«Etxekoek artzain ez sartzeko esaten didate, lan gogorregia delako»

Ioritz_EtxeberriaIoritz Etxeberria (Zegama, 1994) gazteak haurra zenetik hartzen du parte Zegamako San Martin azokan. Aurtengoa bihar ospatuko da, hilaren 11n, azokak izentzat duen santuaren egun berean. Urtero bezala, familiako ardiak eramango ditu azokara, eta gazta postua ere jarriko dute pilotalekuan. San Martin azokakoa, lan askoko eguna dela aitortzen du, baina modu berezian bizi du.

Nondik datorkizu ardiekiko zaletasuna?
Artzain familia da gurea. Gurasoak artzainak ditut, eta amaren gurasoak eta haren aiton-amonak ere artzainak ziren.  Bizi guztian izan ditut ardiak etxean, ez naiz inoiz inguruan arditik gabe bizi izan. Gustuko ditut ardiak.

Baina ez zara artzaina.
Ez. Etxekoek ere artzain ez sartzeko esaten didate, lanbide gogorregia dela. Lantegi ba-tean egiten dut lan, baina ahal dudan guztietan etxekoei laguntzen aritzen naiz ardiekin.

Zertan, adibidez?
Behar den guztian. Negua izaten da lan gehien izaten dugun urte sasoia. Dagoeneko ardiak jaitsi ditugu menditik. Egunean bi aldiz jetzi behar izaten dira. Laster, erditze garaia ere izango dugu. Gazta egiteko sasoia ere bada orain, eta horretan ere laguntzen dut ahal dudan neurrian.

San Martin feria izango duzue segituan Zegaman. Nola bizi duzu zuk egun hau?
Urtero, azaroko bigarren larunbatean ospatzen den feria da. Nik gogoan dudanez, gure familiak beti parte hartu izan du San Martin eguneko azokan. Egun horretan, herriko abelburuak ikusgai jartzen dira plazan. Guk bost ardi eta ahuntz bat eramango ditugu. Herriko beste abeltzainek eramandako behiak, behorrak, arkumeak eta basurderen bat edo beste ere egoten dira ikusgai.

Zer egiteko izaten dituzu egun horretan?
Goizean goiz azokara eramango ditugun ardiak aukeratzera joaten gara larreetara. Orain Zegamako zelaietan dugu artaldea, baina San Martin eguna pasata, Idiazabalen daukagun artegira eramango ditugu negua pasatzera. Behin ardiak aukeratuta kamioira igo eta plazara jaisten ditugu. Ondoren, pilotalekuan gazta postua muntatzen dugu. Goiz parteko festa izaten da, eta egia esan giro bikaina izaten da beti Zegaman. Kanpotik ere bisitari asko gerturatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>