Boluntario bila

Nagusilaneko_boluntarioen_

Goierriko Nagusilanek boluntarioak behar ditu. Kanpaina bat abiarazi dute egiten duten lana gizarteratzeko eta laguntza eskatzeko. Eskualdeko zaharren egoitzatan zein eguneko zentroetan daudenekin egiten dute lan gehien.

Ez da denbora asko Arantxa Urretabizkaia idazlea telebistan zahartzaroaz hitz egin zuenetik. Idazleak gutxietsitako aroa dela zioen, nagusiak haurren pare jartzen dituen gizartean bizi garela zioen. Zumarragako Nagusilaneko burua da Ascensio Uribesalgo. Zahartzaroa zer den galdetuta natural-natural erantzun du bizitzaren etapa bat dela: «Aurretik egin duzunaren jarraipena da eta guk telebista aurrean geldirik ez egoteko hautua egin dugu».

Nagusilanek zahartzaro aktiboa praktikatzen du. Elkartearen jardunaren ardatza da beharra duten adinekoei laguntzea, konpainia egitea, denbora eskaintzea. Izan ere, jubilatzerakoan denbora da altxorretako bat, erretiroa hartu aurretik edukitzen ez dena, eta denbora hori beharra dutenei eskaintzen diete musutruk. Gipuzkoan 800 bat dira boluntarioak, gehiago behar dituzte eta Goierrin egiten ari diren lana zabaldu nahi dute boluntarioak gehitu daitezen. Uribesalgori zenbat beharko lituzketen galdetu eta hasperen egin du: «Beharra infinitua da».

Zumarragan 43 boluntario dira; bik aurreko astean eman zuten izena. Eguneko zentrora eta zaharren egoitzara joaten dira; batzuk egunero, beste batzuk astero ordu batzuk. «Beharra handia da egoitza horietan ehun baino pertsona gehiago daudelako».  Bingora jolasten dute, txapela botatzen dute, abesbatza sortu dute eta meza ere antolatzen dute Nagusilanekoek. Egoitzetako zuzendaritzarekin adosten dute eskainiko duten zerbitzua, Hau da, beharrak dituzten pertsonei erantzuten diete. «Badira paseo bat ematera ateratzeko inor ez dutenak eta guk ateratzen ditugu. Bakardadea da pertsona hauetako askok komunean dutena. Egoera ugari tarteko senideek ezin diete behar edo nahi adina konpainia eskaini».

Boluntarioak beti beharko direla esan du Uribesalgok. Isidro Benitez Ordiziako Nagusilaneko burua bat dator.  Ordizian 33 boluntario dira, baina beharrei erantzuteko gutxienez 60 beharko lituzketela dio Benitezek. Zerbitzu asko eskaintzen dituzte: «Nik lantegian ari nintzenean baino ordu gehiago sartzen ditut egunean».

Ordizian eguneko zentrora joaten dira Nagusilanekoak, Zumarragan bezalaxe. Asteazkenetan, baina, azoka da, eta egoiliarrak eramaten dituen taxia iristean boluntarioak zain dituzte zentroraino laguntzeko taxia ezin baita bertaraino iritsi. Ostiraletan bingoan jolastera joaten dira eta ostegun goizetan Goazen Ordizia saioan parte hartu eta laguntzen dute.

«Telebista aurrean ez gelditzeko hautua egin dugu Nagusilaneko boluntarioek» Ascension Uribesalgo, Nagusilan Zumarraga
«Nik egunean lantegian ari nintzenean baino ordu gehiago egiten ditut lan» Isidro Benitez, Nagusilan Ordizia
«Idiazabalen egiteko gehiago beharko genituzke dauden beharrei erantzuteko» Antonio Berasategi, Nagusilan Idiazabal

Goierriko herri gehienetan egiten diren ibilaldiak dira. Helburuak ibiltzea zein ariketa egitea, eta taldean ibiltzea nahiz  harreman sozialak bultzatzea dira. Ordizian arrakasta handia izan duen ekintza da Goazen Ordizia, eta ehun bat lagunek parte hartzen dute. Gehienetan hiru taldetan banatzen dira, bakoitzak egingo dituen kilometroen arabera. Nagusilaneko kideek eguneko zentrora doazenei eta Garagunera doazen pertsonei ibilaldia egiten laguntzen diete. Nagusilaneko Zumarragako boluntarioak  Tipi-Etapan ateratzen dira.

Ordiziako zaharren egoitzan ere lanean ari dira. Asteartean bingoa, asteazkenetan eta ostiraletan karta jokoak eta ostegunetan kantatu egiten dute bertako egoiliarrekin. Nagusilanek Gipuzkoan duen antzerki taldean ere parte hartzen du Benitezek. Taldea antzezlanak taularatzen ditu lurralde osoko egoitzetan.

Paseoak konpainian

Nagusilaneko boluntarioek egiten duten beste jardueretako bat etxeetan bizi diren nagusiekin lotuta dago. Senideei lagundu eta astean bitan edo behin paseatzera ateratzen dituzte. Udaleko gizarte zerbitzuek beharren arabera egiten dieten eskaeraren neurriko zerbitzua da. Zumarragan ere eskaintzen dute zerbitzu hori, baita Idiazabalen ere.

Antonio Berasategi Idiazabalgo Nagusilaneko kideak aletu ditu elkarteak bertan egiten dituen lanak. Bertako eguneko zentroan zein Segurako zaharren egoitzan aritzen dira nagusiki. Jaietan ekintzetara joaten laguntzen diete. Herri txikiagoa izaki, Berasategi dio gaur-gaurkoz Idiazabalen boluntario nahiko daudela: «Guk egiteko gehiago beharko genituzke herrian dauden beharrei erantzun ahal izateko». Idiazabalen hamar bat lagun aritzen dira Nagusilanen. Haiek Segurako zaharren egoitzan bingoa antolatzen dute eta Idiazabalgo eguneko zentrora doazen pertsonak paseatzera ateratzen dituzte.

Idiazabalen iaz jarri zuten martxan Izal Bira, Goazen Ordiziaren baliokidea da, eta Idiazabalen ere Nagusilaneko bizpahiru boluntariok eguneko zentrora doazen pertsonei paseoan laguntzen diete.

Elikagai bankua

Nagusilanek elikagai bankuetako jasotze lanetan eta banaketan parte hartzen du. Urtean bitan egiten dute elikagai bilketa, ekainean eta azaroan. Banaketa hilero egiten dute udaletako gizarte zerbitzuekin elkarlanean.

Ordizian ehun bat familik jasotzen dituzten elikagaiak, 350 bat lagunek. Beasainen 68 familik eta 170 bat lagunek, eta Zumarragan 180 bat familik jasotzen dituzten bankuko elikagaiak. Nagusilaneko boluntarioek bere gain hartzen dute  herri horietan elikagaien banaketa.

Ordiziako gizarte zerbitzu saileko Jone Herrerok bertako Nagusilan taldea eragile garrantzitsua dela esan du: «Oso presente ditugu herri mailan burutzen ditugun ekintzetan zein proiektuetan, oso aktiboak eta parte hartzaileak direlako eta beti daudelako ekarpenak egiteko prest».

Jende nagusia da Nagusilanen aritzen dena. Jende nagusi aktiboa, parte hartzailea eta elkartasuna erakusten duena. Musutruk egiten dute lana  eta bueltan jasotzen dituzten esker onak eta irribarreak aski direla sinistuta daude. Zer egina badute, behar dutena boluntarioak dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>