Eskozia hotzetik Legazpira

Aberdeen Angus arrazako behiak ditu etxean orain dela bi urtetik Julian Telleria legazpiarrak.

Aberdeen Angus arrazako behiak ditu etxean orain dela bi urtetik Julian Telleria legazpiarrak.

Julian Telleria legazpiarra orain dela 10 bat urte hasi zen behiak hazten anaiarekin batera. Bertako arrazakoak ziren hasierako behi haiek, «mestizoak», Telleriak zehaztutakoaren arabera. Lau bururekin hasi ziren, baina poliki-poliki 15 buru izatera iritsi zirela nabarmendu du legazpiarrak. Behiak haragitarako haztea izan da beti bi anaien helburua.

Telleriak dioenez, segituan ohartu ziren bertako arrazak haziz etorkizun gutxi zutela, baldin eta merkatuan toki bat egin nahi bazuten. Orduan, «anaia informazio bila hasi zen eta Eskoziazko Aberdeen Angus arrazako behien berri izan zuen». Behi horiek oso estimatuak dira mundu guztian beraien haragiaren kalitateagatik, batez ere.

Ez zen erraza izan behi horiek atzematea. «Urte bete inguru ibili ginen erreferentziak bilatzen», azaldu du. Extremadura aldean eta Salamancan baziren buru batzuk, baina gutxi, antza denez. Azkenean, «Irlandatik zazpi buru ekartzea lortu genuen». Orain bi urteko kontuak dira horiek.

Angus-en berezitasunak

Bi urteren buruan behi eskoziar horiekin izan duten esperientziaz galdetuta, oso gustura daudela dio. Bertako arrazako behiekin alderatuta ezberdintasun batzuk badituzten arren, zainketarako garaian «berdin» moldatzen direla aitortu du. Telleriaren etxe inguruko larreetan aske ibiltzen dira behiak ia urte guztian zehar. «Egunero etortzen gara bisita bat egitera, baina gainerakoan ez dute lan gehiegirik ematen». Neguan gehiago zaindu behar direla dio: «Etxe ondoko pinudian ibiltzen dira, eta nahi izanez gero ukuiluan sartzeko aukera ere badute». Hala ere, behi gogorrak dira eta duten berezitasunetako bat «edozein klimatara egokitzeko duten gaitasuna» da. Jatorriz eskoziarrak izanik, oso ohituta daude hotzera, «gehiago sufritzen dute beroarekin hotzarekin baino».

Oso behi mantsoak direla ere azpimarratu du,  eta adarrik ez dutela. Erditze garaian bertako behiek baino laguntza gutxiago behar izaten dute: «Txahal txikiagoak erditzen dituzte, 20 edo 25 kilo ingurukoak, eta bakarrik moldatu ohi dira».

Haragitarako «onenak»

Duten haragiak egiten ditu, dena den, behi horiek bereziak. «Haragitarako dauden behi onenak» direla argi esaten du Telleriak. «Infiltrazio asko dauzka, gantz gehiago dute eta horrek haragia jateko gozoagoa egiten du».

Une honetan 24 bat behi eta zezen bat dituzte, baina asmoa 30 bat buru izatera iristea da. Behiak bizirik saltzen dituzte, orokorrean partikularrei, baina jatetxe eta harategiren batera ere hasita daude saltzen. Etorkizunean honetatik bizitzea dute amets.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>