Orburuak baratxuri freskoekin eta urdaiazpiko iberiarrarekin

Orburuak

Osagaiak

(4 lagunentzat)

  • 16 orburu
  • 8 baratxuri fresko
  • 2 xerra urdaiazpiko iberiar
  • Koilarakada 1 irin
  • Perrexil xehetua
  • Gatza
  • Olioa

Prestaketa

Lehenik orburuak ondo garbitu, zati gogor guztiak kenduz. Orburuak ez belzteko izotza eta ondo irabiatutako irin koilarakada bat duen ontzian sartu.

Eltze batean ura eta gatza irakiten jarri. Irakin duenean orburuak sartu eta 18 minutuz egosi. Ondoren xukatu, eta honela prestatua dugun zartaginera gehitu.

Zartagin batean baratxuri freskoak eta urdaiazpiko iberiarra olio pixka batekin gorritu.  Irin pixka bat ere gehitu behar zaio. Gorritu direnean orburuak  gehitu.

Orburuak egosteko erabili dugun ura gehituz joan, saltsak gogoko dugun loditasuna lortu arte.

Xehatutako perrexila gehitu ondoren, zerbitzatzeko prest daude orburuak.

Lehengaiaren garrantzia

Duela 28 urte ireki zuten Joxi Urkiolak eta Mari Carmen Katarainek Urkiola jatetxea Beasaingo Kale Nagusiko etxarte batean. Harrezkero, garaiko produktuan oinarritutako sukaldaritza ari dira egiten. Azken aldian, Iñigo Urkiola semeak hartu du jatetxearen martxa.

Sasoiko produktuak eskuratzeko inguruko baserritarrengana eta konfiantzazko profesionalengana jotzen dute Urkiola jatetxekoek, kalitatezko lehengaiak lortzeko, barazkiak, arrainak, zein haragiak.

Bi jangela dituzte, nagusia 50 lagunentzako lekuarekin, eta bereizitakoa 12 lagunentzat.

Astelehenetik ostiralera enpresetako bazkariekin lan egiten dute batez ere, eta karta zerbitzua bakarrik eskaintzen dute Urkiolan. Ostiral arratsaldeetan eta larunbat eguerdietan zein gauetan, aldiz, asteburuko menua ere izaten dute aukeran: bi sarrerako, arraina edo haragia, azkenburukoa eta edaria zerbitzatzen dute.

Igandea da atseden eguna Urkiolan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>