«Yoga egitea baino hobea da harpa jotzea; estresa gutxitzeko modu bat da»

Maitane_Chaves(1)Musikaren mundua hain zabala izanik, Goierrin harpa jotzen duten musikariak aurkitzea ez da gauza erraza. Tokiko musika eskoletan harpa ikasteko aukera eskaintzen ez delako izan daiteke arrazoietako bat. Maitane Chaves (Ordizia, 1987),  ordea, txikitatik zuen ilusioari helduz, han eta hemen aritu da, harpa jotzen ikasteko toki baten bila, eta baita lortu ere. Gaur-gaurkoz, Donostian jasotzen ditu eskolak eta lau urte dira hasi zela. Orain Santa Zezilia eguna dela eta, buru belarri ari da lanean, musika eskolako gainontzeko kideekin batera  egun horretarako emanaldia prestatzen. Bestalde, Harp & Co taldeko kidea ere bada.

Nolatan hasi zinen harpa jotzen?
Txiki-txikitatik gustatu izan zaidan instrumentua da. Solfeoa ikasi nuen, baina hemen, musika eskolan ez zegoen harpa jotzen ikasteko aukerarik, hortaz, txistua aukeratu nuen, nahiz eta bien artean zerikusirik ez izan. Sei urtez egon nintzen txistua jotzen baina buruan bueltaka nuen ideia zen, noizbait harpa jotzen ikastea.

Eta zein momentutan eman zenuen pausoa?
Orain dela 3-4 urte, 27 urterekin, informazioa bilatzen hasi nintzen, harpa jotzen ikasiko nuen eskola baten bila, eta Donostian topatu nuen bat. Gehiago pentsatu gabe, izena eman nuen. Orain, hamabos-tean behin joaten naiz klasera Donostiara. Klasetara joateak, etxetik mugitzea eskatzen badit ere, gustura egiten dudan zerbait denez, ez zait batere kostatzen.

Ezagutzen al zenuen aurretik harpa jotzen zuen norbait?
Inor ere ez! Ni neu hasi nintzenean, orduan izan dut lehenengo aldiz harpa jotzen duten beste batzuekin harremana. Herri txikietan ez da oso ohikoa horrelako instrumentuak aukeratzen duen jendea bilatzea, ziurrenik, herrietako musika eskoletan ez delako aukera hori eskaintzen; kanpora ateratzea da bide bakarra.

Maitane_Chaves(2)Musikaren munduan ibilbide bat bazeneukan, baina harparen aurrean jarri zinen lehenengo aldian, zer?
Edozer gauza jotzen duzula, hain soinu borobila duenez, lehenengo unetik oso polita izan zen. Hala ere, benetan jotzen ikasteko instrumentu zailenetarikoa da. Dena bezala, denbora eta interes kontua da. Baina oso sentipen ona izan nuen lehenengo unetik.

Jendeak zer esaten zizun?
Ideia arraroa iruditzen zitzaien; dena den, beti izan dut ondo-koen babesa. Nire betiko ametsa zen eta, egia da, ingurukoei arreta ematen bazien ere, beti animatu izan naute. Gaur-gaurkoz, harpa jotzen entzuten didatenean, aho zabalik gelditzen dira. Ikaragarri gustatzen zaie.

Jendearengan sortzen duen liluraren jakitun zara?
Bai, bai! Jotzen nagoenean, segituan konturatzen naiz jendeari asko gustatzen zaiola. Gainera, mota askotariko abestiak jotzen ditut: zeltak, minimalistak eta klasikoak dira gehienbat jotzen ditudanak. Ederra da, jendeari harpa entzuteak sortzen diena sentitzea.

Eta zuk zer sentitzen duzu harpa jotzen duzunean?
Niretzako yoga egitea baino hobea da. Klasera iristen naize-nean, eta harparen soinua entzuten dudanean, zoragarria da. Estresa gutxitzeko modu bat da niretzat.
Dena den, hori baino harago doa sentitzen dudana. Jotzen dudanean ondo aukeratu dudala konturatzen bainaiz, eta hori oso handia da! Benetan nahi nuena deskubritu dut eta sarri, asko kostatuta edota sekula ez dugu lortzen bizitzan benetan nahi duguna edota betetzen gaituena. Gainontzekoei ere esango nieke, dudak izan arren, arreta ematen dien hura probatzeko. Seguru asmatuko dutela!

Talderen batean ere aritzen zara oker ez banago.
Harp & Co taldean jotzen dut beste zazpi harpa-jotzailerekin. Urtean zehar hainbat emanaldi egiten ditugu, Donostian batez ere. Gabonetan, Donostiako Alde Zaharrean dagoen San Bizente elizan jo ohi dugu.
Olatu Talka ekimenean ere jo dugu behin baino gehiagotan. Orain dela bi urte, emanaldi oso ikusgarria prestatu genuen ekimen horren barruan, Ondarreta eta Kontxa artean dagoen errepideko zubian izan baitzen kontzertua. Zubiak duen akustika berezia da oso. Aurten, berriz, portuan jo dugu.

Azaroaren 22a Santa Zezilia eguna da. Modu berezian ospatuko al duzu?
Musikarien eguna izanda, kontzertua eman ohi dugu. Lasarteko Santa Teresa komentuan izango da azaroaren 27an eta musika eskolako beste kideekin prestatzen ari garen emanaldia da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>