«Tradizioari traizio egin gabe artzaintza berritzea da eskolaren helburua»

Batis_Otaegi__Artzain_Esko-4

Igandean Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko da Legazpin eta datorren asteazkenean Ordiziako Euskal Jaietan gazta lehiaketa ospetsua egingo da. Artzainentzako bi hitzordu garrantzitsu horien atarian, artzaintza gertutik ezagutzen duen Batis Otaegik (Legazpi, 1959) bere etorkizunari buruz jardun du luze eta zabal.

Kaletarra izanda, nola hurbildu zinen artzainen mundura?
Familiaren tabernan hasi nintzen lanean 17 urterekin, baina etxean asko ginenez, kanpora jo nuen. Hala, jakin nuen ardien esnearen kalitatea neurtzeko kontrolatzaile baten bila ari zirela, eta herriko bi artzainengana jo nuen ikastera. Juanjoxe Arangurenek eta Eguzkitzako Ariztik oso ondo hartu ninduten, eta zerbait ikasiko nuen, lanpostua eskuratu nuen eta.

Ibilbide luzea egin duzu ordutik.
Bai. Artaldeetan esnea neurtzen hasi nintzen, eta urte batzuetara, 60 artzainek osatzen zuten ELE Gipuzkoako Latxa Elkartea koordinatzea proposatu zidaten, eta han aritu nintzen 7-8 urte. Lurgintzako gestio zentroan ere integratu nintzen, eta beste 2-3 urtetan Euskal Herriko artzain gaztagileen elkartea koordinatu nuen, Artzai Gazta. 1997an, artzain eskola martxan jartzekoa zela eta, haren koordinazioa eskaini zidaten. Hogei urte badira dagoeneko.

Nondik dator artzain eskola?
Atzera egin behar da 1992raino. Orduan osatu ziren artzainen elkarteak, ardien produkzio emaitzak handitzeko helburuarekin. Ondoren muntatu zen ahari zentro bat Arkautin eta jarraian, Artzai Gazta elkartea, gazta egiteko erak hobetzeko eta salmentarako bideak bilatzeko asmoz. 1995ean Idiazabal izendapena osatu zen. Beraz, zenbait elkarte lanean ari ziren artzainen alde, baina erreleborik ez zegoen. Hura ikusita, politikoek, artzainek eta teknikariek bat egin eta tradizioari astindu bat ematea erabaki zuten, betiko eran gauzak egiteko ohiturari hain zuzen. Tradizioari traizioa egin gabe aurrera egiteko, alegia.

Eta Arantzazuko Gomiztegi aukeratu zenuten egoitzatzat.
Eskolaren ideia 1995eko Uharte Arakilgo Artzain Egunaren ondoren egindako bileran sortu zen. Bilera hartan Nikolas Segurolak esan zuen Arantzazuko fraideak prest zeudela Gomiztegiko artaldea eta instalazioak proiekturako jartzeko; fraideek beti izan dute proiektuarekiko sentsibilitate handia.

Zein helburu ditu eskolak?
Eskolan, berrikuntzak, gaurkotzeak eta modernizazioak lanbide horri eman diezaioketen abantailak erakusten dira. Eskolak inoiz ez du pentsatu artzainak egingo dituenik. Artzain izatea lehenagotik dator, familian transmitituta gehienetan, Badago ardiei lotutako kultura, eta geneak ere hor daude. Eskolari dagokio sen hori indartzea eta artzaintzatik bizitzea badagoela aldarrikatzea, berrikuntzak-eta eskainiz.

Batis_Otaegi__Artzain_Esko-3«Eskolari dagokio artzain sena indartzea eta artzaintzatik bizi daitekeela azaltzea»
«Artzain nagusien jakinduria eta gazteen berrikuntzak uztartzea da biharko gakoa»

Berrikuntza al da gakoa artzaintzaren jarraipenerako?
Artzaintzak aurrera egingo badu, pentsamenduz aldatu edo egokitzen joan behar du, baina bere betiko sena galdu gabe, hau da, sistema tradizionalarekin jarraituz: betiko ardi latxarekin, belardi eta mendiko larre komunalekin… Garai bateko egitura horiek mantendu egin behar dira, baina baita egokitu ere, artzainek era duin batean bizi ahal izateko. Azken batean, artzaintzak, beste lanbideek bezala, justizia soziala behar du, duintasuna.

Nolako harrera izan du eskolak?
Lehen urtean zortzi ikasle izan genituen. Gehienak artzain trebatuenen seme-alabak ziren. Kanpotik, oso urrutitik etorritakoak ere baziren. Harrez gero 20 urte igaro dira eta guztira 259 ikasle pasa dira.

Eta lortu al da artzaintzaren jarraipena bermatzea?
Ikasle guzti horietatik 150 aurretik artaldea zutenak dira, eta horiek aurrera egiteko aukera gehiago zituzten. Beste batzuk Hazi bezalako elkarte profesionaletan ari dira lanean, kalitate gaiekin. Beste 10 bat artzainekin lanean ari dira, eskulan gisa. Bidean ere geratu dira batzuk. Azken hiru urteetan mugak jarri ditugu eta lehentasuna eman zaie bertako ikasleei, Nafarrokoei barne, lurrak zituztenei edo etxean zerbait ikasita zutenei. Baldintza horiek betetzen zituzten 45 lagun izan ditugu, eta 30 batek jarraitu dute lanean. Emaitzak hobeak dira nahiz eta lan neketsuagoa den horiek erakartzea. Baina oso lan eskertua, badakizulako erreleboa emango dela. Eskolak etorkizun bat markatu du, eta horretan klabea izan da artzain nagusien jakinduria eta gazteen berrikuntzak uztartzea.

Nolako ikasleak dira?
Jende gaztea da. Batez bestekoa 27 urtekoa da, eta %20 emakumeak gainera. Orokorrean oso prestatuta etortzen dira, karrerarekin asko.
Goierrikoak ere badira tartean. Eskola, beste erakunde batzuekin batera, lagungarria izan da artzaintzaren aktibitatea aurrera ateratzeko, baita Goierrin ere. Legazpin, Zerainen, Idiazabalen, Lazkaon, eta Goierritik gertu, Antzuolan edo Eskoriatzan eskolatik igarotako artzainen ustiategiak daude, etorkizun oparoarekin.

Ikasturtea nola egituratzen da?
Sei hilabetekoa da, bitan banatuta: batetik, arlo teorikoa, Gomiztegiko gure artaldearekin praktikak eginez, eta bestetik, praktikak zenbait artzain profesionalen etxeetan. Ikasle bakoitzaren profila kontuan hartu eta beste etxalde batzuetara bideratzen ditugu, askotan ikasle ohiengana. Geroz eta sare handiagoa daukagu eta hasi gara praktika horiek Iparraldean ere egiten. Ikasle bakoitzak, gainera, bere ametsetako proiektua landu behar du.

Proiektua izango da garrantzitsuena, ezta?
Bai. Hasieratik guk laguntzen diegu proiektua gauzatzen. Landu nahi duten artzaintza motarako orientazioa ematen diegu: haragitara, gazta egitera edo esnea saltzera bideratuko duten ustiategia; artaldea nola gobernatu edo elikatu behar duten; animalien gaixotasunei aurre nola egin; bazka nola hobetu, ugalketa nola egin… Gazta ezberdinak egiteko aukera ere aztertu beharko dute, nahiz eta Idiazabal izango den zutabe nagusia: gazta freskoa, gazta urdinak, camembert-ak, laktikoak… Marketina eta komertzializazioa ere garrantzitsuak dira, baita dibertsifikazioa ere.

Dibertsifikazioa?
Esplotazio bat ezin bada artaldetik bakarrik bizi, zergatik ez bilatu beste diru sarrera iturriak? Esne produkzioa beste gazta motak egitera bideratuz, turistak hartuz, parke naturaletan edo mendietan lan eginez… Hemengo ustiategien arazo handiena da unitate familiarrak direla gehienak eta lan asko dagoela bi pertsonentzat; 1,8 lagunek egiten dute lan batez beste, erdi esklabotzan, eta dibertsifikazioak ekarri dezake diru sarrera bat hirugarren pertsona sartzeko, denak era duin batean bizitzeko.

Zein da jarduerak aurrera egiteko klabea?
Batetik, gastuak ahalik eta gehien gutxitzea; animaliak belardietan bazkatuz eta elikagai gehiena artzainak berak sortuz, esne litroaren kostua jaitsi egiten da. Bestetik, sortzen den produktua, gazta gehienetan, ahalik eta hobekien kokatu behar da merkatuan. Hori ondo barneratu behar dute ikasleek. Azken urteotan artiletik eta arkumeetatik ezin da bizi, eta esnetik bizi dira artzainak, gazta eginez edo zentraletara salduz.

Ikasleak proiektuarekin aurrera egitea erabakiz gero, zer?
Eskolakoa oinarrizko formazioa da, sei hilabetetan ezin da ikasi hain langintza konplejoa, baina oinarri interesgarri bat hartzen dute ikasleek, eta gero Hazi elkarteak formazio osagarria ematen die. Coaching sistemak ere inplementatu ditugu eta laguntza teknikoa eta aholkularitza ere ematen da etengabe bi urtetan.

Noiz hasiko da hurrengo ikasturtea?
Urriaren 2an, 8-10 ikaslerekin, baina lekua badago oraindik. Eskola beti zabalik dago azken unera arte. Ikasleek Arantzazuko aterpean geratzeko aukera izango dute aurten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>