«Gizartean dagoen erabateko matxismoak harritu nau batez ere»

Ane_AlberdiIaz kooperante lanetan aritzeko lehen saiakera egin bazuen ere, ordu hartan ez zen posible izan, baina aurten berriz saiatzea erabaki zuen Ane Alberdi gazte legazpiarrak. Nikaragua iparraldean pasa ditu bi hilabete uda honetan, eta orain astebete eskas iritsi da Legazpira.

Nolatan kooperante Nikaraguan?
Bartzelonako ONG Voluntariado izeneko erakundearekin harremanetan jarri nintzen. Bertan informazio guztia pasatu zidaten eta animatu egin nintzen. Nikaragua ez da nik aukeratutako herrialdea izan, erakundetik bertatik bideratu ninduten bertara.

Nolatan?
Erakundetik zein leku eta lanetan aritu nahi nuen galdetu zidaten, eta hala niretzako egokiena zen helmuga hautatu zuten. Nik garbi nuen ikastetxe batean lan egin nahi nuela. Nikaragua aukeren artean zegoen herrialde merkeenetakoa zen, eta horrek ere eragina izan du azken aukeran, bidaia, egonaldia eta dena nire poltsikotik ordaindu behar izan baitut.

Zerekin  topo egin zenuen iritsi zinenean?
Esperientzia bakarrik bizi nahi nuen, baina banekien nire modura kooperante lanetan zebiltzan gazteekin topo egingo nuela han. Aurreiritzirik gabe joaten saiatu naiz, bertara iritsitakoan ikusitakoarekin  gelditu nahi nuen.

Zein izan da zure egitekoa bertan?
Esteli herriko Escuela Cristal izeneko ikastetxean aritu naiz lanean, 2 eta 15 urte arteko haur eta gazteekin. 15 urteko gazte gehienak behar berezietakoak dira, hauek ez baitaukate bigarren hezkuntzara pasatzeko aukerarik han. Haien irakasleei gazte hauekin laguntzea izan da nire eginkizuna.

Ezberdintasunak handiak dira?
Irakaskuntza ikasi dut, eta konparazioak egitea saihestezina da. Klaseen erritmoa oso motela da, eta irakasleen maila ere ez da berdina. Ikasitako jendea den arren, akats ortografiko ugari egiten dituzte, adibidez. Bestalde, hemen jada galduta daukagun zenbait gauzetan, balioetan esaterako, asko daukate irakasteko.

Zer nolako esperientzia izan da?
Sekulakoa. Bihar bertan errepikatuko nuke. Gehien harritu nauena gizartean dagoen erabateko matxismoa izan da. Gauza batzuk ezin direla aldatu konturatu naiz zentzu horretan, eta bertako egoerara egokitzea besterik ez dago. Erlijioak min handia egin du Nikaraguan, han %95 kristauak dira. Gizarte guztiz patriarkala da, eta orain urte batzuetako hemengo gizartea gogorarazi dit. Gainerakoan, dituzten balioak atentzioa eman didate, oso gutxirekin zoriontsu dira. Horrekin gelditu nahiko nuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>