Festa erronka bihurtuta dator Kilometroetan

Gipuzkoako 21 Ikastolatako ikasleek parte hartuko dute Kilometroak 2017 erronkan, Oñatin, datorren igandean. Horien artean Goierriko lau ikastola daude: Legazpiko Haztegi, Urretxu-Zumarragako Ikastola, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito.

Erronka egitasmoa 14-16 urteko gazteei zuzendurik dago. Proba zirraragarri eta ikusgarrien bidez, Gipuzkoako 21 ikastolatako DBH 3. eta 4. mailetako ikaslez osaturiko taldeen arteko lehia izango da. Modu horretan, gazteei protagonismoa emateaz gain, zirkuituaren zentzua indartu eta gune ezberdinen arteko mugimendua bultzatzeko asmoa dute, probak zirkuituan zehar zabalduz. Taldeak gutxienez 8 ikaslez – gehienez 16– eta 2 kapitainez osatuta egongo dira.

Kilometroak 2017 eguna baino lehen, 2017ko ekainean barrena, talde bakoitzak aurkezpen bideo bat aurkeztu zuen. Egunean bertan, berriz, goizean bi probatan parte hartuko dute eta arratsaldean, finalak jokatuko dituzte. Talde irabazleak jasoko duen saria, topera saiatzeko modukoa izango da, 2.000 eurokoa izango baita.

Gazteentzat alternatiba

Erronkak honako helburuak ditu: euskararen erabilera sustatzea gaztetxoen artean, ikastolei protagonismoa ematea, zirkuituari garrantzia aitortzea, eta batez ere, alkoholaren kontsumoaren aurrean hura prebenitu eta gutxitzea.

Xeber Maiza Lazkaoko San Benito Ikastolako Ikasketa Buruari «oso interesgarria» iruditzen zaio adin tarte horretako gazteentzat festarako alternatiba bat bilatzea. San Benitoko ikasleei proposamena egin orduko, «ikasle pilo bat apuntatu» zela argitu du. Gazteen artean interesa piztu du erronkak. Talde guztiei Oñatiko plazan egingo dieten harrerarekin hasiko da erronka, 10:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>