Jo tinc por

Joxe BegiristainAbuztuaren 26ko Bartzelonako manifestazioaren biharamunean ari naiz hau idazten. Bartzelonako eta Cambrillseko atentatuen inguruko ahalik eta azterketa eta iritzi zentzudun gehien ezagutzen saiatu naiz. Azterketak eta iritziak diot, gertatutakoaren informazioa eman beharrean, kataluniarren borondate demokratikoa itzaltzeko baliatzen duten zentzugabeko jarrerez hainbat komunikabide espainiarrek darabilten gorrotozko sasi-kazetaritza albora utziz, beraz.

Erretxinduta idazten omen dugu iritzi-emaileok. Beti zerbaiten edo norbaiten kontra. Haserre, ezkor eta batez ere, guk geure burua gainontzekoenen gainetik omen dugu. Orojakiletzat gaituenik ere bada.

Nik aitortzen dut oso gustukoa dudala eguneroko prentsako nahiz aldizkarietako iritziak irakurtzea. Izan ere, iritzi-emaile guztiek, eta, beraz, nik ere bai neure xumean, agerian uzten ditugu gure pentsaerak, gai jakin bati buruzko iritziaz hasi eta utopia lirudikeen etorkizuneko helburu, asmo nahiz asmakizunez. Zer esango dizuet bada? Nahiago dut esandakoaz damutzea, aurreikusitakoa ez asmatzea edota norbait nik esandakoarekin erretxintzea, esan nahi nukeena isiltzea baino; politikoki zuzenak diren jarreretan, ahots-berdintasunean, olatuen ibiliaren baitako aparra izatea baino.

Eta, benetan ez naizela erretxinduta bizi ni! Alderantziz, oso jakitun naiz, tokatu zaidan bizimoduaren pagotxaz. Beharbada horregatik zuritu behar izaten dugu geure burua, gu bezain ondo ez daudenen tokia hartu nahi ez, eta gutxienez, haiek babestuz edo haien auziarekin bat eginez behin eta berriz iritzia eman ez ezik, bestelako ahaleginak ere egiten ditugunean.

Iritzi-emate pulpitu honetatik egiten duguna da, gure baliabide hauek ez dituztenen miseriak aireratzen saiatzea behinik behin. Inoiz errudunen bat lotsaraztea lortuko ez bagenu ere, justiziarik ez dagoen tokian hori agerian utzi nahian.

Bikoteak jipoitu duen auzoko emakumearen larruan, Altsasuko gazteen ziegetan, heriotzatik ihesi nahian dabiltzan migratzaileen Mediterraneoko txalupetan edo jihadisten parean Ramblatan tokatu ez garelako. Bizitzaren eta heriotzaren arteko muga, hirugarren baten erantzukizunaren baitan baizik ez duten milioika pertsonaren egoeran ez gauden bitartean, gutxien-gutxienez guzti horiek gogoan izateko betebehar morala dugu, horren eroso bizi izatea tokatu zaigunok.

Borreroek ez dute iritzi-artikulurik idazten, ez dute horren premiarik. Aldiz, idazten jartzea baino aurreagoko lanak dituzten kondenatuen egoerak ikustarazteko behinik behin, Blas de Oterok esan zuena errepikatuz, hitza geratzen zait. Hitza geratzen zaigu, ez zerbaiten edo norbaiten kontra aritzeko, alde aritzeko baizik: heriotzaren kontra aritzea bizitzaren alde aritzea delako. Bartzelonakoa eta Cambrillsekoa errepikatuz jihadistek oraindik ziur burutuko dituzten sarraskietan hilko dituztenak, gero eta gutxiago izan daitezen politiken alde gaudelako.

Azken batean, hori ez delako konpontzen unean uneko jihadistak bertan jo ta garbituz. Nor baino nor basatiago apustuan dabiltzan agintari gerlari bakezale (gerlari bakezalerik ez dago) guztiek dakite hori. Gu gara sobra ere, benetan ba-kean bizi nahi dugunok, agintari horiek aldatzeko gai ez garenak.

Gure ezgaitasun honek beldurtzen nau ni. Bakearen aldeko kontzientziak astindu eta elkarlanari heltzeko, Kataluniako hilketak gertatu beharrak eta agintarien gerra-politiken ondoriozko eguneroko errugabeen hilketen ikusezintasunak beldurtzen naute ni.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>