Estatu Batuetatik Itsasora

Willis_familia_Itsason-3

Jennifer eta David Willis New Yorken jaiotakoak dira. Ameriketako Estatu Batuetan, baina, ez da batere ohikoa jaioterrian bizitzen geratzea . Elkarrekin 20 urte inguru egin dituzte Ipar Karolinako gazteentzako kanpaleku batean lanean. Jenniferrek musika ikasketak ditu eta David artzain ebanjelikoa da.  Aurreko urteko San Joan egunaren  bueltan iritsi ziren Euskal Herrira; David Beasaingo eliza ebanjelikoan lan egitera zetorren. Familia osoa etorri zen. Jenniferrek eta Davidek lau seme-alaba dituzte. Ez ziren Beasainen bizitzen geratu, Itsason baizik. «Jainkoak aukeratu zuela esan ohi dugu, nekez aurkituko baikenuen horren komunitate lagunkoia. Itsasoko jendea familia da jada», azaldu du Jenniferrek.

Non bizi bilatzen ari zirela,  eta horren familia handiari ostatu emango zion pisua aurkitzea zaila izango zela jakinda, Zumarragako lagun baten bitartez Itsasora etxe bat ikustera joan zen. Lehenengoa eta azkena. «Ezin sinistuta geratu nintzen. Etxea perfektua zen!». Orduz geroztik han bizi dira. «Gure etxeak, gainera, Estatu Batuetako etxeen antza gehiago du. Han pisuetan bizitzea ez da ohikoena, hirietan ez bada behintzat. Nik uste dut hemengo herri batean pisu batean bizitzen hasi izan bagina ez ginatekeela horren ongi egokituko ezta sentituko ere».

Willis_familia_Itsason-2Seme-alabak primeran egokitu direla dio. Charissa (17 urte), Danae (14 urte), Gloria (12 urte) eta Seth semea (11 urte) dira seme-alaben izenak eta adinak. «Etorri aurretik AEBetan esan ziguten gure gaztetxoek tokiz aldatzeko adin onenak ez dituztela, baina oso ondo ari dira. Esango nuke guztiek sen abenturazalea dutela». Charissak Beasaingo Loinaz koruan kantatzen du. Danae artista da eta pintura eskolak jasotzen ditu Beasainen. Gloriak Beasainen eta Sethek Seguran, biek futbo-lean jokatzen dute. Dioenez, «gustatzen zaiena egiteko aukera aurkitu dute eta guztiak bikain bertakotu dira».

Beasaingo eliza ebanjelistan Hego Amerikako, Mexikoko, Errumaniako eta Euskal Herriko pertsonak elkartzen dira, besteak beste. «Talde handia da, nazionalitate ugari biltzen dituena, baina denok partekatzen dugu biblia ikasteko modu berbera», azaldu du Jenniferrek. Eliza horretan laguntzera etorri dira Willistarrak.

Jennifer musikaria da ikasketaz. Perkusio jotzailea da berez eta pianoa zein gitarra jotzen ditu. Seme-alaba guztiei transmititu die musikarekiko zaletasuna. Jenniferrek musika jarduerak egin zituen Itsasoko udalekuetan. Ez da itsasoarrekin partekatu duen ekintza bakarra. Ingeles eskolak ere ematen ditu: «Bertakoek diotenez, ni Itsason biziko ez banintz datozen guztiak ez lirateke klaseetara etorriko eta niri poz handia ematen dit zer eskainia izatea».

Hizkuntza zalea da, gainera. Alemanez ikasi zuen, eta bidean, hizkuntzak nola irakatsi ere bai. Gaztelania ulertzen du eta zer edo zer hitz egin; senarrarekin batera ari da ikasten. Euskarak, ordea, harrapatu egin du eta ikasiko duela dio. «Egiten duen soinuari entzuten diot adi. Gure sinesmenen arabera hizkuntza guztiak Babeleko dorrean sortu ziren eta handik zabaldu. Hizkuntza handiak zabaldu eta nahastu ziren. Euskararen lerroa, ordea, zuzena da: Babeletik Euskal Herrira doa».

Willis gaztetxoak aurreko San Joan bezperan Itsasoko plazan dantzan.

Willis gaztetxoak aurreko San Joan bezperan Itsasoko plazan dantzan.

Zeramikaren magia

Itsasoarrekin sortu duten harremanaren oinarrian buztina dago. Jenniferrek zeramika egiten zuen AEBetan eta handik joan zenean ez zuela berriro egingo uste zuen. Behin Goierrin, bere senarrak sakelakoari begiratu, eta zeramika egiten zen toki bat seinalatu zion: Pott zeramika zen, Itsason. «Hara iristea oso zirraragarria izan zen  uste nuelako zeramika atzean utzita nuela. Jone Urain eta Maite Salutregi ezagutu genituen han. Biharamunean Pilare Muxika eta Aizpea Lasa ate-joka genituen San Joan bezperako festara gonbidatzeko eta,  konturatzerako, Itsasoko komunitatearen parte gara».

Itsason egiten duten bizimodua AEBetan egin ohi denetik urrun dagoela dio: «Bizitzeko modua oso ezberdina da. Han jendea bere kasara bizi da. Komunitate zentzua bestelakoa da. Eliza baten inguruan edota klub baten inguruan ehundu daiteke han, baina herri bateko bizilagunak komunitate bat izatea zaila da. AEBetan herriak oso sakabanatuak dira, zabalak, eta bizilagunen izenak jakitea ere ez da gauza erraza».

Itsason bizilagunen izenak dakizkite eta komunitatearen parte sentitzen dira. Apirilean AEBetara itzuliko dira alaba nagusiena unibertsitatean hasiko da eta. Alaba bideratu, eta Euskal Herrira bueltatuko dira, «zalantzarik gabe». Egun seme-alabek etxetik ikasten dute Internet bidez AEBetara lotzen direlako. Sistemak funtzionatu du eta bertako hizkuntzak bere egiten dituzten bitartean hala jarraituko dute. Dena dela, Euskal Herrian luze egoteko asmoa daukate Itsason euren tokia aurkitu dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>