Sukaldeetako aitzindaria

FLORENTINA_INTXAUSTI_SUKAL(1)Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko goi sukaldaritzaren aitzindarietako bat izan zen Florentina Intxausti Irizar (Gabiria, 1887 – Tanger, Maroko, 1944). Baserritik irtenda zerbitzari hirira joan, jakinminak eta ikasteko irrikak gastronomiaren muinetara sarrarazi, eta Bilbon Sukaldaritza Akademiak eta jatetxe apartekoenak izatera iritsi zen.

Gabiriako Igeribarrazpikoa baserrian jaio zen Florentina Intxausti, 1887ko martxoaren 14an. Mende aldaketarako kaskoko Alkain etxera aldatua zen familia, eskuineko bizitzara. 19 urterekin sortetxea utzi, eta Bilbon neskame hasi zen, hainbat familiatan. Harik eta Txabarriko markesaren jauregira —gaur egun Espainiako Gobernuaren ordezkaritza da— iritsi zen arte: hango sukaldari frantziarrak erakutsi zizkion sukaldearen sekretuak.

Ramon Prellezo kantabriarrarekin ezkondu —Euskalduna antzokiko maitrea—, eta Argentinara joan ziren, 1912 aldera. Esneki denda bat eduki zuten, Buenos Airesen. Lau seme-alabetatik bi han izan zituzten. 1919an Bilbora itzuli ziren, eta orduan hasi zen izarren karrera.

Hiru akademia

Jatetxea zabaldu zuten Bilbon, Iturribide 30ean. Handik gutxira (1920), Florentina sukalde-eskolak ematen ere hasi zen, eta Sukaldaritza Akademia ireki zuten. Pisua txikiegi geratu, eta hurrengo urtean Colon de Larreategi kaleko 27ra eraman zituzten bi negozioak. Sukaldaritza klaseez gain, postregintza ere ematen zuen.

Bilboko goi burgesiaren begiko akademia bihurtu zen Florentinarena. Familia dirudunek hara bidaltzen zituzten alabak, ezkontzen zirenerako sukal-dean ondo molda zitezen.

Denbora gutxian, egundoko entzutea lortu zuen. Bizkaian lehenbizikoa izango zen errezeta-liburua argitaratu zuen 1925ean, haren ikasleek animatuta. Lau edizio izan ditu.

Gabiriatik bi ahizpa ere eraman zituen, ugaltzen zihoakion lanean laguntzeko: Maria Isabel gazteena lehenik, eta gurasoak hil zirenean, Victoriana.

Akademia eta jatetxea berriz aldatu beharrean suertatu ziren. Hirugarren kokagunea Elkano kaleko 3an izan zuen, behin betikoa. Han egokitu zuten Elkano jatetxe-taberna, 300 metro koadroko behealdean. Kafetegi-taberna, jantokia eta sukalde zabalean bertan akademia zituen. 8 suko txapa bat zen sutokia, egurrez eta ikatzez elikatua. Inguruan elkartzen zituen ikasleak.

Bilboko Sukaldari Akademiako ikasleekin. Florentina, eserita, eskuinetik hirugarrena da; haren senar Ramon Prellezo, zutik, ezkerretik lehena; eta ahizpa Maria Isabel Intxausti, zutik, ezkerretik bosgarrena.

Bilboko Sukaldari Akademiako ikasleekin. Florentina, eserita, eskuinetik hirugarrena da; haren senar Ramon Prellezo, zutik, ezkerretik lehena; eta ahizpa Maria Isabel Intxausti, zutik, ezkerretik bosgarrena.

EAJ eta erregea, bezero

Espainiako errege-erregina Alfontso XIII.a Borboikoa eta Victoria Eugenia Battenberg Bilbora etorri ziren batean, 1923ko uztailaren 31n, Florentina Intxausti aukeratu zuen Areetako Real Club Sporting elkarteak ohorezko bazkaria jartzeko. Zazpi platereko oturuntza prestatu zuen, kutsu frantziar nabarmenekoa.

Elkano jatetxea Bilboko gorenetakoa zen. EAJko buruzagiek han egiten zituzten isilpeko bilerak 1936ko gerraren aurretik, jatetxeko baina zuzeneko igarobiderik ez zuen erreserbatu-areto batean. Athleticeko jokalari taldea ere joan ohi zen, kontzentrazioetan, jatera.
Florentinak 1943an utzi behar izan zion lanari, bihotzeko osasun arazoak agertu zitzaizkiolako. Hurrengo urtean hilko zen, 1944ko urriaren 15ean, Tangerren, hara Iluminada alabarenera joana baitzen.

Maria Isabel Intxausti ahizpak eta haren senar Juan Etxebarrietak hartu zuten negozioa. Haiek ere akademia-jatetxean ezagutu zuten elkar. Obra batzuk egin, eta 1945ean ekin zioten Elkano taberna-jatetxearen aro berriari. Urrezko garaia izan zen hura ere, 1969ko maiatzean erabat itxi zuten arte.

Jatorri xumetik iritsita, aurkeztu zitzaion aukera baliatuta, eta lana beltz eginda, arrakastazko karrera egin zuen Florentina Intxaustik Sukaldaritza Akademian eta egundoko harrera ona zeukan jatetxean. Hala ere, ia erabat ezezaguna da haren figura, lana eta kemena bai Gabirian, bai Goierrin, baita euskal sukaldaritzan ere.

Lau argitalpen izan ditu Intxaustik idatzitako lehen errezeta liburuak

FLORENTINA_INTXAUSTIREN_LIGastronomiari buruz Bizkaian lehenengo argitaratutako liburua Florentina Intxaustirena izan zen. ‘Libro de cocina’ izenburu generikoarekin atera zion Lersundi etxeak, 1925ean. Bigarren argitalpena 1930ean izan zuen, hirugarrena 1944an (Graficas Mercurion). Bere akademiako ikasleek eta jarraitzaileek eskatuta argitaratu zuela aitortu zuen, eskaintzan.

Bilboko Udalak sustatuta, 2007ko abenduan laugarren edizioak argia ikusi zuen. Bilbao 700 Fundazioak eta Muelle de Uribitarte argitaletxeak egin zuten azken liburua, 1925ekoaren berrikuspena.

Azken liburuak 170 orrialde ditu, Iñaki Azkuna alkatearen sarrerarekin eta Jesus Llona Larrauri gastronomoaren hitzaurrearekin. Errezetak 16 sailetan banatuta aurkeztu zituen Intxaustik. Guztira, 401 plater eman zituen. Haragien sailekoak dira ugarienak, ia arrainenak bezainbeste. Gozogintza ere jorratu zuen, pasteletatik hasi eta gelatina edo izozkietaraino. Sukaldaritza frantziarraren eragina nabarmena da, baita italiarrarena ere. Ukitu ingeles batzuk ere ageri ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>