«Katalunian gertatzen ari dena historia liburuetan azalduko da»

Eli_Zunzunegi

Eli Zunzunegi kazetaria (Legorreta, 1966) Bartzelonan bizi da 1993. urtetik, eta EITBko albistegietako Kataluniako berriemalea da. Urriaren 1ean egitekoak diren erreferendumaren inguruan egunotan Katalunian bizitzen ari denaren laburpena egin dio Goiberri-ri. Elkarrizketa asteartean egindakoa da.

Irailaren 20a historiako liburuetan agertuko den data berria izango da. Zer aldatu da Katalunian irailaren 20az geroztik?
Inongo zalantzarik gabe. Gauzak asko aldatu dira: batetik, Guardia Zibila Generalitateko sailetan sartu zelako, eta bestetik, jendearen mobilizazioagatik. Ez dakit kontziente garen ala ez, baina Katalunian azken urteetan hainbeste aldiz erabili dugu egun historikoa esaldia, baina irailaren 20a zalantzarik gabe, egun historikoa izan zen. Katalunian aurrerantzean gauzak ez dira berdinak izango. Bakarren batek itxaropen bat baldin bazuen, Espainiako Gobernuarekin negoziatuz egoera hau konpontzeko, irailaren 20 gauean Mariano Raxoiren interbentzioa entzun eta gero, itxaropen guztiak pikutara joan ziren.

Mossoak kontrolpean nahi ditu Espainiako Gobernuak.
Erreferendumaren eguna gerturatzen ari den neurrian, mugimendu dezente izaten ari dira eta batez ere, mossoak kontrolpean izan nahi ditu. Kontua da, fiskaltza aginduak ematen hasten denean zer gertatuko den. Mossoen sindikatu nagusiko bozeramaleak dioenez, gizartean gertatzen den gauza bera gertatzen da mossoetan ere, denetik dago, batzuk aldekoak eta besteak kontrakoak.

Generalitatea, berriz, urratsak egiten ari da urriaren 1ean erreferenduma egiteko.
Aurrera jarraitzen du bai, baina ez da egoera normal bat inondik inora ere. Mahaiak osatzen dituztenek gaur [asteartean] hasi dira jakinarazpenak jasotzen. Hauteskunde batzuetan askoz ere lehenago jasotzen da, norbaitek ezin badu jakinarazteko. Ez dakit nola egingo duten orain.

Urriaren 1era bitartean zer espero daiteke?
Ez dakit, egia esanda oso zaila da aurreikustea. Prozesu hau guztia hasi zenean, Artur Masek aipatu zuen, momentu batean dimentsio ezezagunean sartuko ginela. Eta nik uste dut horretan gaudela aspaldi samarretik, eta orain are gehiago, irailaren 20koa ikusi ondoren. Nik uste dut momentu honetan ez dagoela Katalunian inor gai denik esateko urriaren 1a bitartean zer gertatuko den. Puigdemontek berak segurasko ez du jakingo eta Espainiako estatuak ere ez. Badaukat sentsazioa, tentsioa areagotu egingo dela. Irailaren 20an Espainiako Gobernuko presidenteak oso garbi utzi zuen, Puigdemonti atzera egiteko eskatzen zion, bestela gauzak okerrago jarriko zirela. Nik uste dut espero behar dugula datozen egunetan Carmen Forcadellen aurka egitea, edo Oriol Junqueras atxilotzea edo inhabilitatzea, edo Puigdemont bera… ez dago ezer baztertzerik.

Eta urriaren 1ean?
Ez dakigu poliziek edo guardia zibilek boto kutxak aurkituko dituzten urriaren 1a baino lehen. Oraindik gobernuak esaten du erreferenduma egingo dela, baina zailtasun guzti horiei aurre egitea oso zaila izango dela ikusten ari da. Espainiako Gobernuak ostiralerako [gaurko] eskola guztiak kontrolatuta eduki nahi ditu, boto kutxak sartu eta dena prestatzea ekiditeko. Egun gutxi falta dira eta ematen du tentsioa geroz eta handiagoa izango dela.

Eta urriaren 2an?
Nik ez dut ikusten hemen urriaren 2an mahai batean esertzeko baldintzarik ematen denik. Egun hauetan dagoen egoera, eta batzuk eta besteek jokatzen ari diren bezala, giroa geroz eta gaiztoagoa da, eta nik uste dut egun batetik bestera ez dela konponduko, haustura handia dago. Irudipena daukat, norbaitek bitartekaritza egin beharko duela hau konpondu ahal izateko.

«Artur Masek zioen dimentsio ezezagunean sartuta gaude aspalditik»
«Ez da egun batetik bestera konponduko, haustura handia dago»
«Norbaitek bitartekaritza egin beharko du hau konpondu ahal izateko»

Kataluniako gizartean zein eragin izan dute Espainiako Gobernuak azken egunetan hartutako neurriek?
Irailaren 20ko gertakariekin independentziaren alde zeudenak berretsi egiten dute beraien borondatea. Bestalde, indenpendentistak ez direnak ere, azken egunetan gertatzen ari dena ikusi eta gero, askok eta askok, erreferendumaren alde azaldu dira, erabakitzeko eskubidearen defentsa bezala edo Kataluniako erakundeen defentsa bezala hartu dutelako. Irailaren 20koak mugimendu independendistari mesede egin ziola uste dut, jende gehiago inguratu du, ez independentziara, baina bai behintzat erreferendum hori egitera.

Kataluniako gizartea zatituta dagoenaren irudia zabaltzen ari dira hainbat komunikabide.
Ez nuke zatiketa hitza erabiliko, tentsio gehiago dagoela bai.  Zatiketaren iritzi eta irudi hori ematen ari direnek, atzealdean badute helbururen bat.

Momentu jakin batzuetan herritar ugari atera da kalera.
Azken egunetan Asamblea eta Omniun asko neurtzen ari dira jendea kalera ateratzeko deialdiak, beldur direlako zerbait gertatzen bada, berehala Bartzelonako itsasontzietan dauden guardia zibil eta polizia nazional horiek denak ateratzeko aitzakia izango dela. Ikasleek grebak deitu dituzte bi egunetan, eta ostegunean [atzo] manifestazioa egiteko asmoa daukate. Nik uste dut hori tentsio handieneko momentu bat izango dela. Momentu honetan horrelako manifestazio bat egitea arriskuan jartzea izango litzateke agian.

Kazetari bezala nola bizi duzu egoera guzti hau?
Lan asko, zalantzarik gabe, ikaragarri. Lan asko da, baina hemen lanean ari garenok oso kontziente gara, egunotan Katalunian gertatzen ari dena historia liburuetan azalduko dela eta guk pribilegio hori daukagu, dena gertu-gertutik jarraitzea eta azaltzea. Hori ordaindu ezin den saria da.

Ia 25 urte daramazu Katalunian. Zein izan da independentismoaren bilakaera horren gakoa?
1993an egoera erabat desberdina zen, independentziaren alde zeudenen kopuruak ez zeukan inolako zerikusirik gaur egungo egoerarekin. Baina 25 urte hauetan badago momentu bat gauzak aldatzen direna: Kataluniako Estatutu berriaren aurkako sententzia. Une hartatik aurrera gauzak erabat aldatu ziren. Krisi ekonomikoak seguru asko ere lagunduko zuen jende askok independentzia aldera egitea, baina zalantzarik gabe estatutuarena oso garrantzitsua izan zen.

Duela 25 urte Kataluniatik Euskal Herrira begira egoten ziren, eta orain alderantziz da.
Bai, hori ere nabarmen ikusi dut nik. Hasieran nolabaiteko miresmena zegoen Euskadin zegoen egoerari buruz. Horretan ere gauzak asko aldatu ziren Hipercorreko atentatuaren ondoren, baina hala eta guztiz ere bazegoen miresmena. Baina orain alderantziz gertatzen ari dela iruditzen zait. Ez hori bakarrik: batzu-batzuek Euskadira begiratzen dute ea zer egiten duten, eta batzuk kritiko ere bihurtu direla esango nuke.

Zer ikusten dute Euskal Herrira begira jartzen direnean?
Zein sektorerekin hitz egiten duzun arabera da hori. CUPekoekin hitz egiten baduzu, begi onez ikusten dute Gure Esku Dago eta ezker abertzaleak egiten duen guztia, eta kritiko samarrak dira EAJ-rekin. Baina sumatzen dut, gizartean, jendeak esaten duela, «euskaldunak zuenera zoazte». Denetarik dago. Hasieran zegoen miresmen hori ez dago gaur egun.

Zer espero zuten, babes handiagoa?
Gaur egun EAJk PPrekin duen akordio hori ere jende askok ez du begi onez ikusten Katalunian. Orain asko begiratzen diote datozen egunetan EAJk urriaren 1ari begira egingo duenari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>