«Ipar Poloa zeharkatuko nuke argazkiak ateratzen»

Xabier_UrteagaArgazki kamera eskuan, Ipar poloa zeharkatzea litzateke Xabier Urteaga (Beasain, 2002) gaztearen desioetako bat. Argazkilaritza maite dutenentzat, paradisuetako bat. Bizitza osoa aurretik du beasaindar honek buruan dituen ideiak bere kamerarekin argazki bihurtzeko. Artzain Eguneko argazki rallya irabazi berri du.  Afizio duen hori, zeinek daki, egunen batean ofizio egingo ote duen.

Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?
Nire aitak argazkilaritza du gustuko eta txiki-txikitatik ikusi izan dut argazki kamerarekin hara eta hona. Hortik datorkit afizioa. Berak animatuta hasi nintzen. Ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik, eta orain, beste gauza askoren gainetik, argazkiak egiteko irteerak egitea dut gustukoen.

Ordu asko eskaintzen al dizkiozu argazkiak ateratzeari?
Arratsaldeetan argazkiak ateratzeko, Beasainen bertan, Igartza inguruan, errekara jaistea gustatzen zait. Askotan egiten dudan plana da.

Argazkilaritza txapelketaren bat edo beste ere irabazitakoa zara.
Bai. Zortzi urterekin, eman nuen izena lehenengo aldiz argazki txapelketa batean eta hirugarren saria jaso nuen. Igartubeiti baserri museoak urrian egin ohi duen sagardo astearen barruan antolatutako argazki rallyan izan zen.

Zein argazkirekin irabazi zenuen?
Hiru argazki ziren eta horietako bat oso berezia zen. Sagardo Astearen barruan, antzerki emanaldiak antolatzen dituzte. Aktoreetako bat, beroagatik nekatuta, Igartubeiti baserriko logela bateko ohean etzan zen eta nik kamerarekin harrapatu. Nik ere oso gustuko dut argazki hori. Beste biei dagokienez, batean sagarrak agertzen ziren eta bestean, sagar zanpaketa egiten dutenean, sagar zukua erortzen den unea erakusten zuen.

Lehenengo sari haren ostean, beste batzuk ere iritsi dira.
Hala da. Orain dela bi urte, Legazpiko Artzai Eguneko argazki rallyan ere parte hartu eta bigarren saria eraman nuen. Aurten ere izan naiz Legazpin eta, lehenengo saria eraman dut.

Ikastarorik egin al duzu?
Eskola, argazkilaritza ikastaro bat eman genuen, hiru hilabetez. Aitarekin ikasitakoa sakontzeko balio izan zidan. Dena den, ibiliaz da gehien ikasten den modua; akatsak egiten eta horiek hobetzen.

Zer nolako argazkiak ateratzea gustatzen zaizu?
Natura gaiak dira gehien gustatzen zaizkidanak; animaliak, loreak eta ikuspegiak. Ilunduta mendira joan eta izarren argazkiak egitea ere oso gustuko dut.

Etorkizunean argazkilaritzatik bizi nahiko zenuke?
Hori da nire ametsa, baina oraindik, ikasketei dagokionez ondo erabaki beharra dut zein aukera egin.

Zein da oraindik atera ez duzun, baina argazkia egin nahi zeniokeen inguru hori?
Ipar poloa kamera eskuan dudala zeharkatuko nuke. Aurora borealei argazkiak ateratzera joatea da nire ametsetako bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>