Nagore Belastegi eta Iraia Oiarzabal

Nagore Belastegi

Elvira, Blanca Esther, Raquel, Sofia, Melodie, Noelia Noemi, Ana Belen. Ez, ez nago haurdun, ez dut neskatxa bat espero eta ez naiz neska izen polit baten bila ari. Emakume izen horiei beste asko gehitu behar zaizkio lehenengoaren aurretik eta, zoritxarrez, beste asko etorriko dira atzetik. 2017an Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz hil diren emakumeen izenak dira. Oso desberdinak ziren euren artean: Elvira Portugaletekoa zen eta 92 urte zituen, Raquel bere umearekin batera hil zuten Eibarren, Melodie haurdun zegoen eta erditu baino egun batzuk lehenago hil zuen gizon batek Ustaritzen… matxismoa izeberg bat balitz, hilketa hauek punta besterik ez dira, gizon batzuren gailentasun nahiaren islarik bortitzena, gorrotoz betea, non emakumea nahi bezala erabil daiteken ondasun bat besterik ez den. Inoiz ez genituzke imaginatuko maite ditugun gizonak guri mina ematen. Nola hilko nau ba nire aitak, nire bikoteak, nire lagunak, nire osabak? Guretzat pentsaezina den bezala, aipatutako emakumeek ere konfidantza itsua izango zuten euren borreroengan, pertsona baten bizitzak ezer ez duela balio erabaki zuten eguna iritsi zen arte. Imaginatu azken hatsa bota aurretiko sufrimendua. Eta ez naiz ari sufrimendu fisikoaz. Imaginatu maite duzun norbaitek hiltzen zaituela eta traizioa dela sentitzen duzun azkena. Belastegi-OiarzabalAberrazio honekin lehen bait lehen amaitzea beharrezkoa da, aitzakirik gabe.

Iraia Oiarzabal

Izebergaren punta. Mugimendu feministak aspaldion gizarteratu duen kontzeptu horren atzean adi aztertu beharreko errealitate andana dago, finean emakumea bigarren maila batera kondenatzen dutenak. Zapaldua izatera alegia. Irudipena dut diskurtso hau mahai gainean jartzen den bakoitzean oraindik ere deseroso sentitzen den gizon eta emakume asko dagoela, beharbada erosoago bizi direlako errealitate hori asumitu gabe, injustizia horri erreparatu gabe. Bortizkeria matxistaren biktima, bizia galdu duten emakumeen izenak zerrenda ilun horretan ikustean asaldatzen gara eta kondenatu egiten dugu, ezin zitekeen bestela izan, baina benetan prest gaude arazoaren muinera jotzeko? Argi utzi nahi nuke jarraitu aurretik ezin dela gai honekin fribolizatu eta kontzeptuak erlatibizatu ere. Hori esanda, izebergaren punta horren atzean egunerokoan emakumeok jasaten ditugun ezberdintasun egoerak asko dira. Lan arloan formalki eskubide berdinak aitortzen bazaizkigu ere, errealitatea da ardura postuetara iristea oztopatzen digun kristalezko sabaia dugula kokotearen gainean. Kontziliazioaz hitz egiten da baina gure herri eta auzoetako etxe gehienetara begiratzea besterik ez da behar zaintza eta etxearen ardura noren gain erortzen den egiaztatzeko. Askatasunaz hitz egiten da eta zorionez urratsak nabarmenak izan dira –pentsa bozkatzeko eskubidea ere borrokatu behar izan zutela gure aurrekoek– baina irabazteko geratzen zaizkigunak ez dira gutxi, gure gorputzen gaineko erabakiak guk hartu ahal izatea, esaterako. Ez dira denak zutabe honetan sartzen… Gure esku dago zerrenda beltz hau ezabatzen joatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>