Lehen sektoreari bultzada

Zumarraga-azokaZumarragako Udalak urteak daramatza lehen sektorea indartzeko lanean, herriaren garapen ekonomikorako alor estrategikoa dela ulertzen baitute. Orain pausu bat aurrera eman dute eta proiektu zehatz bat jarri dute martxan, urtean zehar egiten diren feriak eta larunbateroko azoka dinamizatu nahian.

Proiektua aurrera eramateko  udaleko hainbat sail elkarla-nean ariko dira, mahai politiko-teknikoa osatuta: Landa garapena, Euskara, Berdintasuna, Gazteria, Udaltzaingoa, Kultura, Ekonomia… eta Goimen elkartea. Rosa Maiza Ekonomiaren Sustapenerako zinegotziak eta Maialen Aramendi teknikariak koordinatuko dute proiektuaren lanketa.

Lanketa horrek izaera parte hartzailea izango du, eta saltzaileenaz gain, erosleen eta herritar guztien iritziak bilduko dituzte. Horretarako,  helbide elektronikoa jarri dute martxan: azokazumarraga@gmail.com.

Baserriarren erakusleiho

Santa Lutzi feriaz, Buzkantza Egunaz eta artisauen bi azokez gain, larunbateko azokak, baserritarrenak, ezinbesteko garrantzia izango du proiektu honetan, lehen sektorearen erakusleihoa delako eta herriko ekonomian eragiten duelako.

Herriko plaza nagusian egiten da azoka Zumarragan, eta baserritarren gunea udaletxearen pareko arkupeetan dago. 26 postu jartzen dira guztira, eta saltzaileak Zumarraga bertakoak eta inguruko herrieta-koak dira: Urretxu, Ezkio, Gabiria, Legazpi, Azkoitia, Arama… Denetik eros daiteke bertan: barazkiak, lekaleak, ogia, gazta, arrautzak, hestebeteak, lore eta landareak, baratzerako landareak, gozoak…  Bertan egindakoa eta bertan produzitutakoa.

Hainbat proposamen

Abiatu berria da proiektua eta oraindik ez dute ezer zehaztuta, baina landu dituzte etorkizun hurbilerako hainbat proposamen.
Toki fisikoari erreparatuko diote, batetik, baserritarren azoka dinamizatzeko proiektuan; berritu egin nahi dute gunea, kristalezko itxiturak egin eta argiztapena hobetu, bes-teak beste.

Bestetik, ekintzak eta jarduerak ere aurreikusten dira, esate baterako, sentsibilizazio kanpainak, sustapenak, tailerrak eta haurrentzako ekitaldiak.

Eta komunikazioaren alorra ere landu nahi dute. Izan ere, Zumarragako azokak nortasunik edo markarik ez duela, eta herritik edo bailaratik kanpo ez dela ezagutzen uste dute. Horregatik garrantzitsua da ezagutaraztea; marka bat sortuko dute identitate hori lortzeko eta zumarragarrek berea senti dezaten larunbateroko hitzordua.

Azken batean, lortu nahi dutena da gizartea jabetzea azokak duen garrantziaz eta, horrekin,  baserritarren lana edo nekazaritza sendotzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>