Eneritz Gorrotxategi eta Ion Muñoa

Eneritz Gorrotxategi

Udako festetan murgiltzen hasita gaude dagoeneko. Festetan, ordea, gaueko mamuak agertzen dira: alkohola, drogak, eta orain arte ixilpean, eta gehienbat emakumezkoon mamutzat hartu izan direnak, sexu erasoak. Bada garaia, ordea, egunez zein gauez aske bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Eta edonolako sexu erasoak dira arbuiagarriak: ez ukiturik, ez muxurik, ez hitzik, ezta laztanik ere geuk nahi ez badugu. Ezetza, ezetza da, eta kitto.

Nik uste dut batetik Nagore Laffageren heriotzak eta bestetik iaz sanferminetan izandako taldeko bortxaketa hark gizartean orohar zerbait mugiarazi zuela eta emakumeon kontrako indarkeriari «aski da» esateko garaia zela jabetu zela bat baino gehiago. Iruñean izan ziren bi eraso horiek, eta aurten sekulako ahaleginak egin dira eraso sexistak ekiditeko. Zoritxarrez, ordea, gertatu egin dira. Iruñeko ereduak erakutsi du zero tolerantzia izan behar dela horrelako jarrerekin, baina bistakoa da oraindik ere lan gehiago egin behar dela heziketan, haur, gazte zein helduetan.

Herri txikietan ere Iruñeko eredua aplika litekeela deritzot; ea zero tolerantzia jarrera hori zabaldu eta eraso sexista bakar bat ere ematen ez den. Ez da onargarria, ez dugu zertan beldurrez bizi.  Orain arte zabalduta zegoen ixilik gordetzeko Gorrotxategi-Munoakultura hori deusezteko garaia da. Ozen esan dezagun «Ez» esan nahi dugunean.

Ion Muñoa

Bat egiten dut, zure gogoeta, salaketa eta aldarrikapenekin. Sexu eraso bat bakarra ere ez da onargarria eta ezezkoa beti da ezezko; bat bakarra ere gehiegi da. Azken urteotan, diozun gisara, badirudi kontzientzia soziala handitu dela eta gaia, sarri asko eta luzetxo nahiko ixilpean egon dena, lehen planora ekarri da festa giroari lotuta ere. Baina hau ez da festa handietako arazoa bakarrik, ezta gizartearen zati batena bakarrik, gizarteko gizon-emakume guztion, eta herri eta auzo guztion arazoa da.

Eta arazoari nola aurre egin? Hezkuntzaren gaia behin eta berriro aipatzen da, eta sentsibilizazioarena eta salaketarena eta neurriak hartzearena… Eta horiek guztiak beharrezko dira eta oraindik asko sakondu behar da horietan. Baina iruditzen zait, ez dela nahikoa, zerbait falta dela. Eta zaila da hain gai potolo, zabal eta konplexua lerro gutxitan lantzea eta are zailago irtenbideak aurkitzea. Baina salaketarik irmoena aurretik jarriz, zilegi bekit eztabaidara kontrapuntu pare bat modu sintetikoan ekartzea.

Gizakiok animaliak gara eta animalien egoera naturalean bortxa berezko zerbait da. Bortxa hori (edozein motatakoa) gainditzeko etengabeko lana da gizakiak kulturalki egiten duena, eta aldi berean, gizakia gizaki egiten duena. Baina agian, onartu behar dugu, gizakiaren animaliatasun horretan, batere bortxarik edo indarkeriarik gabeko jendartea ez dela posible. Eta onarpen horretatik hasita, kasu bat bera ere egon ez dadin ahal den guztia denon artean egin, egunen batean onarpen horretan erratuta geundela esan ahal izateko. Eta bestetik, irudipena dut sexu erasoen arazoaren errealitateari erabat lupa arrazionaletik begiratzen zaiola, hain justu ere, sexua bera eta pultsio sexualak gauzarik irrazionalenak direnean. Esango nuke, arazoari begiratzerakoan irrazionaltasun horretan ere erreparatu beharko genukeela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>