Begirada gozo bat, fereka leun bat, besarkada samurra, hitz atseginak… guztiak dira, ezaugarri askoren artean, gizatasunaren ezinbesteko keinuak, hurbilago, irekiago eta adeitsuago egiteaz aparte, gurekiko zein besteekiko itxidura, mesfidantza eta gogo eza baztertzeko lagungarri zaizkigun premiazko ikurrak.
Txikitatik jaten irakasten zaigun bezala, bestelako jaki honen bikaintasunaren berri eman behar litzaiguke, alegia, keinuok adierazten irakatsi, izan ere, hurbiltasuna, poza, maitasuna adierazteak zinezko gizaki egiteaz gain, bestearekiko enpatia eta errukia garatzen laguntzen digu.
Ikusi besterik ez dago gure egunerokotasunean, bestearekiko enpatia eta errukia lantzeko zenbat bide ematen zaizkigun, eta hauexek adierazten ditugu? Bitxia da urruneko nazio baten zoritxar edo hondamendia gertatzean zein jarrera eskuzabal eta bihozbera agertzen dugun, gure herrietan diren pertsonengandik, ordea, erraz asko ezkutatzen garenean, besteen arazoek gu ez kutsatzeko, agian? Auskalo!
Harrituta geratu nintzen Madrilgo eskale baten adierazpenak Interneten irakurri nituenean. Antza, eskaleak dirua eskatzen zuen, egunero, Madrilgo Atochako tren geltokian, eta eskaleak zioenez, haren ondotik pasatzen zirenek txanponen bat botatzean, ez zuten eskalea begietara begiratzen. Eskalearen esanetan bera ez zen inor, desagertua zen gizabanakoa, ikusezin bihurtu zen pertsona, hutsaren hurrengoa. Zinez, tristea da desatsegina den egoera pasatu beharra, alegia, kalera eske atera behar izatea, eta gizakiek eskaleari ezikusiarena egitea… halakorik bizitzea!
Bitxia bada ere, gizatasunez beteriko keinuez geure barrua ase beharrean, gu bezala gizakiak diren eskaleen kasuan ezagutza ezaz haien nortasuna ezkutatzen aritzen gara, eta jakina, benetako gizaki egiten gaituen geure nortasuna ere garrazkeria maltzurrenaz estaltzen. Askotan diogu: Zertarako mintzatu behar dut ezezagun batekin? Zertarako jakin behar dut haren izena zein den? Argi dago bihotzaren atea igaro-tzeak beldurra ematen digula, eta hala, Pietro, Abraham, Florin bezalako eskaleen izenak eta izanak ez ditugula ezagutu nahi, haien unibertso intimoak, sarri, bost axola digulako; hitz bi haiekin egin eta konfiantza larregi gurekin hartuko ote duten izutzen gaitu, askotan.
Honako keinuak maite bai, baina ezezagunekin partekatzea laztura halakoa ematen badigu, zer esango dugu etxe askotan bakarrik dauden hainbat pertsonaz, maitasuna ezagutzen ez duen jendeaz? Halako eta bestelako adibide esanguratsuen sortzaile geu gara. Bakoitzak keinu eder asko egiterik balu, bestelakoa litzateke egindakoa, baina norbera utzikerian murgiltzen bada, argi dago utzikeriak berak guztiok zipriztintzen gaituela, eta alferrik aritu gaitezke hangoa eta urrunekoa kritikatzen, kritikaren atzean gure aztarna dagoen bitartean. Lan egin nahi duenak erronka politik badu bizitzan, asperduran bere denbora inguruak maiseatzen ibili baino, hamaika keinu dotore eragin ditzake bere inguruan, bai horixe!
Neuk, aurten, Urretxuko Euskal Jaietan karroza egileek egin duten testigantza politaren berri eman nahi dut. Aitor Txintxurreta, 17 urteko gazte urretxuarra, Urretxuko festa aurretik, hil zen gaixoaldi latza igaro ondoren. Heriotza guztiak garratzak badira ere, gazte bat ondotik joaten denean, ondo dakigu jasan beharreko samin itzela. Karrozak egiten aritu ziren bere kuadrillakoek zein beste karroza egileek, plazan, haren izenean oroitzapen sentitua izan zuten, bertso bat haren omenez kantatuz. Keinu bat besterik ez da izango batzuentzat, baina keinua nork egiten duen, nori eskaintzen zaion, non egiten den eta zertarako oso garrantzitsua dela iruditzen zait, eta gehiago heriotza bezalako gai gordin eta debekatua plazaratzen denean. Honako ezaugarriek gure kontzientziak barruz harrotu eta erraiak astintzen dituzte. Zutabe honetatik, gazteon ekimena txalotu nahi nuke, eta Aitorren guraso eta senitarteei besarkada handia eskaintzeaz gain, laguntzeko prestutasuna agertu nahi nieke. Ea keinuz keinu, bakoitzak, bere eremuan, zinezko gizakiak izateko bideak urratzen ditugun, guztion mesederako izango baita lortutako emaitza.