bat jokatzeko falta dela, sailkapenean bigarren doa. Noiz hasi zinen motorrean? Familian oso motorzaleak izan gara beti, aita Josu eta Andoni eta Martxel anaiak beti ibili dira motorrean. Ni bi urte eta erdirekin hasi nintzen quad batekin eta urte betera minimotoarekin. Eskolako patioan eta industrialde bateko aparkaleku batean ikasi nuen ibiltzen. Eta lehian? Lau urte nituenean inguruko minimoto lasterketatan parte hartzen hasi nintzen, Legazpin, Getarian, Andoainen… Lehenengoentzako trofeoak-eta izan arren, ez ziren lasterketak, erakustaldiak baizik, 6 urtera arte ezin ginelako federatu. Denak irabazten nituen, asko entrenatzen nuelako eta asko gustatzen zitzaidalako. Gero, 6 urterekin Castejonera (Nafarroa) joaten hasi nintzen, Lorenzo Competicion pilotu eskolara. Jorge Lorenzoren aitaren eskola zen, eta Espainia osoan beste batzuk zituen (Toledon, Guadalajaran, Mallorcan…). Eskola horien artean liga bat antolatuta zuen, eta han parte hartu nuen minimoto Polini batekin. Hasieran ez, baina 7-8 urterekin lasterketa guztiak irabazten nituen. Partaide guztiek motor berdinarekin lehiatzen genuen, eta nik ni baino pilotu zaharragoei irabazten nien. Zer ikasi zenuen eskolan? Teknikak, gero lasterketatan aplikatzeko: bihurguneak nola hartu, nola azeleratu, derra-peak egiten… Bizikletan ibiltzen ginen, yoga ere egiten genuen elastikotasuna lantzeko, eta trial eta moto kros ere egiten genuen indarra hartzeko. Baina eskola itxi egin zuten duela urte batzuk.

Non entrenatzen duzu orain?
Hemen bertan, Olaberrian dago zirkuitua, baina entrenatzeko ordu batzuk besterik ez daude ezarrita, eta ni Nafarroako Los Arcosera joaten naiz. Ni baino pilotu hoberekin entrenatzen saiatzen naiz, hala gehiago ikasteko.

Orain zein kategoriatan zaude?
Sx65 edo Minimotard 65 kategorian hasi nintzen 9 urterekin. Minimotard-a motokroseko motorra da, baina asfaltoko gurpilak ditu. Lasterketak karting zirkuitutan egiten dira, eta zirkuituaren arabera, luzera ezberdina dute, baina manga bakoitza 10 minutu gehi bi itzulikoa da beti. Abiadura handia hartzen dugu motor horiekin: 150 kilometro orduko.

Abiadura gustuko al duzu?
Bai, asko. Libre sentitzen naiz. Zenbat eta abiadura handiagoa dibertigarriagoa da, baina burua oso argi eduki behar da eta erreflexu onak. Nolako pilotua zara? Nire idoloa Marc Marquez da, nik berak bezalako pilotatze estiloa daukadalako: agresiboa naiz, motorra oso azkar etzaten dut, kolpean azeleratzen dut… Amari [Silvia Torres] beldur pixka bat ematen dio ni lasterketatan ikustea, eta horregatik ez ditu ikusten.

Baina laguntzen dizu, ezta?
Bai, aitak bezala. Aitak orain arte mekanika lanak egin ditu, eta hemendik aurrera Ganeko, Pedro eta Maikel ere izango ditut laguntzaile. Espainiako txapelketan lehian ari zara orain. Bai, aurtengo denboraldian Espainiako txapelketan eta Zona Norte izenekoan nabil, guztira 14 proba. Espainiakoan Lleidako Alcarrasen, Cadizeko Jerez de la Fronteran eta Pontevedrako Forcarein egon naiz. Irailean Leongo La Bañezan amaituko da. Bigarren egiteko aukera handiak ditut.

18557185_1361193120626806_4345424274960997168_nMunduko txapelketan ere izan zara.
Ekainean Valentziako Albaidako zirkuituan egon nintzen, han jokatzen zen munduko txapelketan. Aurretik egindako lasterketa batzuetan egindako postu onak ikusita, lehiaketatik kanpoko proba batean parte hartzera gonbidatu ninduten Espainiako beste 19-20 pilotuekin batera, haietako batzuk Minimotard 85 eta Minimotard 150 kategoriakoak. Bi manga egin genituen, eta bigarren eta hirugarren egin nuen; sailkapen orokorrean bigarren geratu nintzen. Pozik geratu nintzen, ni baino maila altuagoko pilotuei irabazi nielako. Han elkartu zen jendeak oso ondo ari nintzela eta horrela jarraitzeko esan zidaten.

Eta zuk zein asmo daukazu?
Moto GPra iristea nahi dut, pilotu profesionala izan nahi dut. Aurretik beste kategoria batzuetatik igaro beharko dut, eta etxekoek esaten didaten bezala, pausuz pausu joan beharko dut, noraino iritsi naitekeen ikusteko, etapak erretzen. Momentuz Espainiako txapelketa amaituko dut.

Denboraldia amaitzear dago?
Oraindik ez. Martxo-apirilean hasten dira zirkuituko lehenengo lasterketak, eta urrian amaitu. Baina motokrosean ere lehiatzen naiz, batez ere neguan. Motokrosarekin aurre denboraldia egiten dut, baina uda partean ere egiten ditut probak, indarra hartzeko: Bergaran, Burgosko Quintana Marian, Miranda Ebron… Entrenatzeko egiten ditut lasterketa hauek. Eta datorren urteari begira? Kategoria altuagoarekin probatuko dut: Premoto 4. Motor handiagoa da, abiadurako probatarako, eta 170 kilometro orduko abiadura har dezake. CEV edo Espainiako Abiadura Txapelketa egingo dut, zirkuitu handiagotan, Moto GP kategoriakoak lehiatzen diren berberetan, tartean Bartzelonako Montmelo. Poliki-poliki joango gara, motor handiagorekin nola moldatzen naizen, zirkuitura nola egokitzen naizen eta familian diru aldetik nola konpontzen garen ikusteko.

Kategoria handiagoa, aurrekontu handiagoa.
Bai. Ni DMT taldean nago, Donostia Motor Team-en, eta laguntzen didate pixka bat, baino argi dago kategoriaz igota diru gehiago beharko dugula. Aurretik badugu Legazpiko bi enpresen laguntza, Kuber eta Aterki, eta osaba batek ere laguntzen dit, baina babesle gehiago behar ditugu.

Erakundeek ez al dute laguntzen?
Egia esan, ez. Nik Diputazioari eskatu nahi diot hainbeste diru ez gastatzeko futbol zelaian eta nirea bezalako kiroletan diru gehiago inbertitzeko, guri laguntzen eta zirkuituak prestatzen. Federazioak ere lagunduko digulakoan gaude.

Garestia al da kirol hau?
Minimotoekin ez da hain garestia, baina motorrak handitzen diren heinean, garestitzen doa guztia. Motorraz gain, sotomono bat jartzen duzu eta gainean monoa, belaun eta bizkar babesekin, kaskoa, eskularruak, botak… Gainera, entrenatzera kanpora joaten naiz. Lorenzoren eskolara 5 urtez joan nintzen Castejoneraino, ostiralean joan eta igandean itzuli. Orain, DMT taldearekin Olaberrian entrenatu beharko nuke, baina lasterketa asko ditudanez, lasterketaren zirkuituan bertan entrenatzen dut aurreko orduetan. Bestela, Nafarroako Los Arcoseraino joaten naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>