Artelanak ikusgai

Basherri-2017

Artista egin ala jaio egiten da? Seguru asko, erantzun bakarra ez duen galdera eternoa hauxe. Lazkaoko Enparandegi baserriko Juan Joxe Garinek ez du artistatzat bere burua, baina benetako artelanak ditu etxean gordeta, berak eskuz eginak. Galdaragintza izan du lanbide, baina autodidakta izan da beste hainbat esparrutan. Egurrarekin edo metalarekin egindako baserriko hainbat tresnen bilduma du etxean, miniaturan. Etzi, Lazkaon egingo den VI. Basherri egunean ikusgai jarriko ditu horietako hainbat pieza.

Garai bateko baserriko bizimodua, ohiturak eta lanak galtzen ari zirela jakitun, Garinek etxean zituen hainbat tresna zaharberritzeari ekin zion orain hainbat urte. Horretan zela, Lazkaoko Udala Basherri eguna antolatzekotan zela jakin zuen, eta ordutik urtero parte hartu du emaztearekin batera baserriko lanbide ezberdinen erakustaldia egiten.

2012an egin zen Lazkaoko lehendabiziko Basherri eguna. Animalien erakustaldia izaten da urtero, baita garaian garaiko produktuak erosteko aukera ere. Gainera, urtero askorentzat arrotzak diren lanbideak ezagutzera emateko erakustaldiak ere egiten dituzte, aipatu bezala, Enparandegi baserrikoen ahaleginari esker.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA2012: Artoa

Lehendabiziko Basherri egun hartan artoa makinaz nola aletzen eta txikitzen zen erakutsi zuten Enparandegikoek. Etxean beti ezagutu izan zituen lan horiek Garinek, hain zuzen, urte hartan erakutsitakoak originalak ziren, zaharberritutakoak.

Artoa aletzeko makinarekin aleak oskoletik banatzen ziren. Gero, aleak txikitzeko makinara eramaten ziren. «Arto ale txikituak oiloei jaten emateko erabiltzen genituen», dio. Garinen esanetan, berak 25 bat urte bete zituen arte erabili izan zituzten etxean makinok. Nostalgia puntu batekin gaineratu du, «orain 40 bat urte» utzi ziotela baserrian artoa egiteari.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA2013: Haria

Olaberriko aitonari ikusita ezagutu zuen ofizio hau gaztetan Garinek, «artzaina zen bera», esan du. Bi artzainen laguntzarekin haria eta galtzerdiak egiten ikasi zuten urte hartan Garinek eta emazteak. «Artilea kardekin kardatu behar da aurrena», azaldu du. Ondoren, kabillaren laguntzarekin egiten da haria, bueltak emanez eta eskuekin lagunduta, gero hari-pilotak egiteko. «Galtzerdiak kakorratzak erabiliz egiten ziren».

OLYMPUS DIGITAL CAMERA2014: Garia

Gari-lanak nola egiten ziren erakutsi zuten. Garia garbitzeko makina, haizatzailea (aventadora gaztelaniaz) egin zuen horretarako. «Garia igitaiarekin ebakitzen zen soroan, eta sortetan biltzen zen gero». Sortak banan-banan hartu eta harri batean jotzen ziren aleak askatzeko. Aleak garia garbitzeko makinara pasatzen ziren, gero, azala kentzeko.

«Gariaren behar handia zegoen, ogia egiteko». Gaztea zela, baserri guztietan egiten zela garia oroitzen du Garinek: «Behin garbituta, errotara eramaten zen, bertan irin bihurtu eta ogia egiteko». Urte guztiko ogia ekartzen zen errotatik. Garia oso preziatua zen orduan; «Perratzaileari ere garitan ordaintzen zitzaiola gogoratzen dut», gaineratu du.

BASHERRI-20152015: Antzinako lixiba

Etxean ezagutu ez bazuten ere, garai bateko baserri gehienetan zegoen arropa garbitzeko tina. Tinak bi zulo txiki zituen ondoan, eta lixiba-harria izeneko pieza bat azpian. Lixiba-harriaren azpian harraska jartzen zen, tinatik ateratzen zen ura jasotzeko.

Hamabost egunean behin egiten zen lixiba, oheko arropak eta bestelakoak garbitzeko. Tina arropaz bete eta arpilla izeneko zapi batez estaltzen zen, «lihozkoa izaten zen». Gainean sutako hautsa botatzen zen eta aurrez sutan irakindako ura botatzen zen etengabe hiru bat orduz edo. «Sutako hautsak arropa zuri-zuri uzten du, eta usain berezia ematen dio, bestela badirudi ere».  Behin lixiba eginda arropa errekan eragiten zen, lehortzera eseki aurretik.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA2016: Dezterea

Baserriko lanabesak zorrozten aritu ziren, zorrozgailu batekin. Gainera, Garin sega pikatzen ere aritu zen. «Dezterearekin egiten da, sega pikatzeak segaren orria mehetzea eta zuzentzea esan nahi du, gero, hobeto moztu dezan». Burdinezko txingudea egurrezko oinarri batean sartzen da: «Sega gainean jarri eta sega-mailuarekin kolpeak ematen zaizkio orria mehetzeko».

2017: Erakusketa

Etzi ez da lanbide erakustaldirik izango, baina Enparandegikoek baserriko tresnen erakusketa jarriko dute plazan. Guztiak Garinek egindakoak dira, miniaturan. Benetako artelanak, bisita merezi dutenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>