«Denon artean lortu dugu Ordiziaren izena gehiago entzutea»

Jesus_Mari_Lariz-3

Jesus Mari Larizek (Ordizia, 1953) hiru hamarkada daramatza Ordiziako Udaleko festa eta aparteko azoketako teknikari modura. «Ni zinegotzi bezala sartu nintzen 1987ko ekainean, eta arlo honetako zinegotzi lanak egiteko agindu zidaten, batez ere danborradaren kontuarekin 18 urte nituenetik nenbilelako. Kiroletako kargua, eta jaietako eta aparteko ferietako ardura eman zidaten». Udalean sartu zenetik gaur arte, bete-betean bizi izan ditu Santa Ana jaien eta aparteko azoken bilakaera. Aurtengo festak kargu horretan beteko dituen azkenak izango dira, urtarrilean erretiroa hartzeko adina iritsiko baitzaio.

Datozen Santa Ana jaiak kargu horretan biziko dituzun azkenak izango dira. Zer sentimendu dituzu?
Adinez behintzat, teknikari moduan nire azken jaiak izango dira. Zer sentimendu? Poztasuna sentitzen dut, uste dudalako gauza asko ondo egin ditugula, festak eta feriak hobetu egin ditugula, eta urtean zehar ere Ordizian gero eta aktibitate gehiago egotea lortu dugula. Urte hauetan guztietan egin dugun lana handia izan dela uste dut, ez nik bakarrik, baizik eta udaleko jende askok, boluntario modura aritu diren askok, eta baita herriko elkarteek ere. Denon artean lortu dugu Ordiziaren izena lehen entzuten zena baino gehiago entzutea.

Poztasuna aipatu duzu, baina lasaitasuna eta tristura puntu bat ere izango duzula pentsatzen dut.
Nostalgia pixka bat ere bai kargu hau utzi behar dudala pentsatzean, baina uste dut familiari denbora gehiago eskaintzeko garaia iritsi dela, askotan bazterrean utzi ditudala iruditzen baitzait (Hunkituta). Neke handiak hartu dituzte nire zereginarengatik.

Kanpotik hartzen den irudipena izan daiteke, baina badirudi Larizik gabe festarik ez dagoela Ordizian. Zer duzu esateko?
Datorrenak egin beharko dio aurre dagoenari, eta bat ez bada bi izan beharko dira. Hemen inor ez da ezinbestekoa, inor ez da ordezkaezina. Orain arte ni egon naiz, modu batera egin dut lan, eta hurrena beste bat edo beste batzuk egongo dira, eta haiek kudeatuko dituzte festak, feriak eta urtean zehar kuadrillek, elkarteek eta klubek antolatzen dituzten beste hamaika ekitaldiak.

Baina beti “hor” egon zarela ezin ukatuko duzu.
Egia dena da elkarteak eta klubak nire ezagutzan babestu direla hainbat ekitaldi antolatzeko garaian. Nik sekula ez diet laguntza ukatu, eta beharbada horregatik eman izan du alde guztietan nengoela. Kasu gehienetan haien eskariz aritu naiz, laguntzen, eta sor zitezkeen arazoei irtenbidea bilatzen.

Kargua hartu zenuenetik orain arte. Zertan aldatu dira Ordiziako festak? Zer nabarmenduko zenuke?
Festak arlo askotan aldatu dira. Aintzat hartu behar da ekitaldi batzuk oso zehaztuta daudela, tradiziozkoak direla. Horiek ez dira aldatzen, edo ezin dira aldatu, edo jendeak ez du aldatzerik nahi, eta barruan gaudenok ere ez ditugu aldatu nahi, Ordiziaren errealitatea oso ondo ezagutzen baitugu. Umeen eguna umeen eguna da, danborrada, txirrindulari proba, santanazaleena… horiek betikoak dira. Kuadrillena aldatu da, baina hori kuadrillen indarraren araberakoa izan da gehiago. Hortaz aparte, arlo askotan festak hobetu egin direla esango nuke. Hasieratik bukaerara atsedenik ez dute festak dira, eta antolatu diren ekitaldiak adin talde guztiei begira antolatuak izan dira. Beste herri batzuetan barrakek indar handia dutela, eta hemen ez da horretarako afiziorik.

Uda giro beteko festak dira, kale girokoak, eta aipatu duzun moduan, tradiziozko ekitaldiz beteak. Nola deskribatuko zenituzke?
Oso parte hartzaileak dira, eta jendea ondo pasatzeko gogoarekin ateratzen da kalera. Hori nabaria da. Ordiziarrek eta ordiziarrentzat egindako festak dira, haiek ondo pasatzeko eginak daude, baina aldi berean kanpoko jendea etortzeko ahalegina egiten dugu, kanpokoek gure festak nolakoak diren ezagutu dezaten.

Zein da gehien gustatzen zaizun eguna?
Ez nuke egun zehatz bat esango, egun bakoitzak bere xarma duelako. Danborrada da niretzako ekitaldirik garrantzitsuena, gero Santanazaleena. Eta gehien gozatzen dudan eguna kuadrillena dela esango nuke, azken eguna delako eta adrenalina askatzen hasten delako.

 

Jesus_Mari_Lariz“Nostalgia pixkat sentitzen dut, baina familiari denbora gehiago eskaintzeko garaia iritsi dela uste dut”

“Datorrenak egin beharko dio aurre dagoenari, eta bat ez bada bi izan beharko dira”

“Ordiziako jaiak oso parte hartzaileak dira, jendea ondo pasatzeko gogoarekin ateratzen da kalera”

“Lehen kuadrillak gehiago elkartzen zirela uste dut, eta elkarlanean gauza gehiago egiten zituztela”

“Hausnarketa bat ez, uste dut kuadrillek kontzientzia azterketa bat egin beharko luketela, festei ekarpen handia egiteko tartea daukate oraindik”

Eta festetatik zer da gutxien gustatzen zaizuna?
Gaur gaurkoz, mozorro eguneko karrozen inguruan egoten den zaratak. Ez matutina edo goizaldeko danborradak, baizik eta mozorro gauak. Horren bilakaerak okerrera egin duela uste dut, baina horixe, garaiak aldatu egiten dira, eta jende gazteak beste irizpide batzuk gureen aldean. Gu gauerdian ateratzen ginen mozorrotuta, orain arratsaldean.

Baina arratsaldez mozorrotzearena, berez, ez da gauza txarra.
Ez, txarra ez da, festa bizitzeko beste modu bat da. Baina mozorro eguneko txosnen eta karpen inguruan sortzen den zarata gehiegizkoa da. Arantza hori badaukat, ez dudala edo ez dugula lortu hori beste modu batera bideratzea.

Danborrada aipatu duzu zure ekitaldi kutunen artean. 2013an, danborradaren mendeurrenean, omenaldi bat egin zizuten plaza bete-bete eginda zegoela. Oroitzapen polita izango duzu ezta?
Oroitzapen atsegina da. Ez naiz horrelako omenaldien zalea, eta gainera ezustean harrapatu ninduten, ez nuen espero. Ni danborradako batzordean nengoen, eta ez nekien ezer. Ez zen hitz egin ere inori omenaldiren bat egiteari buruz. Egun hartan, plazatik danborradatik pasatu ginenean megafoniarik ere ez zegoen, eta itzuli ginenerako jarrita zegoen. Ezusteko handia izan zen.

Lehen esan du Ordiziako jaiak parte hartzaileak direla. Gaur egun ere hala ikusten duzu? Partaidetza horri buruz zer balorazio egiten duzu?
Lehen kuadrillak gehiago elkartzen zirela uste dut, eta elkarlanean gauza gehiago egiten zituztela. Zentzu horretan atzera egin dugula uste dut, lo hartu dugula. Jendea gero eta indibidualistagoa da, eta beti uste du beste norbaitek egingo duela bere partez. Kuadrillen arteko txapelketak horrela sortu ziren, eta oraindik ere martxan daude, baina badaude beste batzuk bazterrean utzi ditugunak: edozein arazoren aurrean kuadrillan elkartu eta irtenbidea ematen zitzaion, lana egin behar bazen lana egiten zen… Orain borondatea falta da. Falta ematen dudana da kuadrillok egiten genituen karrozak. Gero pixkanaka jendearen gogo faltarengatik, lokal faltarengatik, ohitura hori galtzen hasi zen.

Non ikusten diezu festei zer hobetua?
Boluntariotzan eta partaidetzan. Hausnarketa bat ez, uste dut kuadrillek kontzientzia azterketa bat egin beharko luketela, uste dut kuadrillek festei ekarpen handia egiteko tartea daukatela oraindik. Festetan mozorro gauekoa hobetuz, Euskal Jaietan eta Eguberrietan aitona-amon jantziekin ateraz eta abesten ateraz… Garaiak aldatu egin dira.

Barraken kontuei buruz zer duzu esateko? Leku aldaketa ugari, ezin asmatua…
Ordizia sekula ez da izan plaza ona barrakentzat. Ni umea nintzela lau barraka etortzen ziren. Ordizia, beste herri batzuen aldean, ezberdina da horretan, ez du barrakarik behar festa egiteko, beste modu batera bizi ditu festak. Umeak ere hor daude, eta jarri behar dira, baina Ordizian ez dago leku egokirik barrakak jartzeko. Arazo eta aldaketa asko izan ditugu, oraindik ez zaie leku aproposik aurkitu, eta uste dut oso zaila izango dela aurkitzea. Txakurtxulo zen lekua, baina eremu horretan guztian etxeak egin zituztenean bada…

Festei buruz ari gara, baina aparteko azokekin ere arduratu zara urte hauetan guztietan. Zer etorkizun dute azoka horiek?
Lehen Euskal Jaiak asteazkenarekin bakarrik ospatzen ziren, eta asteburu batean karrozen desfilea, Urretxun egiten duten moduan. Kuadrillek karrozak egiteari utzi ziotenean desagertu zen hori ere. Kontutan hartu behar da Ordiziak ez duela industriarik, Ordizia zerbitzu herri bat da, eta erakutsi behar dugu herri bizia garela. Gauzak erakargarriak antolatu beharra dauzkagu jendea erakartzeko. Ordizian, hala ere, urteko asteburu gehienetan daude ekitaldiak, eta herriko kultur, kirol eta gizarte elkarteek gauza asko antolatzen dituzte, eta gero eta gehiago gainera. Hori bai, talde horiek guztiek udalaren babesa behar dute, bai diru aldetik bai azpiegitura aldetik.

Udalean egindako hausnarketa baten ondotik dator beraz aparteko azoken kontua indartzea.
Artzain Eguna nola sortu zen kontatuko dizut. Gazta kofradiarekin elkarlanean erabaki genuen gazta berria ebakitzeko ekitaldi bat egin behar zela. Hori martxan jarri zen, baina udaletxeko batzar aretoan zen, areto itxi batean. ELE eta Lurgintzarekin batera ekitaldi batzuk antolatzea erabaki genuen, ahari lehiaketa-erakusketa. Hori pixkanaka hazten joan da, eta gerora erabaki genuen artaldea herritik pasatzearena. Pertsona batzuentzako ekitaldi bat izatetik, gizarteari begirako ekitaldi bat izatera pasa da. Hala ere, berrazterketa bat behar duela iruditzen zait, orain baino indar gehiago har dezan.

Eta Erdi Arokoa nola ikusten duzu? Aurrera egiten ez duela ematen du.
Gipuzkoan egin zen Erdi Aroko lehen azoka Ordiziakoa izan zen. Nafarroako artisauen bidez egin genuen, eta asteazkeneko azokarekin lotuta antolatu genuen, astearte arratsaldez eta asteazkenez egun osoz. Frai Andres estatuaren eta Etxezarreta kalearen bueltan egin genuen, horiek ziren libre geneuzkan kaleak. Horrela bi urtez egin genuen, eta abuztuan gainera. Konturatu ginen ez zuela zentzurik horrela egiteak, eta asteburuan egitea erabaki genuen, eta funtzionatu egin zuen. Pixkanaka indarra hartu zuen, eta aurrekontua urtez urte gora, baina gero krisia etorri zen, eta horrekin, azokaren gainbehera. Pixkanaka dekorazioa eta ekitaldiak mugatzen hasi ginen, eta horren ondorioz, erdibideko zerbait egiten ari gara azken urteetan. Azoka honek irautea nahi badugu, haren alde apustu egin beharra dago. Kontuan izan, Ordizia Erdi Aroko herri bat dela.

Zuk eman didazu hizpidea. Ez da zure ardurapekoa, baina zer iritzi duzu asteazkeneko azokaz?
Azoka guztiak gainbeheran doaz, eta lanegunetan egindakoak gehiago. Garaiak aldatzen ari dira, eta gaur egungo bikoteetan biek egiten dute lan, eta ezin dute azokara joan. Horra arte ados egon naiteke, baina aldi berean pentsatzen dut azokak hobetu daitezkeela, eta beste modu batera esplotatu daitezkeela. Esate baterako, feria horiek beranduago hasi eta beranduago bukatu daitezkeela, 10:00etan hasi eta 17.00etan bukatu. Hor lanean ari diren batzorde guztiek egin beharko dute lan, eta baloratu. Ekoizle eta baserritarrentzat ere lekua egokitu beharra dago, erosoago eta babesago egon dadin. Horrek inbertsioa eskatzen du hasieran, eta bakoitzak bere ardurak hartu beharko ditu. Orain arteko ereduarekin ez dakit oso urrutira iritsiko garen. Saltoki handi batek bezala funtzionatu beharko lukete azokek, eta zerbitzu guztiak eskaini.

Datorren urtean 750. urteurrena beteko du Ordiziak. Harresiaren zer alderditik biziko duzu ospakizun hori?
Printzipioz, 750. urteurreneko batzordeak ari naiz lanean, eta laguntzeko prest nago. Adinak esaten badit jubilatuta egon behar dudala, eta hala dela uste dut, kanpotik biziko dut, baina lagunduz. Barruan banago, ahal dudan lan guztia egingo dut, hori oso argi daukat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>