Drys & Drus, moda baino, bizi estilo bat

Drys_and_drusDrys & Drus edo Adria eta Sandra, gauza bera da. Txikitako ezizenak dituzte bi gazte horiek, Drys eta Drus. Eta orain, ezizen horiek arropa marka bilakatu dute. Beraiek sortutako diseinuak saltzen dituzten denda ireki berri dute, Ordiziako Etxezarreta kalean, Herri Antzokiaren ondoan.

2015. urteko azaroan sortu zuten Sandra Barrero (Beasain, 1991) eta Adria Acebesek (Granollers, 1990) Drys & Drus marka. Bartzelonan ezagutu zuten elkar eta bikote dira. Euskal Herrira etorri aurretik, Malagan saiatu ziren. Han aukera ugari izango zutela esan zieten, baina erdibidean gelditu zen ametsa. «Salmentak ez ziren uste bezala joan, baina Andaluzia aldean bizitako guztiak, ikasteko asko balio» izan ziela argitu dute. «Baliabide oso gutxirekin  bizitzeak asko erakusten du».

‘Slow fashion’

Dena hain azkar egiten den gizarte honetan, batzuek gauzak polikiago egitea aldarrikatzen dute, eta pentsamolde hortakoak dira Barrero eta Acebes. «Urtaro guztietan jantzi ditzakegun arropa eta osagarriak» eskaintzen dituzte denda berrian.

Materialei dagokionez, «ingurumena errepetatzen duten materialekin egindako arropak eta osagarriak» saltzen dituzte. Horiek lortzeko bidea erraza ez dela izan ere adierazi dut. Hasi berriak dira eta «momentuz inbertsioa txikia denez, zailtasun ugarirekin topo» egin dute. Baina egiten duten horretan sinisten dutela erakutsi dute eta beren ametsa egi bihurtzeko ateak ere ireki dizkie horrek.

Drys & Drus, modaren munduan hain zabalduta dagoen «ekoizpen masiboaren kontra» eta ekoizpen modu horrek «eskaini ohi dituen lan baldintza txarrak saihesteko saiakera» dela argi utzi dute bi gazte hauek. «Modu justu batean lan egin» nahi dute zentzu guztietan. Materialek ekologikoak edo iraunkorrak izan behar dute. Modak beti izan ditu ziklo azkarrak, eta horren aurka egiten dute. «Diseinuak arimarekin egitea da kontua» bi gaz-
teentzat, eta ez «moda normalaren arauei jarraitzea». Slow fashion-a da haien eredua.

Aldarrikatzeko moda

Arte Ederretan lizentziatua da Sandra Barrero eta «artea modan integratzen» du. Berak sortutako marrazkiak dira, berarentzat «esanahi bat dutenak eta beste jende asko ere haiekin identifikatuta sentitzea» bilatzen du. Oraingoz, hainbat motatako kamisetatan, jer-tseetan, poltsoetan, motxilatan eta osagarritan jartzen ditu bere diseinuak. Pixkanaka, hala ere, eskaintza handitzen saiatu nahi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>