Martxa beraren doinuak

ASKATASUNAREN_IBILALDIA_19

Urretxun egun bateko geldialdia egin zuen zutabe batek. Telesforo Monzonek hitz egin zuen, udaletxetik, 1977ko abuztuaren 7an.

Berrogei urte igaro, eta aldarrikapen berdina bere-berean baldin badago, arazoak dirauen seinale. Euskal presoen gaiarekin horixe gertatzen da. Lau hamarkada pasatu dira 1977ko manifestazio uholdetik eta amnistiatik. Baina orduko puntu berberean dago afera. Denbora pasatu ez balitz bezala.

Askatasunaren Ibilaldiak ordura arte inoiz ez bezala atera zuen euskal presoen egoerari irtenbidea ematearen beharra, kalera. Edo errepidera, hobeto esan. Euskal Herria lau aldetatik zeharkatu baitzuen martxa hark, 1977ko uztailetik abuztura bitartean. Arazuriko soroetan (Nafarroa) bukatu zen, Iruñea alboan —hiribiruan biltzea debekatu zien Espainiako Gobernuak—, milaka lagunen babesarekin (300.000 diote kronikek), eta poliziaren trabekin.

Berrogei urtera, eta 20. urteurrenean ere (1997) egin zenaren antzera, beste martxa batekin gizarteratu dute, aurten, presoen auzia.

Askatasunaren Ibilaldia 1977ko uztailaren 10ean hasi zen, lau tokitatik, Amnistia eta autonomia estatutua kontsignen alde. Abuztuaren 28an bukatu zen, Arazurin. Amnistiaren Aldeko Batzordeek eta auzo elkarteek antolatu zuten, euskal alderdi eta sindikatuen babesarekin. Zutabe bana abiatu ziren Aguraindik (Araba), Lodosatik (Nafarroa), Gernikatik (Bizkaia) eta Zarauztik (Gipuzkoa), eta pasatzen ziren herrietan jendea batu zitzaien. Guztien Iruñerrian bat egin zuten, batera bukatzeko.

Aldaketa politiko garaia zen, eta munduaren aurrean euskaldunen batasuna eta indarra irudikatu nahi zuen. Mobilizazioaren ideia Telesforo Monzon politikariak iradoki zuen. Kataluniako Marxa de la Llibertat (1976) eta Gandhiren Gatzaren Martxa (1930) zituen iturri.

Politika bor-borka

Askastasunaren Ibilaldia Beasaindik igarotzen; atzean, Indar lantegi zaharra. / Argia

Askastasunaren Ibilaldia Beasaindik igarotzen; atzean, Indar lantegi zaharra. / Argia

1977a urte mamitsua izan zen Euskal Herriko politikan. Indar abertzaleek Xibertako elkarrizketak Askatasunaren Ibilaldia hasi baino hiru hilabete lehenago izan ziren, Angelun (Lapurdi), Monzonek sustatuak haiek ere. Porrot egin zuten.  Ekainean, berriz, Espainiako lehen hauteskundeak izanak ziren. Han eszenaratu zen euskal alderdien arteko dikotomia: parte hartzearen aldekoak, eta abstentziora jo zutenak.

Eskubide demokratikoen peskizan, amnistiaren aldarrikapena zabaldu zen, euskal gizartean. Goierrin gertatu zen hilketa bikoitz batek asko gaiztotu zuen, ordea, egoera: Guardia Zibilak martxoaren 8an Sebastian Goikoetxea ibartarra eta Nikolas Mendizabal Zaharra zaldibiarra hil zituen, tiroz, errepideko kontrol batean, Gabiriako Altzibar parean. Kotxeko hirugarren kidea, Francisco Aldanondo ondarrutarra, zauritu zuten.

Espainiako Gorteek 1977ko urriaren 15ean onartu zuen Amnistia Legea, eta, hain justu, Aldanondo «azken» preso politikotzat aurkeztu zuen Espainiak. Berehala beteko ziren kartzelak berriz, ordea.

Askatasunaren Ibilaldia, bestalde, Migel Angel Apalategi Apala ataundarraren askatasunaren aldeko bozgorailu ere bihurtu zen. Frantziako Poliziak atxilotu zuen, eta epaitu eta Espainiaren esku ez uzteko, gose greban zen. Estradizio eskaera abuztuaren 2an eztabaidatu zuen Aix-en-Provenceko Auzitegiak. Aurrekaria jar zezakeen.

Goierrin hiru egun

Legazpin manifestazioa 1977ko maiatzean, Amnistiaren Aldeko II. Astean. / Argia

Legazpin manifestazioa 1977ko maiatzean, Amnistiaren Aldeko II. Astean. / Argia

Askatasunaren Ibilaldiko Martxoak 3 zutabea Antzuolatik sartu zen, Goierrin. Abuztuaren 7ko arratsaldean Zumarraga-Urretxun zen, eta Juanito Arbizu alkate urretxuarrak hartu zituen ibiltariak. Ederrenan ekitaldi bat egin zen; Telesforo Monzonek eta Miguel Castells abokatuak hitz egin zuten.

Abuztuaren 8a atsedena izan zen. Legazpin hainbat zinegotzik hartu zuten; ez hala Prontxio Larrañaga alkateak. Josu Mujika hildako etakidearen hilobian loreak jarri zituzten.

Abuztuaren 9an, Ormaiztegirantz jarraitu zuen martxak. Gabiriako bidegurutzean, Mendizabal eta Goikoetxea hil zituzten lekuan, geldialdia egin, ikurrina eta loreak utzi, eta Eusko gudariak abestu zuten.  Zutabearen lehenengo asanblada Ormaiztegin egin zuten, «antolatzeko eta bidean zehar sortuz zihoazen arazoei aurre egiteko». Ordena zerbitzu bat atondu zuten, besokoekin.

Lazkaon ere geratu zen zutabea. Alkateak osoko bilkura deitu zuen, eta Ibilaldiari atxikimendua eman zion udalbatzak. Eguneko helmuga Tolosa zen, baina Ataunera desbideratu ziren, frontoian Apalaren aldeko ekitaldia egiteko. Zutabean ziren flandiarrek ere elkartasuna eman zioten ekimenari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>