Aspertzeko eskubidea (eta plazera)

Joseba Imaz- Zer moduz asteburua?  Ondo pasa duzu?

– Aspertu egin naiz, egia esan.

– Pena da gero, nahi adina plan egiteko aukera zenuen ba…

Asteleheneroko ohitura izaten dugu albokoari edo lankideari asteburuan egindakoaz galdetzea. Aste berriari ekiten diogunean, institutura bidean edo laneko kafe makinaren aurrean, ostiral arratsaldetik igande gauera bitarteko aisia momentuak izan ohi ditugu hizpide. Pasatako askatasun uneak atzera gozatu nahiko bagenitu bezala. Ahoratu dugun gozokiak utzitako zaporea, behin karameloa urtuta, berriro aho sapaian sentitzen dugunean bezala.

Aste hasierako solasaldi horietan, egindakoaz mintzatu ohi gara. Igandeko irteeran tontor hura edo bestea igo genuela, larunbat gaueko parrandan harekin edo honekin topatu ginela, zineman pelikula hura bota dutela edo familiako bazkarian izebak hau edo bestea esan zuela. Debekatua dago, edozein kasutan, asteburuan ezer ez egitea. Aisialdia bete egin behar da, gauzak egin behar ditugu. Planak, ekintzak, ibilaldiak, martxak, bazkariak, afariak, parrandak, erosketak, etxeko-lanak, garbiketak, kirola, irteerak, bilerak, txangoak… Guztiak ere, egin.

Kasuren batean asteburua –egun bat sikiera– atseden hartu eta egonean egoteko hartuz gero, berriz, halako porrot sentsazio bat jabetzen da gure izateaz. Halako hutsune sentipen bat. Asteburua ongi aprobetxatu izan ez bagenu bezala.

Asperdura ez dago ongi ikusia gure gizartean.

Paradoxa izango da agian, baina azkenaldian gero eta psikologo, pedagogo eta pentsalari gehiago ari da asperduraren inguruko ikerketak egin eta argitaratzen. Estimuloz beteriko mundu honetan, gure burmuinak gero eta pizgarri gehiago eta konstanteago behar omen ditu, asperduraren hutsunea ez pairatzeko. Hortik etengabe Whatsappera begira egon beharra, Twitterren azken berriak ezagutzeko premia edo kanalez bost segunduro aldatu beharra.

Asteburu honetan erreportaje batean irakurri dudanez, etengabeko estimulo horien beharrak eramaten ditu zenbaitzu oporretan aspertzera eta denbora librea antsietate sentipen batekin bizitzera, atsedena eta lasaitasuna nagusi behar luketen momentu horiek itogarri izateraino. Are gehiago, adituek diotenez, oso okupatua bizitzea estatus bat edukitzearekin lotzen du gure imaginarioak. Dagoeneko hala barneratu dute publizistek. Aberatsak ez ditugu iragarkietan ikusten itsasontzi batera igota edo tenisean jokatzen; orain lanean ikusten ditugu, ordu asko sartzen gainera.

Ziur asko gure barnean dugun hutsune bat erakusten du bizitzako minutu edo segundo guztiak gauza edo ekintza batekin bete behar horrek. Paisaia bati begira, lagun batekin solasean edo, besterik gabe, gure bikote edo maitaleari besarkatuta egoteko apenas dugu astirik. Eta zer esanik ez gure inguruan gertatzen diren errealitateei edo egoerei buruzko gogoeta egiteko. Hori ere gure agenda okupatuetatik at geratzen da.

Egin froga. Ordu erdiz bada ere mobila alde batera utzi, bizikletan ibiltzera edo gimnasiora joateko zeneukan asmoa atzeratu, eta eseri zaitez etxeko sofan. Telebista itzaldu. Alboan laguna, seme-alabaren bat edo beste norbait baduzu, hobe. Agian lehenengo bost-hamar minutuetan zer-suma sentituko zara. Mugikorraren bila altxatzeko tentazioa izango duzu. Baina behin tarte hori pasata, lasaitasuna zure gorputzaz jabetuko da seguru asko. Eta lasaitasunarekin batera aldarte alai eta patsadatsu bat.

Kostako zaigu, baina agian iritsiko da momentu bat, non artikuluaren hasieran aipatutako solasaldiak amaiera diferentea izango duen.

– Zer moduz asteburua?  Ondo pasa duzu?

– Aspertu egin naiz, egia esan.

– Hori da suertea, hori!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>