Osatzeko, osotu

Garbiñe EtxanizNik neuk ere hala uste dut, gaixotasuna ez dela osasunaren aurkakoa, egoera desegoki batean gorputzak ematen duen erantzun egokia baizik. Gorputzak hitz egiten digu, kexatu egiten da; egoera desegoki batean, gorputzaren ohiko funtzioak aldatu egiten dira egoera horretan sor daitezkeen kalteak nolabait orekatzeko: gorputzeko tenperatura igotzen da, jateko gogorik ez da izaten energia guztia sendatzera bideratzen delako, edo sustantzia toxi-koak hartu eta gero, sarri, botaka egiten dugu edo beherakoa izaten dugu, sustantzia horiek gorputzetik kanporatzeko. Eta gainera, askotan, mina agertzen da, zerbait ez doala ondo ohartarazteko edo kontzientzia eramateko ahaztuak ditugun lekuetara. Batzuetan, gorputzaren erantzuna beretsua izaten  da desoreka edo krisi psikologiko bat dugunean.

Egoera jasangaitza denean gaixoarentzat eta mina oso handia denean, botikak hartu beharko ditugu; zalantzarik gabe traumatologoaren laguntza beharko dugu istripu bat izanez gero, edo dentistarengana joan beharko dugu hortzetan arazoren bat badugu, edo zirujia egin beharko digute urdaila zulatua badugu…. Baina analgesiko bati eskerrak mina desagertzen bada ere, jakin beharko genuke arazoa ez dela konpondu. Gainera, gerta daiteke desoreka horrek berak beste organo bati eragitea, eta diagnostiko oker bat eginez, beste gaixotasun bat dela ustea, aurreko prozesuarekin zerikusirik izango ez balu bezala. Horregatik, nik ere uste dut askotan sendatzea deitzen diogula sintomak ezabatzeari, desoreka organo edo sistema batetik beste batera desbideratzeari. Sintomak baretzea edo desagerraraztea ez da sendatzea.

Sendatzeko bizi-ohiturak aldatu beharko ditugu. Bizitza modu jakin batean bizi badut (fisikoki, emozionalki, psikologikoki…) eta gaixo banago, modu horretan bizitzen jarraitzen dudan bitartean gaixo egoten jarraituko dut. Askotan gaixotasun fisikoak estali egiten du benetan gaixo dagoena: gure bizimodua.

Gaixotasunaren sintomak, askotan eraman zailak izanik, naturaren bultzada dira osasun-bide berri bat edo bizimodu osasungarriago bat aurki dezagun. Ezer ez da ausazkoa, eta zoria edo zortea deitzen diogu gure ulermenetik kanpo geratzen den naturaren legeari.

Benetako Osasunaren Zientziaren helburua da birsortze  eta sendatze prozesuak oztopatzen dituzten faktoreak identifikatu eta ezabatzea, eta, era berean, sendatzen eta osasun ona izaten laguntzen duten faktoreak ezagutzera ematea eta aholkatzea.

Osasunari eragiten dioten faktoreen sailkapen bat hau izan daiteke: elikadura, higiene fisikoa, naturarekin harremana, mugimendua eta atsedena, mentea eta emozioak, ingurumena eta giza harremanak. Faktore horien aplikazioarekin abian jartzen da naturaren sendatzeko indarra: vis medicatrix naturae. Natura da sendatzen gaituen printzipioa.

Karmelo Bizkarra medikuari askotan entzun izan diot: «Osatu eta osotu hitzak antzekoak dira, eta osatzea da sendatzea. Baina niretzat, osatzeko, osotu egin behar gara; zerbait falta zaigu gure bizitzan, eta hori landu egin behar da; buru aldetik, sentimendu aldetik edo dena delakoaren aldetik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>