Trikuarriren erromeria

TrikuarriUrretxu-Zumarragako gazte talde batek osatutako musika taldea da Trikuarri. Zorioneko gaizki ulertu batek eragin zuen taldearen sorrera. Erromeria taldea dira eta kide guztiak musika eskolatik ateratakoak direla nabari dela diote.

Trikuarri osatzen duten kideetatik hiruk aurretik beste talde bat zuten. Neskek osatutako taldea zen, Katekexix. Nahiko kontzertu eman zituzten neskak izateagatik handik eta hemendik deitu zituztelako: «Ez daude neskek bakarrik osatutako hainbeste talde eta egun moreak edo feminismoari lotutako egunetarako deitzen gintuzten», dio Amaia Rodrigez Trikuarriko kantariak. Katekexixen gainbehera iritsi zen eta handik Trikuarrira egin zuten salto. Jauzia zoria lagun egin zuten.

Urretxuko Iparragirre institutuaren 50. urteurrena ospatzekoak zirela-eta, abestiren bat jotzeko eskaera egin zieten artean Trikuarri taldea osatu gabe zegoenean. Abesti batzuk jotzeko elkartu ziren, baina taldekideetako batzuk taldea sortzeko elkartuko zirela ulertu, eta gaizki ulertu hartatik sortu ziren. Rodrigezekin batera Uxue Kerejetak (trikitia eta ahotsa), Arri Iraetak (bateria jotzailea) eta Itsaso Larrañagak (gitarra) osatzen dute taldea. Orain, baxu-jotzailearen bila dabiltza.

Institutuko emanaldiaren aurretik elkartu eta jotzen hasi ziren. Lehenengo bi kontzertuak egun berean egin zituzten. Gaztetxean Korrika Urretxutik pasatzen zen egunean, eta Urretxu-Zumarragaren Ikastolaren 50. urteurrenaren harira egun berean egindako ospakizunean. Gero Ataunen, Ormaiztegin eta Urretxuko Iparragirren Institutuan jo zuten.

Poliki bada ere, aurrera egiteko asmoa daukate. Orain aldaketa unean daude eta udan ez dira taula gainean gehiegi arituko.

Entsegu lokalen premia

Aho batez diotenez, nabaritzen zaie musika eskolatik ateratakoak direla. Uxue Kerejeta erromeria doinu zalea da eta haren eskutik iritsi dira besteak trikiti estilora. Itsaso Larrañagak partiturak ateratzen ditu, Arri Iraetak erritmoak, Uxue Kerejetak trikitia moldatu eta ahotsen tonuak lantzen ditu Amaia Rodrigezekin batera.

Musika ondo pasatzeko jotzen dutela diote. Momentuz ez dabiltza ezeren bila, baina dauzkaten ikasketak oinarri, musikalki kantak ateratzeko gaitasuna izan badutela gehitu dute. Hasi zirenetik beste musika egile batzuen kantak jo dituzte eta oraingoz ez daukate euren kantak sortzen hasteko asmorik. Hori esanda ere, aterik ez dute ixten. Trikuarriko musikariek euren gaztetasuna alde daukate.

Orain artean Gaztetxean hala moduz egin dituzte entseguak, eta Sekundino Esnaola musika eskolan ere bai. Azpimarra egin diote bi herriotako entsegu lokalen gabeziari. «Talde asko daude, baina ezkutuan ari dira entseguak egiteko gunerik ez dagoelako», diote. Lokalak egiten dituztenean pentsatu baino talde gehiago aterako direla gehitu dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>