Bi herriak kantuan

Ezkio_eta_Itsasoko_abesbat
Ezkio eta Itsasoko abesbatzak hitzordua du bihar Alegiko festetan. Xabier Barriola legazpiarra zuzendari dutela, korua osatzen duten 18 kantariak azken entseguekin ari dira. Abesbatza duela 28 urte sortu zuen Juanito Idiakezek.

Izena aldatu berri diote oraintsu abesbatzari: lehen Ezkio-Itsasoko abesbatza zena, gaur Ezkio eta Itsasoko abesbatza da. Baina bi herrietako abeslariek ez ezik, ondoko beste herri batzuetakoek ere osatzen dute korua, 18 lagunek guztira, gizon eta emakume, Xabier Barriola zuzendari dutela. Agenda ez dute oso betea izaten, baina hutsik egin ezin duten hitzorduetako bat dute bihar, Itsasoko Alegiko elizan, Madalena jaien barruan, 12:00etako mezaren ondoren.

Ezkioko Santa Lutzin dute egoitza, Anduaga kultur etxeko areto nagusian. Hantxe elkartzen dira ostegunero hutsik egin gabe, 20:00etan. Barriolak aukeratzen ditu abestiak, eta organoaren musikarekin laguntzen ditu, emanaldietan bezala. Entseguak oso giro onean egiten dituzte, horixe baita taldearen ezaugarria.

Hiru ahotsetara

Ezkio eta Itsasoko abesbatza 18 kantarik osatzen dute, baina horietako lau bakarrik dira gizonezkoak. Horrek berezitasuna ematen dio koru honi. Izan ere, ahots mistokoa da, baina hain gizonezko gutxi egonda, ohikoa den moduan lau ahotsetara abestu beharrean, hirutara abesten dute: emakumezkoen birekin eta gizonezkoen batekin. Eta horregatik partiturak moldatu egin behar izaten dira, horrelako abesbatzetarako piezak ez daudelako idatzita. Barriola zuzendariaren lana izaten da hori.

Gizonezkoak, beraz, ongi etorriak izango dira koru honetara, baita emakumezkoak ere. Oraingo kideen adina 50 urtetik 80 urte artekoa da, eta hurbiltzen diren kantari berriak gazteak badira, hobe. Dena dela, Barriola ez da oso baikor alde horretatik; musikaren irakaskuntzarekin nahiko eszeptikoa da eta haurrei musika nola irakasten zaien ikusita,  zaila ikusten du harrobia egitea eta kantari helduentzako erreleboa izatea. Bi herrietako gazteei, ordea, dei berezia egiten die: «Ezkio eta Itsaso herri txikiak dira, eta aisiarako aukera gehiegi ez dagoenez, abesbatza horretarako aproposa izan daiteke: herrian bertan dago, astean behin bakarrik da konpromisoa eta oso aberasgarria da».

Funtzio soziala

Abesbatzaren funtzio soziala ere aipatzen du, herri txikietako abesbatzen betebehar nagusia elizkizunak eta hiletak hornitzea delako.
Ezkio eta Itsasokoak ere funtzio hori betetzen du, baina elizetatik kanpo ere egiten dituzte emanaldiak, eta errepertorioa abesti erlijiosoekin batera, munduko musikarekin, folklore euskaldunarekin eta abesti ingelesekin osatuta dago.

Ezkion eta Itsason, elizkizun eta hiletetatik aparte, konpromiso finko batzuk ere badituzte. Hasteko, lau auzoetako festetan. San Migel egunean abestu zuten Ezkion eta San Pedro egunean Santa Lutzin. Bihar Alegin abestuko dute, Madalena elizan, eta abuztuaren 24an Itsason. Gabonetan, elizan bada ere, beste bi hitzordu dituzte: Gabon Egunean eta Errege Egunean. Baina bi herrietan batera ezin direnez egon, txandaka egiten dute: urte batean Ezkion, eta hurrengoan Itsason. Yartu kultur elkarteak bi urtetik behin antolatzen duen argazki lehiaketaren sari banaketa ekitaldian ere abesten dute, udaberrian.

Ezkio eta Itsasotik kanpora ere joaten dira abestera; Ormaiztegira eta Zerainera hemen inguruan eta urrutiago, Nafarroako Bidaurretara. Haiek ere etortzen dira hona trukean.

Juanito Idiakezek sortua Gaur Ezkio eta Itsasoko abesbatza izena duen korua Juanito Idiakez ezkiotarrak sortu zuen duela ia 28 urte. Bera izan zen lehen zuzendaria, eta haren ondotik Xabier Barriolak hartu zuen kargua, orain dela zazpi urte inguru.

Xabier Barriola, eskarmentu handiko kantaria eta musikaria

Xabier_Barriola_musikariaMusikari peto-petoa da Xabier Barriola abesbatzaren zuzendaria. Urte asko dira Legazpin musika eskola martxan jarri zuela Arantxa Rodriguezekin batera, harekin eta Kontxita Biterirekin solfeoa eta pianoa jotzen ikasi eta gero. Pianoaren ondoren, organoa etorri zen, eta hainbat elizatan jotzen du gaur. Klarinetea ere jotzen du; urteak egin zituen klarinete-jotzaile gisa Legazpi Musika Bandan. Baina ahotsa ere ez du alferrikakoa musikari honek; tenore gisa ibili da, besteak beste, Donostiako Orfeoian eta Kup abesbatzan. Orain, Kea Ahots Taldean eta Conductus Ensemble koruan abesten du batik bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>