Iraia Oiarzabal eta Nagore Belastegi

Iraia Oiarzabal

Kuriosoa da lanbide dugun kazetaritzaren mundu honetan nola sentitu gaitezkeen batzuetan komunikatzeko ezgai. Askotan gertatu izan zaigu aldizkari honetako hilabeteroko iritzi zutabea idazteko atakan jartzen garenean gaia ezin bilatu ibiltzea. Orduak ematen ditugu ordenagailu aurrean, prentsa agiri artean galduta eta sare sozialek botatako azken orduko gertaeren peskizan. Eta hala ere zertaz hausnartu ezin asmatu ibiltzen gara. Biralitatea nagusi den honetan sentsazioa izaten dut dena esanda dagoela jada, 140 karakterek laburbildu dezaketela dena. Agian hortxe egongo da koska, lehertu arteko informazio jasa da gaur egun hedabide ezberdinen bitartez jasotzen duguna. Berehalakotasuna da erregina eta gertaera sinpleenetik eskandalua ateratzeko trebezia ederki garatu dugu. Baina zer gelditzen da gero horretatik? Jario guzti horrek ematen al du hausnarketarako biderik? Gai al gara azalekoa eta pisuzkoa dena ezberdintzen? Zinez inoiz baino informatuago al gaude? Edo agenda eta iritzi publikoa mugatzea da azken buruko xedea? Entretenimenduak inoiz baino balio handiagoa hartu duela esango nuke. Denoi gustatzen zaigu tarte batez arazoetatik eskapatzea, baina hasierako hariari helduz eta gu geu sare honetan sartuta gaudenez, balioan jarri nahi nuke kazetaritza zorrotz eta independentea, Oiarzabal-Belastegimorboa eta manipulazioa baztertzen dituena, askotan desesoroa bada ere. Jarraitzeko prest?

Nagore Belastegi

Eta berriro tokatzen zaigu. Egutegian badugu eguna borobilduta eta puntual jaso dugu eskakizuna egiten digun emaila, baina, berriro gaude izerdi hotzak botatzen. Zein gai aukeratuko dugu oraingoan? Badirudi albiste aipagarri gehienak tristeak direla honelako espazio batean lantzeko, baina era berean gure espazio txiki hau interesgarria suertatzea nahi dugu. Eta normalean inguruan duguna iruditzen zaigu interesgarri. Baina zein paradoxa, gu hemengoak izanda askotan urrun dugu burua –baina ez bihotza–. Hauteskundeak hemen, eztanda bat han, protestak astebururo eta 100 email egunean. Egin beharrekoak dira horiek, derrigorrez kontatu beharrekoak, eta halako batean askatasunerako parrafo bat dugunean ez dakigu zertaz idatzi. Informazio gaindosia izaten dugu egunero, denok, nahi gabe, teknologia berriak maneiatzen ez duten arraro horietako bat izan arren, ezin dugu ekidin. Azukre gehiegi jan duen haurraren antzera ibiltzen gara, eta kontsumitu dugun guzti horren arrastoak buruan geratzen dira gauean, biraka, beranduegi hartutako kafe bat bezala. Hainbat telesail ez omen dira egokiak haurrentzat, baina informazio saioetan eskaintzen den informazioa ikustea nahi ez dugun hori baino bortitzagoa da. Beraz, telebista piztean zer uste duzue ikusten dudala? Pentsarazten ez nauen zerbait, bidegabekeriaz beteta dagoen mundu batetan bizi garela gogoratzen ez didan zerbait. Ez dut eztabaida politikorik ikusi nahi, ezta azken orduko rotulo gorririk ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>