Gizakion birziklatzea

Antxiñe MendizabalHomo sapiens gizaki jakintsuaren ezaugarria da kontzientzia, argitzeko dago, halere, animaliek zenbateraino duten garatua gaitasun berbera. Edozein modutan, ez omen dago zehatz-mehatz jakiterik gizakiok geure buruaren kontzientzia noiztik daukagun, alegia, noiz hasi ginen geure buruaz jabetzen, gure esperientzia subjektiboak interpretatzen.

Gizakion kontzientziaren existentzia ezinbesteko premisa izan da gizarte modernoan humanismoaren paradigma ezartzeko. Friedrich Nietzschek Jaungoikoa hilda dagoela esan zuenetik, gizakiok gara, gure kautarako, gauza guztien neurria, eta, horrenbestez, gure interesak jarri ditugu beste izaki bizidun guztienen gainetik. Gure adimenak eta sentsibilitateak gure behar eta desio guztiak asebetetzeko nahikoa omen dira. Leonardo da Vinciren Vitrubioren gizakiak irudikatzen du ezin hobe pentsamendu hori.

Dena dago, beraz, gure baitan: zerua eta infernua. Guregandik kanpo ez dago ibili gabeko lurralderik; guregan, berriz, aukera mugagabeak daude, eta batik bat askatasunerako aukera bakarra. Horretarako, bidaia zaila proposatzen zaigu, gure beldurren, zailtasunen, emozioen, mugen, harreman-moduen, aurreiritzien, sinesmenen, eta jarreren ezagutzak sufrimendua sorrarazten baitigu. Carl Gustav Jungek zioen bezala, argitasuna ez da sortzen argizko irudiak irudikatzen, iluntasunean arakatzen baizik.

Nire garaiko alaba izanik, ni ere ondorio hauetara iritsita nengoen, beste erremediorik gabe, baina irakurtzen ari naizen liburuak kezkatuta utzi nau (jatorriz hebreeraz idatzitako Yuval Noah Harari-ren Homo Deus. Breve historia del mañana –bide batez aurreratuko dut liburu honen aurrekaria, Sapiens. De animales a dioses. Una breve historia de la humanidad euskaraz irakurri ahal izango dugula datorren urtetik aurrera).

Zientzialariek gaur egun badakite kontzientzia pentsamenduaren mugimenduaren antzeko zerbait dela, non sortzen baitira borondatea, desioa, emozioak eta sentimenduak, baina ez dakite zehatz-mehatz mugimendu hori zerk eragiten duen. Bi teoria omen daude; aldez aurretik konektatuta ez zeuden bi neurona elkarri seinaleak bidaltzen hasten direnean sortzen dela dio batak; ondorengo honek eragin dit niri kezka: kontzientzia gure burmuineko sare konplexuek jaurtikitzen duten kutsadura mentala besterik ez omen da, hondakinak alegia. Idatziak ez du argitzen hondakina errefusa edo birziklatzeko gaia den. Baldinbaitere izango ahal da gai birziklagarria eta ez errefus hutsa! Bestela, gureak egin du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>