Ikastola hasi zela 50 urte

ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOLIrail honetan 50 urte bete dira Zaldibiako Iztueta ikastola sortu zutela. 1967ko irailean ekin zion haur zaldibiarrak euskaraz eta euskal kulturan hezteko proiektuari, Guraso Elkartearen ekimenez —1965ean sortua hura—. Ikasturtea hiru eta lau urteko 7-8 haurrek hasi zuten, Leku Eder etxe azpiko lokal batean, gaur egun belardenda dagoena. Auzolanean egokitu zuten tokia.

ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOL-7Iturritzako Maria Rosario Mendizabal izan zen lehenengo irakaslea.

1968an, maila bat gehiagorekin segi zuen Iztueta ikastolak, haurrak adinean aurreratuz zihoazen heinean. 1969an, 30 ikasletik gora zebiltzan jada, eta bigarren andereñoa hasi zen: Amezketako Arantxa Etxeberria. Beste lokal bat hartu zuten, leku beharrez: Txindoki etxeko lokal bat (orain Illatiren biltegia dena).

ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOL-61970a, jauzi nabarmena egiteko urtea izan zen. Batetik, Lehen Hezkuntzan hasteko garaian ziren ikasleak zeuden ikastolan, derrigorrezko fasea jada. Bestetik, Espainiako Gobernuak legeztatzeko baldintza jarri zien ikastolei —batere errazten ez edo oztopatzen zuena, bestetik—, eta irakasle tituludunak edukitzekoa. Elizaren zentro gisa hartu zuen babesa ikastolak. Nekane Arruebarrena larraiztar irakaslea orduan iritsi zen Iztuetara.

ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOL-5Lehen Hezkuntzakoen gelak Mariaundiñeko ganbaran egokitu zituzten, egurrezko hormekin hiru gelatxo bereizita. Han hasi ziren 1, 2 eta 3. mailak.

Gerora, Ordiziako Jakintza ikastolarekin lotu zuten jarraipidea Zaldibiako ikastolakoek. 1972an hasi ziren han 4. maila egiten Zaldibiako bi ikasle. Urte hartan bertan, bi urteko umeentzat gela zabaldu zuten Iztuetan, Arretxeko Antonio Etxeberriaren lokalean hura ere. Ehun ikasletik gertu ziren denera.

ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOL-4Garraioa, haurrak baserrietatik eraman-ekartzeko, furgonetekin egiten zuten. Jantokia ere atondu zuten. Agotxaneko Pantxika Etxeberria izan zen lehenengo sukaldaria. Jana etxean prestatu, eta Guraso Elkartean ematen zien, gurasoek txandaka laguntzen ziotela.

Illati, kartoiak, seguruak

Lege aldeko babesa Santa Fe parrokiarengan aurkitu bazuen, ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOL-3ekonomikoki erabat autonomoa zen Iztueta ikastola. Dirua biltzea izan zen kezka handietako bat, legearen jazarpenaz gain. Gaintzatik eta Abaltzisketatik ere Zaldibiako ikastolara etortzen ziren haurrak; hasieran autoetan ekartzen zituzten, eta gero furgoneta batekin hasi ziren garraioan.

Lan-taldeka antolatzen zituzten zereginak: jantokia, garraioa, udalekuak… Ekonomikoki laguntzen lan ikaragarria egin zuen jendeak; bai gurasoek, bai irakasleek, bai gainerako herritarrek.

ZALDIBIAKO_IZTUETA_IKASTOL-2Zaldibian tonbola sortu zuten, jaietan dirua ateratzeko. Beste herrietara zabaldu zen gero. Larunbatetan kartoiak biltzen zituzten etxerik etxe, gero saldu eta sos batzuk lortzeko. Errifak, festetako taberna, jaialdiak eta kultura-ekitaldiak, seguruak saltzetik —eta erostetik— geratzen zen komisioa… Ezin konta ahala ekimen bururatu eta burutu zituzten.

Illati taberna izan zen beste ideia bat, diru iturriak iraunkortzeko ahaleginean. Lokala erosteko eta egokitzeko dirua 13 lagunek jarri zuten. 1972an ireki zuten Illati, eta 1978ra arte egon zen ikastolaren zerbitzura. Errentan jarri zen gero, eta 1980an saldu zen. Diru kontuak bahituta izan zituzten, geroagotxora arte.

Iztueta ikastolak 1979ra arte segi zuen. Eskola publikoarekin bat egin, eta euskarazko hezkuntza emango zela ziurtatu ondoren, Lardizabal sortu arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>