Josu Aztiria
Astiro-astiro gure gorputzeko tolesdurak areagotzen eta zimurrak handitzen joango zaizkigu, ilea urdintzen edo burua soiltzen, gure gorputzaren muga fisikoak nozitzen, eta gaitasun kognitiboak murrizten. Gerta daiteke zahartzearekin batera minbiziarekin, alzheimerrarekin edo zahartzeari lotutako endekapenezko gaixotasunen batekin ere tupust egitea.
Pertsonaren bizitza duinerako hain garrantzitsua den autonomiaren galeraren aurrean, bizitza zaintzea bezain lan garrantzitsurik ba al dago? Hortaz, Zumarragako Argixaoko geriatrikoko langileek edo oraintsu Bizkaiko egoitzetakoek zergatik borrokatu behar izan dute hainbeste? Zergatik da hain sektore feminizatu eta prekarizatua? Gure adinekoak gurpildun aulkietan eramaten dituzten pertsonak ez al dira emakumeak eta etorkinak? Zergatik dago Argixaoko adinekoen egoitza herrigunetik hain urruti?
Egia ere bada bestalde, geroz eta pertsona gehiago direla zahartzarora osasuntsu iristen direnak; fisikoki zein kognitiboki sasoitsu. Kasu horretan, biloben zaintza izango dute zain eta tonaka ordu Zelai Arizti parkean; ekoizpen-sistemak behar-beharrezkoak dituelako sasoiko ditugun zaharrak, produktibo izaten jarraitzeko norbaitek zaindu behar baititu gure haurrak. Jarduera ekonomikorik eta bizitza duinik ez legoke elkar zainduko ez bagenu. Zergatik egiten dugu ikusezin (eta beraz, baliogabe) batez ere emakumeek, etorkinek eta gure adinekoek egiten duten lan hori?
Gorka Erostarbe
Igogailuan sartu naiz Zaindu maite duzun hori txistukatuz. Laugarreneko amona zaintzen duen emakume ekuadortarra sartu da. Ez dakit nola duen izena. Ez amonak, ezta zaintzaileak ere. Galdetu ere ez diet sekula egin. Nola ba tamainako indiskrezioa! Oles egin diogu elkarri. Eta eguraldiaz bi hitz.
Zentzu komunak gaztigatzen baitigu, erritualezko agur-esan protokolarioaz gain, ez garela nor igogailuan sartu den horretaz gehiegi arduratzeko. Besteaz kezkatzeko. Utikan bestetasuna, nola sartuko gara bada, halako mordoiloan, nola arraio eskainiko dizkiogu bada gure bizitza aski produktibo eta produktibistaren lau solairu, 18 segundo, besteari ezer galdetzeari.
Zentzu komunak ihardesten baitigu ez dugula denbora galtzerik ezdeuskerietan. Eta, jakina, zentzu komunak dio, hain zuzen ere, emakumeek, etorkinek, adinduek… dutela hartarako denbora ez bada, beharra, trebezia, edo berezkotasuna.
Halakoxea baita zentzu komuna izendatzen dugun jaun itxura galaieko tranpati amorratu hori; esaten denaren kontrara, uste baino zabalduagoa. Eta nago, kasu honetan, faktoreen ordena aldatzeak eman diezagukeela argi izpirik. Sobrante duguna zentzu komuna da —urteetako ohitura eta pentsamendu eta molde goitik-beherako eta ekonomizista—; eta faltan dena, edo behar besteko prestigiorik ez duena, komunaren zentzua da. Emakume, etorkin, eta adindu horiek dutena, alegia. Komunean duguna eraiki, zaindu eta sendotzekoa. Goizean igogailuan sartu orduko ahazten duguna.
Eta komunaren zentzua, ikuspegi eraldatzailea, inon iraultzarik hasterik baldin badago… igogailutik hasi beharra dago, kantua txistukatzeaz harago.